NAIZ

Elkanoren lehen mundubirari buruzko liburu bat argitara eman dute

‘Mitoaz eta epopeiaz harago. Euskal Herria eta Magallanes-Elkano espedizioa lehen globalizazioaren testuinguruan’ izenburupeko argitalpenean, EHUko lau historialarik zuzendutako eta Elkano Fundazioak koordinatutako 12 adituren artikulu bana biltzen da. 

 Magallanes-Elkano espedizioari buruzko liburuaren aurkezpena.
Magallanes-Elkano espedizioari buruzko liburuaren aurkezpena. (GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA)

‘Mitoaz eta epopeiaz harago. Euskal Herria eta Magallanes-Elkano espedizioa lehen globalizazioaren testuinguruan’ liburua aurkeztu dute ostiral honetan. Liburuak nazioarteko 12 adituren artikulu ezezagun bana biltzen du. Artikulu horiek ikuspegi eta ezagutza berriak ematen dizkiote lehen mundubiraren 500. urteurrenaren efemerideari.

Aurkezpen ekitaldian parte hartu dute Gipuzkoako Kulturako diputatu Harkaitz Millanek, Elkano Fundazioko kide Rafa Zulaikak, eta liburuaren bi zuzendarik: Oscar Alvarez Gila, Historian doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Alvaro Aragon Ruano, Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultateko Erdi Aroko Historiako, Historia Modernoko eta Amerikako Historiako irakaslea.

Elkano Fundazioak proposatuta, Euskal Itsas Museoarekin eta Albaolarekin batera, Gipuzkoako Aldundiko Kultura Departamentuak nazioarteko kongresu bat antolatzeko ideia onartu zuen, ‘Mitoaz eta epopeiaz harago’ izenburupean, Magallanes-Elkano espedizioaren eta garai hartako (XVI. mende hasiera) Euskal Herriaren testuinguruari buruzko ezagutza berriak herritarren eskura jartzeko helburuarekin.

Orain liburua eman dute argitara, irizpide zientifikoekin egituratuta eta tokiko, espainiar Estatuko zein beste herrialdeetako ekarpenei dagokienez orekatuta.

Lna honek, besteak beste, Louis Sicking, Ernesto Garcia Fernandez, Amelia Polonia, Jose Manuel Azcona, Adelaida Sagarra eta Xabier Alberdi bezalako hamabi adituren 12 artikuluak biltzen ditu.

Oscar Alvarezek bere hitzaldian adierazi duenez, «liburu hau orain dela 100 urte egin izan balitz, laugarren mendeurrena ospatzen zenean, oso bestelakoa izango litzateke. Historia ez da iraganeko gertaeren kontakizun errepikakor hutsa, iraganaren ezagutza kritikoan aurrera eta sakontzen duen zientzia baizik, orainaldia ulertzeko bitarteko gisa. Horrela, duela ehun urte keinuez, heroiez hitz egiten bazen, eta estatuak eraiki baziren esploratzaile batzuen balentriak gogoratuz, gaur egun oso desberdina da gertaera horien irakurketa».

Liburuak, beraz, pasarte horren inguruko jakintza bildu du ikuspegi zientifikoari garrantzia emanez.