NAIZ

36ko gerran eta frankismoan trenbidean bortxazko lanak egin zituzten presoak omendu ditu Lakuak

1936ko gerran zein frankismoan trenbideetan bortxazko lanak egin zituzten biktimak aitortu ditu Lakuak. Ekitaldiak lehendakaria izan du buru, eta Felix Bolaños espainiar ministroa ere bertan izan da. Memoria historikoa aldarrikatu dute «kultura demokratikoa eta bizikidetza indartzeko oinarri gisa». 

Trenbide zati bat eman diete bortxazko lanak egin zituzten presoen senideei.
Trenbide zati bat eman diete bortxazko lanak egin zituzten presoen senideei. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Lakuako Gobernuak omenaldia egin die larunbat goizean, Bermeon, 36ko gerran eta frankismoan esklabo gisa erabili zituzten bortxazko lanen biktimei. Hala, isilean gordetako historia hurbileko orrialde batean jarri dute arreta: 1937az geroztik eta diktaduraren zati handi batean milaka gerrako preso eta, ondoren, preso arruntak erabili zituzten herriak eta azpiegiturak berreraikitzeko: errepideak, urtegiak eta trenbideak.

Horien artean daude destakamentu penalak, lehenik Gernikakoak eta gero Bermeokoak. Foru-hirian hondakinak kentzen eta berriz eraikitzen parte hartu zuten, baita geltokia eta trenbidearen zati bat berreraikitzen eta trenbide-linea Sukarrietatik itsas hiriraino zabaltzen ere.

Erakusketa Bermeon

Historiako pasarte hori jasota gera dadin, Euskal Herriko Profesionalen eta Ikasleen Kriminologia Elkarteak (APECPV-EHPIKE) eta Lakuako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak argazki-erakusketa bat antolatu dute Bermeoko Arrantzaleen Kofradia zaharrean, baita hitzaldi ziklo bat ere.

Erakusketa apirilaren 3ra arte egongo da zabalik. Gernika, Itsasbegi (Sukarrieta), Mundaka eta Bermeoko tren-geltokietan ere erakusketa-materialaren zati bat hartuko duten panelak jarriko dira, iraganaren zati hori kalera ateratzeko. Material hori guztia argitalpen batean jasotzen da. Argitalpen horretan zenbait erakundek hartu dute parte.

Erakusketa ofizialki ireki aurretik, preso horien senideei zuzendutako aitormen-ekitaldia egin da Bermeoko Kasinoan. Bertan parte hartu dute, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakariak, Beatriz Artolazabal Gizarte Politiketako sailburuak eta Felix Bolaños Gobernu espainiarreko Lehendakaritzako eta Memoria Demokratikoko ministroak.

Trenbide zati bat presoen senideentzat

Omenaldian oroitzapenezko trenbide zati bat eman zaie presoen senideei, eta Bermeoko alkate Aritz Abaroak eta APECPV-EHPIKEko lehendakariorde Diego Leonetek ere hartu dute hitza. Presentzia instituzionalaren garrantzia azpimarratu dute, «ondorengoei esateko beren senideei egin zietena bidegabea izan zela, inork ez zituela merezi jasan zituzten tratu gizagabe eta laidogarriak. Eta, halaber, gizarte zibilak jakin dezan zer gertatu zen eta zergatik».

Ekitaldian dozena bat zigorturen senitartekoek parte hartu dute, orain arte identifikatutako laurogei baino gehiagotatik. Oroitzapenezko plaka bat izango da Bermeoko eta Gernikako tren-geltokietan, haien guztien omenez.

Baldintza negargarrietan egin zuten lan

36ko gerraren ondoren, Busturialdeko eskualdean, Bizkaian, Espainiako Errepublikaren alde borrokatu ziren edo, besterik gabe, hari atxikiak ziren gizon asko, preso arruntez gain, gerrak eragindako ondorioak berreraikitzen lan egitera behartu zituen diktadurak.

Bonbardaketaren ondoren Gernika eta bere trenbidea berreraikitzea eta Sukarrieta eta Bermeo arteko linea zabaltzea izan ziren haien lanaren parte. Baldintza negargarrietan lan egin zuten han, eta, gainera, erbesteratze eta deserrotzezigorrak jasan zituzten, preso gehienak Extremaduratik edo Andaluziatik ekartzen baitzituzten, besteak beste.

1944. urteaz geroztik, ehundik gora ‘libertok’ ere lan egin zuten obretan; hala deitzen zieten indultua jaso zuten edo zigorra beteta zuten presoei. Preso horietako asko, diktadurak beren jaioterrietatik erbesteratuak, eskualdean bizitzen geratu ziren.

Herritarrei zerbitzua ematen segitzen du

Trenbidea 1955ean inauguratu eta bete-betean funtzionatzen ari zen arren, gizonek lan osagarriak egiten jarraitu behar izan zuten, behin betiko amaituta utzi arte. Obrak bukatu ondoren, Bermeoko destakamentu penala 1958an desegin zuten eta bertan zeuden 30 presoak Madril eta Murtziako beste zentro batzuetara eraman zituzten.

Arriola sailburuak azaldu du gaur egun trenbide-linea horrek eskualdeko biztanleei zerbitzua ematen jarraitzen duela. «Gizon haien lanak bizirik dirau, nahiz eta erabiltzaile askok ez dakiten etxera, lanera edo aisiaz gozatzera eramaten dituzten trenbideko errailen historia zein den, zer inguruabarretan eraiki ziren eta nor izan ziren protagonistak. Gaur kontakizun hori ezagutzera eman nahi izan dugu, eta zor historikoa kitatu haiekin eta haien familiekin».