NAIZ
Iruñea

Alta jaso du Mikel Otegik baina isolamenduan egon beharko du tuberkulosiagatik

Mikel Otegi Unanue Itsasondoko presoa Iruñeko espetxera eraman dute berriro, biriketako tuberkulosi baten ondorioz ospitalean egon ostean. Orain 21 egun eman beharko ditu isolamenduan, eta gaixotasunari aurre egiteko tratamendua sei hilabetez luzatuko da.

Larriki gaixo dauden presoak askatzearen aldeko banderola bat, Iruñean eginiko protesta batean.
Larriki gaixo dauden presoak askatzearen aldeko banderola bat, Iruñean eginiko protesta batean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Etxeratek ohar bidez jakinarazi duenez, Iruñeko espetxean dago berriro Mikel Otegi.  Joan den otsailaren 15ean jakin zen Itsasondoko 49 urteko presoa astebete lehenago ospitaleratu zutela urgentziaz, biriketako tuberkulosia diagnostikatu eta gero.

Ospitaleratu zutenean, covid-19an positibo eman zuen, eta, beraz, hura tratatzeko gunera eraman behar izan zuten.

21 egunez isolatuta

Nafarroako Ospitalean alta jasota, 21 egunez isolamenduan egon beharko du espetxean eta, horrez gain, sei hilabetez egon beharko du tratamenduan.

Etxeratek azpimarratu du orain «beste aukera on bat» dagoela Otegi aske gera dadin «gainerako euskal preso politikoak bezala». Ildo horretan, elkarteak gogoratu du oraindik gaixotasun larri eta sendaezinak dauden beste 18 preso daudela.

«Osasunerako eskubidea bermatu behar da, eta, gaixotasun larriak dituzten presoen eta 70 urtetik gorakoen kasuan, haien kondenak eten behar dira», adierazi du Etxeratek.