NAIZ

Ekainaren 8, 9 eta 10ean egingo dira EHUra sartu ahal izateko azterketak

Batxilergoko bigarren mailako eta Lanbide Heziketako goi-mailako azken ikasturteko ikasleentzako deialdia martxoaren 31ra arte dago zabalik. Ekainean egingo da ohiko deialdia eta uztailan ezohikoa. 25 eta 45 urtetik gorakoek maiatzean egingo dituzte azterketak.

Aurtengo azterketek 2020an zehaztutako irizpideak izango dituzte. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Aurtengo azterketek 2020an zehaztutako irizpideak izango dituzte. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Ekainaren 8, 9 eta 10ean (ohiko deialdia) eta uztailaren 6, 7 eta 8an (ezohiko deialdia) 2022ri dagozkion Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren (USE) azterketak egingo dira Euskal Herriko Unibertsitatean. Proba horiek egiteko, Batxilergoko 2. maila edo Lanbide Heziketako goi-mailako zikloetako azken maila egiten ari diren ikasleentzako matrikula epea irekita egongo da martxoaren 31ra arte. Geroago, maiatzaren 18tik 27ra arte, behin-behineko matrikula ordaindu beharko da behin betikoa izan dadin. Epe horretan bertan USErako izena eman beharko dute gainontzeko taldeek. 

USEren edizio honetan, 2020an ezarritako azterketen egitura mantenduko da. Funtsean, egitura hori datza azterketa bakoitzaren hautazkotasuna handitzean, aukera emanez nahasteko, modu ordenatuan eta galdera bakoitzaren puntuazioaren arabera, azterketa bakoitzaren A eta B aukeretako galderak.  

Aurten, USEz gain, proba espezifikoa egin behar izango dute Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduan sartu nahi duten ikasleek. Azterketa fisiko horiek egiteko izena ematea apirilaren 4tik 11ra egingo da, eta probak maiatzaren 25, 26 eta 27an izango dira. 

Graduetarako izen ematea ekainaren 16tik 29ra egingo da.

Era berean, eta ohikoa denez, USE baino lehen, 25 eta 45 urtetik gorakoen probak egingo dira. Hain zuzen, maiatzaren 6an izango dira azterketak, aldi berean hiru campusetan. Horiek egiteko 144 pertsonak (106k, 25 urtetik gorakoetan, eta 38k, 45 urtetik gorakoetan) izena eman dute. Bestalde, lan arloko esperientzia egiaztatua duten 40 urtetik gorakoentzako sarrera eskatu dute 38 pertsonek.

Orientatzio azokak

EHUra sartzeko bideak eta onarpen prozesua eta baita unibertsitateak datorren 2021-2022 ikasturtean eskainiko dituen graduak xehetasunez ezagutzeko, interesa dutenek Orientaziorako EHU azokara bertaratu ahal izango dira.

Martxoaren 5ean egingo da Gipuzkoako Campusean, martxoaren 12an Arabako Campusean, eta martxoaren 19an Bizkaiko Campusean. Hiru jardunaldietan, taldeko informazio saioen bidez, eta fakultate eta eskoletako irakasleek eskainiko duten banan banako arretaren bitartez, unibertsitate aurreko ikasleek unibertsitatea eta graduko ikasketen eskaintza hobeto ezagutu ahal izango dute, dituzten zalantza guztiak argituz. 

Oraingo honetan, azokara joateko izena eman beharko da aldez aurretik. Azoka bakoitzerako izena emateko epea bakoitzaren aurreko astelehenetik ostiralera bitartean egongo da zabalik. Beraz, gaur ireki da Donostiako azokara joateko izena emateko epea, eta zabalik egongo da martxoaren 4ra arte. Gasteizko azokarako izena ematea martxoaren 7tik 11ra izango da, eta Bilbokora joateko martxoaren 14tik 18ra.