NAIZ

Laida Lertxundi artistak egindako pieza izango da Monzon-Ganuza sariko garaikurra

Bere ibilbide artistikoa Estatu Batuetan garatu ostean, Euskal Herrira itzuli zen Laida Lertxundi. Bere lanek zinemarekin eta gorputzen mugimenduarekin dute harremana, eta oso bisualak dira. Monzon-Ganuza sarirako aukeratu duen piezak ‘Landscape plus’ du izena.

Laida Lertxundiren lana aurkeztu dute.
Laida Lertxundiren lana aurkeztu dute. (Jon URBE | FOKU)

Otsailaren hasieran iragarri bezala, Jose Luiz Elkorok eta Mari Karmen Ayastuyk jasoko dute Bergarako aurtengo Monzon-Ganuza saria. Eskuratuko duten garaikurra Laida Lertxundik egina izango da, gaur astelehenean ezagutzera eman dutenez.

Olaso Dorrea Fundazioaren lehendakaria den Iratxe Esnaolak azaldu bezala, «saria euskal artista berriak sustatzeko ere erabiltzen da. Urtero artista berri bati eskainiko zaio saria diseinatzeko aukera edo aurretik egina duen bat emateko aukera». Hala, oraingoan Lertxundiri egokitu zaio lan hori.

Artista eta irakaslea, praktika artistikoa New Yorken eta Los Angelesen garatu ostean, Euskal Herrira itzuli da bizitzera. Zorroztasun kontzeptuala plazer sentsualarekin konbinatuz, bere lanak zinema estrukturalaren ideiak eta gorputzetik lan egiteko ikuspegi feminista erradikala batzen dituzte.

Bergarako Udalak eta Olaso Dorrea Fundazioak artista proposamena egiteko hiru aditu artistiko izendatu zituzten: Karlos Galarraga (Bergarako Beart arte elkarteko kidea), Jesus Mari Lazkano (margolaria) eta Mikel Lertxundi (arte historialaria eta komisarioa).

Jesus Mari Lazkanoren esanetan, «artea aspaldi urrundu da teknika eta genero tradizionalen muga estankoetatik. Eta forma ezagun horiek adierazpen-tresna baliagarriak izaten jarraitzen duten arren, gaur egun ikuspegi berriak gehitzen dira, lan artistikoari beste modu batera heltzen diotenak. Ideia eta jarrera desberdinak, hala nola mestizoa, diziplinartekoa, transmedia, collagea, zatikatua, testuingurutik ateratzea, prozesua, disruptiboa, sarean lan egitea eta, batez ere, mugimenduan dagoen irudia, ikus-entzunezkoa eta zinematografkoa, artearen errepertorioaren parte dira».

Adituen arabera, Lertxundiren ‘Landscape plus’, sariaren pieza, «etengabe mugitzen den obra» da, oso bisuala. Artistaren beraren hitzetan, «paisaia gorputzarekin harremanetan jartzeko modu bat da». «Zineman egiten dut lan eta grabatuan, zinemari lotuta. Grabatu bat denez, egokia iruditu zitzaidan ematea. Eta gainera ditudanen artean gehien gustatzen zaidana da», aipatu du.