NAIZ

Artiacheko langileak Bilbon mobilizatu dira, grebaren 100. egunean

Grebaren 100. egunean, Galletas Artiach enpresako langileek protesta egin dute astearte honetan Lakuako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzaren aurrean. Gainera, Deustuko Erriberako fabrika zaharrean izan dira, eta herritarrek harrera hunkigarria egin diete.

Artiacheko langileen mobilizazioa Bilbon.
Artiacheko langileen mobilizazioa Bilbon. (@SortuBilbo)

Goizeko 9.00etan Galletas Artiach-eko grebalari talde bat Deustuko Erriberako fabrika zaharrerantz abiatu da bizikletan Orozkoko lantegitik. 100 eguneko grebaren ondoren, duela 100 urte Deustuko Erriberako gailetagileek borroka eta grebaren bidez 8 orduko lanaldia lortu zuten lantegira hurbildu nahi izan dute.

Bertan, Deustuko Erriberako bizilagunek harrera hunkigarria egin diete, lan-eskubideen alde borrokatzen jarraitzera animatuz.

Ondoren, manifestazioa egin dute Lakuako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzara heldu arte. Bertan, greba-batzordeak agiri bat irakurri du, eta eskerrak eman dizkie langile ohiei hainbeste esfortzu eta sufrimenduz lortu zituzten lan-baldintzengatik. Halaber, «eskubide horietako bat bera ere lapurtzen ez uzteko eta eskubide horiek hobetzeko aurrerapausoak emateko konpromisoa» berretsi du.

Lakuako Gobernua eta alderdi politikoak ere interpelatu dituzte. Galletas Artiach enpresaren eta langileen ordezkarien arteko elkarrizketa-bideei eusteko laguntza eskatu dute, «horixe baita langileen helburu nagusia: hitzarmen justu bat lortzea, negoziazioaren bidez lan- eta bizi-baldintzak hobetuko dituena».

Era berean, beharrezko mekanismoak artikulatzea eskatu dute «enpresaren zuzendaritzaren asmoek ez dezaten handitu industria sektorean ematen ari den soldata-arrakala».

Bestalde, Adams Foods konpainiari (Artiacheko jabea) lantegia modernizatzeko beharrezkoak diren inbertsioak egiteko eskatu diote, «Orozkoko Galletas Artiach-en ekoizpenaren etorkizuna berma dezan».

«Hitzarmenaren negoziazio-mahaiaren hainbat bileraren ondoren, Artiacheko zuzendaritzak soldatak izoztu, plusak eta antzinatasuna murriztu, soldata-eskala desberdinak sortu eta lanaldia eta malgutasuna handitu nahi ditu. Eta hori guztia, nahiz eta azken 3 urteetan 20 milioi eurotik gorako etekinak lortu dituen», azaldu du ELA sindikatuak.