Alaia Sierra

Langile guztientzako etxebizitza eskuragarri eta duina defendatu du LAB sindikatuak

Etxebizitza eskuragarri eta duina bermatzeko aldarrikapena egin du LAB sindikatuak, ‘Abiatu’ ekintza sozialeko komunitatearen lehen kanpaina aurkeztuz, Lakuako Gobernuak Bilbon duen egoitzaren aurrean. Izan ere, lan arlotik haratago doazen aldarrikapenak egitea beharrezkotzat jotzen du sindikatuak.

Bilbon Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean LABek egindako ekimena.
Bilbon Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean LABek egindako ekimena. (LAB Sindikatua)

‘Abiatu’ ekintza sozialeko komunitatearen baitan sortutako lehen kanpaina etxebizitza duin bat izateko eskubidearen aldekoa da, langileen bizitzetan eragin zuzena duelakoan. LABeko kideek Bilboko Lakuako Gobernuaren egoitzaren aurrean egindako ekimen batean aurkeztu dute kanpaina astearte honetan.

Sindikatuaren ustez, «langileon bizitzen prekarizazioa ez da enpleguan ematen ari den fenomeno isolatua» eta bizitzako beste arloetan eragina dauka. Hori dela eta, Endika Perezek, LAB sindikatuko kideak, adierazi duenez, ekintza sozialeko komunitate hau sortu zuten, «etxebizitza duinik gabe, nekez eskuratu ahal izango ditugulako beste eskubide sozial batzuk».

Kanpaina ekintza sozialetan ardaztuko den arren, Perezen hitzetan «ekintza zuzenagoak egingo ditugu hainbat eskualdetan eta gerora arduradun politikoak interpelatzeko ekintzak aurreikusten ditugu». Izan ere, sindikatuaren ustetan, «Eusko Jaurlaritzak etxebizitza eskubide subjektibo gisa onartzen du, baina ez du egiturazko neurririk hartzen».

Bost aldarrikapen

Langileei etxebizitza duinerako sarbidea bermatu behar zaiela defendatuz, bost aldarrikapen egin dituzte sindikatutik. Lehenik eta behin, etxebizitza eskubide subjektibo erreala; bigarrenik, espekulazioari «ateak ixtea» eta alokairu sozial arautua lehenestea; alokairu edo hipotekarako diru sarreren %30a bideratzea, gehienez; laugarrenik, jabego handiak desjabetzea eta parke publikoa handitzea; eta, azkenik, etxegabetzeak gelditzea.

Datuak

Etxebizitzaren egoera salatzeko, sindikatuak berak azaroan kaleratutako ‘Ikusmiran’ txosteneko datuetan oinarritu dira. Honen arabera, 2011 eta 2021 bitartean etxebizitzaren eskaera bikoiztu den bitartean, eskaintza jaitsi egin da eta eskatzen den horren %1,62 ez da betetzen.

Gainera, 2019ko bataz besteko soldatarekin 19 urte behar dira Babes Ofizialeko etxe bat ordaintzeko, eta 42 etxebizitza baten jabetza eskuratzeko. Alokairuari dagokionez, EAEn 80m2-ko etxebizitzaren alokairua 986 eurokoa izan da batez beste 2021ean: «Soldataren ia erdia bideratu behar dugu hau ordaintzea, bestelako gastuak kontuan hartu gabe».

Desjabetzei dagokienez, Hego Euskal Herrian 2020 urtean 889 desjabetze egon zirela azpimarratu dute, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren datuetan oinarrituta.