Errusiako eta Bielorrusiako kirolariek bandera neutrala ordezkatuz parte hartuko dute ostiral honetan Pekinen inauguratuko diren neguko Paralinpiar Jokoetan. Pasa den astetik, gobernu errusiarra Ukrainan egoten ari den eraso militarra gaitzetsi asmoz hartu da erabakia.
Nazioarteko Batzorde Paralinpikoak (NBP), Txinako hiriburuan bilduta, asteazken honetan erabaki du errusiar eta bielorrusiarrek bandera neutralarekin lehiatzea eta emaitzak dominen sailkapen ofizialean ez sartzea.
Horrela, Nazioarteko Batzorde Olinpikoak emandako jarraibideak jarraitzen ditu paralinpiar organu gorenak. Honek, aste honen hasieran, nazioarteko federazio guztiei eskatu zien Errusian eta Bielorrusian zituzten lehiaketak bertan behera uzteko, eta, ondoren, gomendatu zien kirolari errusiar eta bielorrusiarrak nazioarteko txapelketetatik kanpo uzteko. Azken gomendio hau jarraitzea ezinezkoa izango balitz, bi herrialde hauetako ordezkariek beren ikur nazionalik gabe –ereserki, bandera, jantzi...– lehiatu behar zutela adierazi zuen.
Ostiral honetan abiatuko dira Pekinen Neguko Paralinpiar Jokoak. Jada kirolari gehienak Txinako hiriburuan daude eta hau izan da arrazoi nagusia, errusiar eta bielorrusiarrak ez kanporatzeko. Etxera ez bidaltzeko erabakia hartu du Nazioarteko Batzorde Paralinpikoak baina beraien parte-hartzea murriztu nahi izan du bandera neutralarekin lehiatzera behartuz.
Gogoratu behar da Moskuko Olinpiar Jokoetan doping probak faltsutzea egotzita, Kirol Arbitrajeko Auzitegiak bi urtez debekatu zuen Errusiako izena, bandera eta ereserki nazionala hitzordu olinpikoan erabiltzea. Tokion kirolari errusiarrek Errusiako Olinpiar Batzorde moduan lehiatu zuten, baita Pekingo Neguko Olinpiar Jokoetan ere. Paralinpiar Jokoetan halaxe lehiatzea aurreikusita zegoen, Errusiako Gobernuak Ukraina militarki erasotu aurretik.