Nagore Belastegi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Sylvia Plathen obrarik adierazgarriena euskaratu du Garazi Arrula Ruizek

Feminismoaren obra erreferenteen artean kokatu daiteke ‘Beirazko kanpaia’ (Txalaparta), Sylvia Plathen eleberri autobiografikoa. Argitaratu eta egun gutxira hil zen, gazte, atzean poema, ikerketa eta gutun pila bat utziz. Orain euskaraz irakur daiteke.

Garazi Arrulak euskaratu du ‘Beirazko kanpaia’.
Garazi Arrulak euskaratu du ‘Beirazko kanpaia’. (Jon URBE | FOKU)

Victoria Lucas ezizenarekin sinatu zuen ‘The Bell Jar’ Sylvia Plathek. Bere eleberri bakarra izan zen, gerora literatura feministaren obra adierazgarri bilakatu dena. Txalapartak euskarara ekarri du orain, Garazi Arrula Ruizen lanari esker, ‘Beirazko kanpaia’ izenarekin.

Plathek 8 urterekin idatzi zuen lehen poema eta, diotenez, orduztik ez zion idazteari sekula utzi. 17 urterekin lortu zuen bere ipuin bat lehen aldiz aldizkari batean argitaratzea, aurretik 50 ezezko jaso ostean. Cambridgeko Unibertsitateko irakaslea izanik, ikerketa literarioak ere egin zituen. Bizirik zela argitaratu zuen azken lana dugu ‘Beirazko kanpaia’, hortik gutxira bere buruaz beste egin baitzuen 30 urterekin, 1963an.

Buruko gaitz bat zuela diotela aipatu dute aurkezpenean, horrek idatzitakoarekin harremana duelako. Izan ere, bere testuetan nolabaiteko tristura nabari daiteke. Honakoa idatzi zion bere amari gutun batean, eleberria idazten ari zela: «Nire bizitzako gertaerak harilkatu ditut, fikzio bihurtuz, kolorea emateko; bizibidea ateratzeko idatzi dut, baina egiaz uste dut adierazten duela zer bakarrik senti daitekeen pertsona bat lurra jotzen duenean… saiatu naiz nire mundua eta jendea irudikatzen beirazko kanpai baten lente desitxuratuan zehar begiratuta bezala». 

Arrulak azaldu bezala, ‘Beirazko kanpaia’-ren protagonista Esthe Greenwood gaztea da, New Yorken moda eta literatura aldizkari batean lana egiten duena. Liburuaren lehen erdian egonaldi horren nondik norakoak kontatzen dira, «emakume gazte talde baten joan etorriak, giro apartsu bat dago, dena da dir-dirra». Kontakizunean genero rolak eta arau sozialak aztertzen dira, «ironia fina erabiliz eta itxuraz xaloa den kontaera» baten bidez.

Liburuaren bigarren erdia ilunagoa da. «Protagonistak oso aterabide zaileko gainbehera emozionalari aurre egin behar dio. Ospitale psikiatriko batetik bestera eramaten du», aipatu du itzultzaileak. «Gainbehera itxuraz pertsonal bat kontatuko zaigu, baina benetan garaiko gizartearen genero rolek zeharkatua guztiz eta horren lekukotasuna jasotzen du».

Bigarren olatu feminista

Liburua bigarren olatu feministaren garaian kokatzen dute adituek (XIX. mende erdialdetik XX. mende erdialdera). Garai hartan sufragismoaren printzipioak ezarri ziren eta emakumeen egoera esklabutzarekin konparatzen zen. Emakumezkoak-familia eta gizonezkoak-estatua dikotomia irauli nahi izan zuten feministek. Emakumearen gorputza eta sexualitatea aldarrikatzen ziren. Eta hortik edan zuen Sylvia Plathek.

Izan ere, Arrulak azaldu duenez, liburuan aipatzen dira amatasuna, heriotza, eritasuna eta gorputza bezalako gai pertsonalak, gai kolektibo eta konplexuak jorratzeko: sexua, eromena, suizidioa, abortoa... Egun, eleberri hau mugarritzat hartzen da feminismoan.

Esan bezala, 1963an argitaratu zen lehen aldiz Londresen, ezizenarekin. 1967an Sylvia Plath izenarekin berriro, eta Estatu Batuetan lehenengoz 1971n, haren amak eta senarrak sustatuta. Berak argitaratuta bi liburu besterik ikusi ez bazituen ere, gerora memoria, gutuneria, dibulgazio artikuluak, poemarioak eta egunerokoak argitaratu dira bere izenean. Izan ere, 1981ean ‘The collected poems’ atera zuten, hurrengo urtean Pulitzer Saria irabazi zuena.

Plathi buruzko azken biografia Heather Clarkek idatzitako 1.000 orrialdeko liburu mardula da, ‘Red Comet’ (2020), non egileak Plath aldarrikatzen duen XX. mendeko autore estatubatuar garrantzitsuenetako bat bezala.