Maite Ubiria

Alokairu turistikoen eragina konpentsatzeko araua bozkatuko du Euskal Elkargoak

Eztabaida piztu duen egitasmoa aztertuko du Euskal Elkargoak larunbat honetan. Hautetsiek landu duten konpentsazio egitasmoak 11.000 etxebizitzengan ondorioak izango lituzke. Alokairu turistikoen kudeatzaile artean ezinegona sortu du urte osorako alokairuen eskaintza emendatzea xede duen egitasmoak.

Alda mugimenduko kide bi Baionan okupatutako apartamendu turistiko batean, 2021ko ekainean.
Alda mugimenduko kide bi Baionan okupatutako apartamendu turistiko batean, 2021ko ekainean. (Bob EDME)

Iragan azaroaren 20an Baionan 8.000 lagun inguru bildu zituen manifestazioak argiki erakutsi zuen etxebizitzaren krisiak goia jo duela Ipar Euskal Herrian.

Azkeneko urtetako bilakaera azkartu du pandemiaren eraginez. Bigarren etxebizitzak soilik ez Airbnb bezalako plataforma digitalen bidez eskaintzen diren epe laburreko alokairu egoitzak azkarki emendatu dira, urte osoko alokairua behar duten herritarren kaltetan. 

Gauzak horrela, larunbat honetan Baionako Lauga gelan iraganen den Euskal Ekargoaren herriarteko kontseiluaren bezperan zabaldutako bideoaren bidez Euskal Herria Baik krisiaren tamaina hartzeko hainbat datu eman ditu.

2017an plataforma digitalen bidez zabaldutako alokairuen eskaintza mugatu nahian araua onartu zuen Ipar Euskal Herriko erakundeak.

Alta, Filipe Aramendi Urruñako auzapezak bideo horretan azaldu duenez 2016 eta 2020 urteren artean %130 hasi da egonaldi laburretara zuzendutako alokairu mota hori.

AirBnB eta Abrite plataformak begiratuta, 16.440 iragarki agertzen dira. Auzapez urruñarraren esanetan gainerako plataformak gehituta ia-ia 20.000 izango lirateke.

Aramendik zehaztu duenez, alokairu turistiko horien %75a «Baiona, Angelu, Biarritz, Donibane Lohizune eta Hendaia artean kokatzen dira».

Etxebizitza bat turismorako, bigarren bat urteko alokairurako

Bideo berean Euskal Elkargoaren baitan Turismo Iraunkorrari loturiko ardura duen Daniel Oltzomendi Izurako auzapezak azaldu du konpentsazio neurriari buruzko nondik-norakoak: «Etxebizitza baten erabilpenaren aldaketa bada, alokairu turismorako zuzentzeko, beharko da konpensatu, hau da, beste egoitza bat proposatu beharko du jabeak».

Litekeena da egun garaje bezala edo lokal bat bideratu ahal izatea konpentsazio gisa. Alta, ezin izanen da komertzio baten lokala etxebizitza bezala birmoldatzea.

Udalerri berdinean kokatu beharko da skura jarriko den egoitza berri hori, asmoa baita urte osorako erabilpena izanen duten alokairuak berreskuratzea.

Neurria Euskal Elkargoan eztabaidatu aurretik ere hainbat eragilek, berdin plataformek zein etxebizitza turistikoen jabeak biltzen dituzten elkarteek konpentsazio sistemaren kontrako kanpaina antolatu dute, hala nola sinaduren bilketa baten bidez.

Tentsiopeko gunean, 24 udalerri

Harridura gehiago sortu du, ordea, Euskal Elkargoko exekutiboko kiden den Kotte Ezenarro auzapez sozialistak neurriaren aurrean hartu duen kontrako jarrerak.

Hendaia Biltzen udal talde ezkertiarrak kritika gogorra egin dio dispositivo berria martxan jartzeko «tentsiopeko eremuan kokatzen diren herrietako ordezkariek eginiko gogoeta eta aurre lanean» ez duelako parte hartu.

2017ko arauak 24 herrialde sartu zituen tentsiopeko eremuan. Hendaia Biltzenek azaldu duenez 2016 eta 2020 artean %117 hazi zen alokairu turistikoen eskaintza kostako herrian.

Bere aldetik, Ezenarrok kezka azaldu du dispositiboak hala nola erretreta osatzearren egoitza batean inbertutu duten herritarrei eginen dien kalteaz ohartaraziz.

Era berean hiriko jarduera komertziala kaltetuko lukeela neurriak uste du alkate hendaiarrak, bere erranetan turismo jarduera bera uxatuko lukeelako.

Bozketa atzeratzeko aukera mahaigainean izan da hainbat unetan, baina finean Jean-Rene Etchegarayk buru duen exekutiboak bozka egiteko asmo irmoa baduela dirudi.

Hori jakitera eman du ostiral gauean Joseba Erremundeguy mugaz-gaindiko harremanetako arduradunak twitterren bidez zabaldu duen mezu batean.

Hala, presioen gainetik interes orokorra hobesteko engaiamendua goraipatu du Baionako auzapezaren taldeko kide den zinegotzi baionarrak. 

Mezua berak agerian uzten du azken egunotan izan den giro nahasia. Adibide soila, AirBnB komunitatearen klub gisa aurkeztu den taldeak agiria plazaratu du Euskal Elkargoak konpentsazio neurria ez dezala hartu eskatzeko.

«Zer gertatuko da gure maileguekin? Zer urtez urte ordaindu dugun eta gure erretreta planerako den bigarren etxebizitzarekin? Non geratuko dira komertzioen eta aktibitate turistikoen irabazi ekonomikoak? Eta turismoari loturiko lanpostuak?», galdegin dute epe laburreko alokairuak kudeatzen dituzten pertsona horiek.

Gaizki ulertzeak alboratzearren Daniel Oltzomendik indarra egiten du konpentsazio egitasmoak aurreikusten dituen salbuespen gainean.

Esaterako, kurtso iraun bitartean ikasle bati apartamendua alokatzen dion pertsona batek ahal luke udako hiru hilabetetan etxebizitza turistei eskaini arazorik gabe.

Bigarren etxebizitzak jomugan, ez egoitza printzipialak

Era berean, Euskal Elkargoko lehendakariordezkoetako bat den Daniel Oltzomendik nabarmendu duenez neurria ez da aplikatuko egoitza printzipalean baizik eta bigarren etxebizitzan.

Hau da bere egoitza printzipalari lotura dagoen apartamendu txiki bat alokairuan eskaintzen duen jabeari ez dio eragingo neurriak.

Finean ondare anitz dituzten jabeen eta sozietateen jarduera mugatzea xede luke egitasmoak.

Egoera arautzea, finean, premia bilakatu da. Azken hilabetetan Alda mugimenduak eginiko ekintzek, berdin Baionan zein Biarritzen, agerian utzi dutenez udalek oso esku-hartze eskasa dutela alokairu horien gainean. Askotan plataformek beraiek erregistratzeko desmartxa ez dutelako betearazten.

Apartamendu turistikoen okupazio azkarren bidez behin-behineko emaitzak lortu ditu aipaturiko mugimenduak.

AirBnBk lehen urratsa eman zuen Biarritzen. Martxoaren 4an, Euskal Ellkargoko bileraren bezperan, berriz, plataformak udalen kudeatzea errezteko beste hainbeste egiten duela Lapurdiko beste zazpi herritan ere iragarri du agiri baten bidez.

Erregistro zenbakia lortzeko prozedura betetzen ez duten maizterrek ezin izanen dute egoitza alokatu AirBnBren bidez ondoko herritan: Ahetze, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Bokale, Urruña eta Hiriburu.

Eragile sozialen sostengua

Helburu nagusia da egonaldi laburrendako baliatzen diren etxe horien parte ahal bezain handia berriz ere urteko alokairura bideratzea», laburbildu du Aramendik.

«Higiezinen merkatuaren erregulazioa erabaki politikoetatik pasatuko da, kontrol publikoa mantentzeko neurriak behar dira hartu, baita AirBnB motako turismo alokairuen aurkako konpentsazioa lortzeko neurriak hartuz», nabarmendu du azaroaren 20ko mobilizazioa antolatu zuen etxebizitzaren aldeko plataformak Euskal Elkargoaren bileraren bezperan plazaratu duen agiri baten bidez.

Lyon, Bordele, Paris, Estrasburge.. hiri anitzek neurriak hartu dituzte dagoeneko alokairu turistikoen etengabeko hazkundea mugatzeko.

«Erabilpen aldaketa aintzat hartuko duen neurriak ez du dena konponduko, alokairu tuiristikoen gaineko konpensazio neurria pausu bat da, baina dispositibo anitz beharko dira ezarri arazo larriari aurre egiteko», laburbildu du Daniel Oltzomendik.