STC Corsica Linea eta La Meridionale itsas konpainiako langileek agiria plazaratu zuten, atzo, Yvan Colonnaren aurkako erasoa gertatu zenetik Corsica Ferries-en zerbitzua baliatuz frantses Barne Ministerioa irlara polizia anitz bidaltzen ari zela salatzeko.
Horrendako protesta egiteko asmoa agertu zuten marinelek.
Gaur goizean goiz blokeo operazioa eman dute abian Aiacciuko portuan. Langileek emandako informazoaren arabera Jendarmeriaren bost kamioi daude itsasontzian.
«Gure herriak sentitzen duen haserre handiaren aurrean indar errepresiboak bidaltzeko erabakia ez dugula onartzen eta polizia horiek ez dutela gure itsasontzietan bidaiatu behar adierazi diogu irizpide ekonomikoengatik baizik jarduten ez duen konpainiako zuzendaritzari», azaldu dute marinelek plazaraturiko agiri batean.
Osasun egoera zinez kezkagarria
Erasoa ezagutu eta berehala mobilizazioak egin zituzten Korsikan.
Asteazken iluntzean Bastian antolatu mobilizazioan zelarik, Colonnari gertatutakoaz «Estatuak ardura handia» zuela adierazi zuen Gilles Siomeoni Korsikako presidenteak.
Preso korsikarrek behin eta berriro eskatu dutela kontinentetik irlara lekualdatzea oroitarazi zuen agintariak eta «legea bete balitz hau ez zela gertatuko» gaineratu zuen.
Gaur Simeonik erasoa argitzeko ikerketa batzordea independentea eratzea eskatu du.
Colonnaren familiak ere Estatuak erantzun beharko duela azaldu zuen bere abokatuak plazaraturiko agiri baten bidez.
Gazteek bultzatuta, mobilizazio bateratua
Ostegunean, berriz, ikasleek unibertsitatea okupatu eta asanblea antolatu zuten Cortin. Diferentziak alde batera utzita, batasunetik gertakari larriari erantzuteko deia egin zuten gazteek.
Oso banatuta dagoen familia nazionalistaren ordezkari nagusiak asanbleara bertaratu ziren.
Finean, denon artean adostu zutenez, igandean, 14.30tan, Corte hirian, Yvan Colonnaren aurkako erasoa salatzeko manifestazioa eginen dute. "Statu Francese Assassin" izanen da martxa horren leloa.
Berak inoiz ez badu ere onartu atentatu horretan parte hartu izana, 1998an Claude Erignacen aurkako eraso hilgarria leporatuta bizi arteko kartzela zigorra jaso zuen Colonnak.
Arlesko presondegian pairaturiko erasoaren ikerketa bere gain hartu duen terrorismoaren aurkako Fiskaltzak «hilketa saiaketa» egotzi dio 36 urteko erasotzaileari. Preso horrek, berriz, «Colonnak eginiko keinu blasfemoari erantzunez» jardun zuela azaldu du Poliziaren itaunketan.