Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Prostituzio sistemaren lege abolizionista eskatu dute Iruñean

Euskal Herriko Feminista Abolizionisten Koordinakundeak prostituzio sistemaren lege abolizionista bat eskatu du, «emakumeen aurkako muturreko indarkeria horri amaiera emateko». Martxoaren 8aren baitan, emakumeen giza eskubideen «benetako defentsaren legedia» aldarrikatu dute.

Euskal Herriko Feminista Abolizionisten Koordinakundeak prostituzio sistemaren lege abolizionista bat eskatu du Iruñean.
Euskal Herriko Feminista Abolizionisten Koordinakundeak prostituzio sistemaren lege abolizionista bat eskatu du Iruñean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

‘Stop Estatu proxeneta’ zioen pankarta batekin, prostituzioarekin amaituko duen lege abolizionista bat eskatu du Euskal Herriko Feminista Abolizioniston Koordinakundeak Iruñean egindako agerraldian. Aurtengo Martxoaren 8aren atarian, «emakumeen giza eskubideen benetako defentsaren legedi» baten beharra nabarmendu dute.

Haien hitzetan, lege honek hiru ardatz izan beharko lituzke. Alde batetik, «prostituzio egoeran dauden emakumeen babesa, arreta eta erreparazio integrala bermatu, haien jatorria edo egoera alde batera utzita». Bestetik, «sexu esplotazioaren industria eta proxeneten jarduerak desegitea». Eta, azkenik, «prostituzio eskaria indargabetzea, indarkeria honen funtsezko elementua izateagatik».

Zentzu horretan, nafar Gobernuari 2018ko apirilean onartutako 14/2015 Foru Legea ezartzea eskatu diote eta Lakuako Gobernuari, aldiz, 17/2019 dekretu autonomikoa indargabetzea «prostituzioa aisialdiko gunetzat» hartzen delako. Horrela, edozein erakundek izan dezakeen eta «proxenetismoa babestu edo emakumeak zigortzen dituen» legedien derogazioa aldarrikatu dute. Erakunde hauek emakumeek jasaten duten sexu esplotazioaren «erantzule» egin dituzte.

Koordinakundetik gogora ekarri dute espainiar Estatua prosituzioaren eskaeran buru dela Europako Batasunean eta hirugarrena mundu mailan. «Alde batetik, putero eta proxenetak zigortu. Eta bestetik, emakumeen bizimodu duina berdintasunean bermatzen duen legedia eskatzen dugu», zehaztu dute.

Eskari hauekin aterako dira kalera hurrengo asteartean, Martxoaren 8an, Bilbo, Donostia, Durango, Gasteiz eta Iruñeko kaleetan.