Nagore Belastegi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Prostituten aldarria Irlandan, Sexu Delituei buruzko legearen kontra

2017an Irlandak 1993ko legea aldatu zuen, onuragarria izango zelakoan, baina sexu langileak babestu beharrean zaurgarriago utzi ditu: sekulako segurtasun falta sumatzen dute, elkarrekin ezin direlako bizi. Sexua erostea kriminalizatzean, ezkutatu egiten dira eta horrek arriskuan jartzen ditu.

Prostituzioa despenalizatzeko aldarrikapenen arrazoi nagusia sexu langileen segurtasuna izan ohi da.
Prostituzioa despenalizatzeko aldarrikapenen arrazoi nagusia sexu langileen segurtasuna izan ohi da. (GETTY IMAGES)

Azken urteetan, #MeToo mugimenduak mundu osoko milioika pertsona bultzatu ditu genero indarkeriako esperientziak partekatzera eta aldaketa bat eskatzera. Zentzu horretan, sexu langileak buru dituzten mugimendu aktibista handiek gora egin duten arren, pertsona horien giza eskubideen eta genero indarkeriako esperientzien inguruko auziak ez dira aintzat hartu. Emakume eta gizon langileen giza eskubideekiko kezka azaleratzen hasi da Irlandan azken urteetan. Testuinguru horretan, Amnesty International erakundeak txosten bat egin du, eta oso ikuspegi baliotsua eman dezake.

Txostena 2020ko abuztutik 2021eko urrira bitartean egindako elkarrizketekin osatu dute. Tarte horretan, «txostenean aipatutako irlandar agintaritzak ordezkatzen zituzten pertsona guztiek haren ondorio nagusiei erantzuteko aukera izan zuten argitaratu aurretik», adierazi du Amnesty Internationalek.

Erakundearen hitzetan, ez dago kalkulu erregional edo global fidagarririk, ezta sexu lanean aritzen diren pertsonen kopuruari buruzko daturik ere, batez ere sexu langileek jasaten duten estigmatizazioaren, bazterkeriaren eta, askotan, kriminalizazioaren ondorioz. Hala ere, eskuragarri dauden zenbatespenek adierazten dute emakume zisgeneroek osatzen dutela sexu lanean aritzen den biztanleriaren gehiengoa, baina, era berean, transgeneroak eta gizonak ere badaudela mundu osoan sexu lanean aritzen direnen artean.

Irlandako sexu langileek arrazoi handiak dituzte euren segurtasunaz kezkatzeko. Elkarrizketatutako sexu langile gehienek (30etik 23k) esan zutenez, sexu lana egiten ari zirela indarkeria mota desberdinak jasan dituzte une desberdinetan. Gehiengoak (21) esan zuen indarkeria gizonengandik datorrela.

Istanbulgo Hitzarmenaren arabera (Irlandak 2019an egin zuen bat), estatuek modu eraginkorrean babestu behar dute indarkeriatik salbu eta diskriminaziorik gabe bizitzeko pertsona guztien eskubidea, besteak beste, emakumea diskriminatzen duten lege eta praktika guztiak indargabetuz.

Irlandako sexu langileek jasaten duten indarkeria mailari buruzko datu zehatzak lortzea ezinezkoa bada ere, genero indarkeriaren tasari begiratuz argi geratzen da Irlandak ez duela betebehar hori betetzen, eta horrek langileen eta sexu langileen segurtasuna arriskuan jartzen duen ingurune bat sortzen du. Pertsona askoren kasuan, hori gehitzen zaio beste arrazoi batzuengatik (arraza, jatorri etnikoa, generoa, genero identitatea, ezgaitasuna, droga kontsumoa edo etxegabetasuna, besteak beste) jasaten duten diskriminazio intersekzional handiari.

2017. urtean Sexu Delituei buruzko 1993ko Legea moldatu zuen Irlandak, sexu langileentzat onurak ekarriko zituelakoan. Sexua erostea tipifikatu zuen eta, horrekin batera, nabarmen handitu zituen putetxeen kontrako zigorrak: orain, delituak 5.000 euroko isuna ekar dezake edo 12 hilabeteko espetxealdi zigorra. Xedapen horietan ez da bereizketarik egiten sexu langileak esplotazioaren edo abusuaren biktimak izan ala ez. Sexu lanean aritzen diren pertsonei ostatua alokatzen dietenen aurka jotzeko ere erabil daitezke xedapenak.

Elkarrizketatutako langile gehienek adierazi zuten seguruagoa dela prostituzioan aritzen den beste norbaitekin bizitzea, indarkeria kasuak murrizten direlako, baina 2017ko erreformak hori ere zigortzen du.

Zerbitzu judizialek Amnesty Internationali emandako informazioaren arabera, 2019ko urtarriletik 2021eko uztailera 43 auzipetze izan ziren, sexu lanarekin lotutako hainbat deliturengatik. Orokorrean, sexu langileen atxiloketen, auzipetzeen eta kondena epaien zifrak txikiak diren arren, xedapen horiei lotutako kriminalizazioaren beldur dira langileak.

Elkarrekin egon nahi dute

“B” 31 urteko sexu langile errumaniarra da eta Irlandako Gobernuari zer esango liokeen kontatu zuen elkarrizketan: «Mesedez, deuseztatu lege hau eta elkarrekin lan egiten utzi, ez diogu inori kalterik egiten. Bakarrik lan egitea oso arriskutsua da. Gizon baten aurka, bakarka, ez dugu ezer egiterik. Gertatzen ari dena entzuten duen norbait behar dugu alboan».

“Nia”, 26 urteko arraza mestizoko irlandarrak arrazakeriak bere giza eskubideetan duen eragina azaldu zuen: «Putetxeak zigortzen dituen legearekin atzerritarrak diren pertsona asko ari dira zigortzen, eta ni ez naiz atzerritarra, baina atzerritartzat hartzen naute eta epaitua izateko aukera gehiago ditut. Beraz, ez naiz eroso sentitzen beste norbaitekin lan egiten, horrek ondorioak ekarriko zizkidalako».

Legeak sexua erostea zigortzen duenez, prostitutek horrek euren ongizatean duen eragina aipatu zuten elkarrizketetan. Hala, Vanessak honakoa kontatu zuen: «Gau batean kale ilun eta txiki batean egon nintzen lanean; Poliziak ezin gintuen ikusi baina aldi berean nik ez nuen ihesbiderik. Horrela jokatu nuen, bezeroak kriminalizazioaz beldur zirelako. Poliziak ez nau ni erasotzen zuzenean, baina era berean nire burua arriskuan jartzera bultzatzen nau».

Elkarrizketatutako sexu langile gehienek (23) esan zuten gustatuko litzaiekeela Irlandan sexu lana erabat despenalizatzea, sexua erosteko debekua ezabatzea. “B”-ren ustez, «%100ean despenalizatu behar da. Bestela, Poliziari edo beste inori informatzeak beldur ematen dit. Ez dut uste jende nazkagarriak existitzeari utziko dionik, baina lan guztietan daude bezero txarrak. Zerbait gertatzen bazaizu Poliziari dei diezaiokezu. Batez ere, ingurune seguruagoa sortzea da kontua. Ez dut esaten sexu lana erabat despenalizatzen bada ez dela ezer txarrik gertatuko».

Poliziarekiko mesfidantza

Amnestyk ikerketan poliziarekiko mesfidantza sakona sumatu du. Elkarrizketatutako pertsonek indarkeria jasaten dutenean Gardarekin harremanik ez izateko aipatu dituzten arrazoien artean honako hauek zeuden: konfiantzarik ez izatea, ezer egingo ez delako ustea, polizien eskutik indarkeria jasateko beldurra, estigmatizazioaren beldurra eta errentatzaileari egoeraren berri ematearen edo haren kontra joko ote duten beldurra.

Izan ere, beldur dira Gardak errentatzaileari ez ote dion leporatuko prostituzioaren irabaziez bizitzea, eta horrek ere ekar dezake langile sexualak kaleratzea eta auzipetzea. Aoifek elkarrizketan zera gaineratu zuen: «Sexu langile gisa pentsatzen dudanean, poliziak mehatxutzat hartzen ditut, babesletzat baino gehiago».

Sexu lanean aritzen diren pertsona batzuentzat, Gardarekin harremanetan jartzeko beldurra migrazio baldintzek eragindako arriskuetatik eratortzen da. “A” sexu lanean aritzen den eta hiru indarkeria gertakari izan dituen pertsona migratzailea da: «Ez naiz haietaz fidatzen. Nire kontura egiten dut lan, beldur hori dudalako. Irlandako herritartasuna lortu nahi dut. Edozein aurrekari penalek kalte egingo dit. Pertsonalki, nahiago dut bezero batekin arriskatu polizia batekin baino. Ez dut kartzelara joan nahi, nire buruaz beste egingo nuke».

Txosten honetarako elkarrizketatutako pertsonen kezka nagusietako bat etxebizitza egoki bat eskuratzeko eta hura kontserbatzeko zailtasuna zen. Batzuek euren oinarrizko beharrak asetzeko ere zailtasunak zituzten eta prostituzioa zen familiari diru ekarpena egiteko bide bakarra. Era berean, 2017ko Irlandako legeak prostituzioaren irabazietatik bizitzeagatik zigorrak ezartzen dituenez, sexu langileek zailtasun handiak dituzte etxebizitza bat lortzeko garaian.

“Georgina” sexu langile ohia da: «Prostituzioan lan egiten duten pertsonek zailtasunak dituzte etxe bat lortzeko, maizterra zigortua izan daitekeelako. Lege honek sexu langileei etengabe erasotzen die. Uste dut ez dela argi gelditzen zein garrantzitsua den guretzat segurtasunez lan egitea».

Txostenak ondorioztatzen du legeak langile sexualentzat kaltegarria izateko duen potentziala handitu egiten dela, bereziki, etxebizitza egokien eskasiagatik eta Irlandako etxebizitza pribatuen hornidurak biztanleriarekiko duen mendekotasun handi eta etengabeagatik. Horrek sexu lanari eragiten dion zeharkako kriminalizazioak eragotzi egiten die etxebizitza pribatua eskuratzea, beste pertsonekiko desabantaila izanik.

Etxebizitza aurkitzen duten sexu langile asko etengabeko beldurrarekin bizi dira, norbaitek salatuko ote dituen, eta etxea galtzearekin batera, ogibidea ere galtzea.

Estigma bat bestearen gainean

Genero estereotipo kaltegarriak eta sexu lanean aritzen den jendearekiko estigma deskribatutako giza eskubideen urraketak larriagotzen dituzten faktoreak dira. Amnesty Internationalek egindako elkarrizketek iradokitzen dute sexu langileen aurkako estigma dela nagusi Irlandan, eta elkarrizketatutako pertsonek oso modu nabarmenean aipatu zituzten euren aurkako aurreiritziak eta sakonki errotutako jarrera sozial negatiboak eta patriarkalak.

Elementu horiek, askotan, areagotu egiten dira beste faktore batzuk sartzen badira jokoan.

Adibidez, sexu lanean aritzen diren pertsona transgeneroek estigma eta diskriminazio geruza ugari eta gainjarriak jasaten dituzte; transfobia, beste gizarte askotan bezala, oso hedatuta dago Irlandan.

Ildo beretik, desgaitasuna duten sexu langileak askotan ikusezinak dira, bai biztanleria orokorrarentzat, bai giza eskubideen diskurtsoan, bai sexu lanean aritzen diren pertsonen eskubideen arloan.

«Desgaitasunen bat duten pertsonek harreman sexualak edukitzen ditugu; baina ez hori bakarrik, gutako batzuek ere zerbitzu sexualak saltzen ditugu, enplegu tradizionala askotan ezin dugulako egin», kontatu zuen “Kiko”k. «Sexu lanean aritzen diren desgaitasunen bat duten pertsonak existitzen dira, eta gure zailtasunak gainjarri egiten dira».

Elkarrizketatutako pertsona arrazializatuek arrazakeriaz hitz egin zuten, eta askotan migratzaileen kontrako jarrerekin lotzen dela zehaztu zuten. Elkarrizketatuek diote bazterkeria bezeroen artean ez ezik, langileen artean ere sumatzen dela.

Lan sexuala egiteko arrazoiak askotan konplexuak direnez, pertsona horiek euren giza eskubideak diskriminaziorik gabe eskuratzeko bideak hobetzea ezinbestekoa dela uste du Amnesty Internationalek. Lehenik eta behin, funtsezkoa iruditzen zaio Irlandak diskriminazioa onartzea, horren arrazoiak identifikatu eta banaka jorratzeko. Horretarako, sexu langileekin zuzenean harremanetan jartzea proposatzen du, esateko dutena entzuteko, horrela bakarrik lortuko dutelako guztien giza eskubideak bermatzea, errespetatzea eta babestea.

Izan ere, sexu langileak prest daude euren ekarpena egiteko. Momentuz Irlandako sexu langileen aliantza sortu dute nolabait antolatzeko eta euren eskubideen aldeko aldarria egiteko. Webgune bat ere sortu dute (Sex Workers Alliance Ireland, hizkuntza anitzetan dago) sexu langileek informazioa jaso dezaten eta laguntza jaso ahal izateko erasoren bat jasan badute, osasun arazoak badituzte, formakuntza jaso nahi badute, beste lanbide batean hasi nahi badute edo etxebizitza bat behar badute.