NAIZ

30etik gora errefuxiatu ukrainar heldu dira Hendaiara

Pirinio Atlantikoen Prefekturak astearte goizean jakinazi dio Herriko Etxeari 34 bat errefuxiatu ukrainar inguru helduko zirela Hendaiara. Bi taldetan, trenez, heldu dira. Gaua eginen dute Lapurdiko hirian bihar Gipuzkoatik espainiar Estaturantz bidaia jarraitzeko.

Ukrainarrak, Hendaiako geltokian.
Ukrainarrak, Hendaiako geltokian. (Guillaume Fauveau)

Astearte arratsaldean Parisetik atera diren bi trenetan heldu dira Ukrainako gerratik ihes egin duten 34 lagun Hendaiara. Pirinio Atlantikoen Prefekturak gaur goizean jakinarazi dio Hendaiako Herriko Etxeari errefuxiatuak gauean helduko zirela Lapurdiko hirirat.

21.00ak aldera 17 lagunen lehen taldea heldu da. Eta azken trenean heldu dira besteak. Gehienek Hendaian lo eginen dute asteazken goizean mugaren bestaldean bidaia jarraitzeko. Hendaiatik Madrilera eta handik Portugalera joatekoak dira.

Hendaiako Herriko Etxeak Gurutze Gorriaren laguntzaz prestatu dute harrera, Hendaiako kirol areto batean.

100 bat lagun iristear

Izan ere Kotte Ezenarro auzapezak Euskal Irratiekin mintzo baieztatu duenez bihartik aurrera bertze 100 bat helduko dira. Denek ez dute muga zeharkatuko bidaia jarraitzeko. Hamarnaka bazuk Hendaian geldituko direla baieztatu du.

Prefekturak agiria zabaldu du gaur iluntzean Hendaia Ukrainako errefuxiatuen ohiko pasabidea bilakatuko dela azalduz.

Horrekin batera erefuxiatuak hartzeko dispositiboa martxan jarri dela Ipar Euskal Herria barne den departamenduan jakitera eman du estatu ordezkaritzak.

«Errefuxiatuak heltzeko prestatu behar gara eta gaurdanik enpresek, elkarteek, erakundeek eta norbanakoek harrera antolatzeko proposamenak bidali ditzakete», azaldu du prentsa-ohar horretan Prefekturak.

Hala, plataforma bi eskaini dituzte izen-ematea emateko. Partikularrek elkartasun arterpetzea antolatzeko sorturiko https://parrainage.refugies.info/ helbidea baliatu dezakete. Erankundeek, bestalde, beste plataforma batean egin behar dituzte desmartxak: https://www.demarches-simplifiees.fr/commencer/hebergement-personne-morale-ukraine.