Ander Zabalza

Zaintza sistema jarri dute jopuntuan sindikatuek eta ikasleek aurtengo M8an

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira sindikatu eta ikasle taldeek manifestazioak eta elkarretaratzeak egin dituzte Euskal Herriko hainbat txokotan, berdintasuna eta emakumeen eskubideen alde. Sindikatuek zaintza lanak jarri dituzte jopuntuan.

Emakumeen Nazioartekoe gunean mobilizazioa egin dute ikasleek Bilbon.
Emakumeen Nazioartekoe gunean mobilizazioa egin dute ikasleek Bilbon. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Astearte honetan ospatzen den Emakumeen Nazioarteko Eguna hainbat sindikaturen mobilizazioekin hasi da. Zaintza sektoreko langileek elkarretaratzeak egin dituzte Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundien egoitzen aurrean, LABek deitutako manifestazioetan, zaintzaren demokratizazioa eskatzeko. Zaintzaren prekarietateari aurre egiteko lan hitzarmen justuaren beharra azpimarratu dute eta sektorearen pribatizazioaren debekua, «lan baldintzak ezin baitira inoren negozioa izan».

Bilbon, langileek esekitoki bat jarri dute Bizkaiko Aldundiaren egoitzaren aurrean, eta bertan hainbat garbiketa elementu zintzilikatu dituzte, hala nola gomazko eskularruak edo plastikozko txanoak. Horrela «zainketen negozioa» salatu dute.

Bertan, EAJen pribatizazioaren aldeko apustua kritikatu eta zaintzaren sektorearen erregulazioaren beharra azpimarratu dute.

Iruñean, PSNren egoitzaren aurrean egin dute protesta. «Zaintza sektoreetako langileek esklabotzatik gertu dauden lan baldintza prekarizatuak pairatzen dituzte, eta errealitate horrek erantzule argia du: pribatizatu eta zaintza negozio bihurtu duten horiek», adierazi du Idazkaritza Feministako idazkari Elixabete Etxeberriak.

Donostiako Kursaalen, berriz, ELAk «denontzako zaintza publikoa» aldarrikatu du. Zaintzaren sektorean enpresa pribatuek etekinak lehenesten dituztela salatu dute. 

Zaintzaileen prekarietatearen aurka gogor salatuz, lan baldintzak duindu eta kalitatezko zerbitzua eskaini behar dela adierazi dute. Etxeko langileen eskubideak ere bermatu behar direla nabarmendu dute, izan ere «haien lana ikusezinagoa izanik, behin eta berriro ukatzen zaizkie soldatapeko langileen lan eskubideak».

ELA sindikatuak deituta, hilabeteak greban daramatzaten garbitzaileak mobilizatu dira Bilbon, soldata arrakalaren aurka protesta egiteko, besteak beste.

Garbitzaileen mobilizazioa Bilbon, M8aren harira. (Aritz LOIOLA/FOKU)

UGTko idazkari nagusia, Raul Arza, eta sindikatuko Berdintasuneko, Gizarte Politiketako eta Aniztasuneko idazkaria, Xuria Arza, Bilbon elkartu dira emakumeen lan baldintzen hobekuntza eskatzeko. Azaldu dutenez, behin-behinekotasuna eta partzialtasuna dira arazo handienetako bi, «lanaldi partzialeko hiru kontratutik bi emakumeak baitira». Lan arrakala txikitzeko negoziazio kolektiboaren alde egingo dutela azaldu du Arzak, berdintasun planak aurrera eraman eta genero-indarkeriari eta laneko jazarpenari aurre egiteko.

Iruñean ere, UGT eta CCOO elkartu dira bi sindikatuko egoitzetan berdintasunaren aldarrikapena egiteko. ‘Biziak, askeak, batuak’ lelopean, «erabateko berdintasun eraginkorra» aldarrikatu dute globoak bandera moreak eta kartelekin.

Era berean, Nafarroa soldata-arrakala handiena duen Estatuko bigarren autonomia-erkidegoa dela salatu dute: «Emakume batek gizon batek baino 6.836 euro gutxiago kobratzen baitu; beraz, emakumeen soldata %28 igo beharko litzateke berdintzeko».

Greban dauden Artiacheko langileek pikete feminista egin dute Orozkoko lantegiaren sarreran.

Ikasleak

Euskal Herriko unibertsitateetako campusetako talde feministek mobilizazioak egin dituzte gaur goizean. Gainera, EIKI Leioako neska* ikasle taldea jardunaldi feministak burutzen ari da martxoan hainbat hitzaldi eta tailerrekin.

Ikastetxe eta institutuetan, Ikama ikasle antolakundeak ere hainbat mobilizazio egin ditu.

Ikasleen Sindikatuak greba deitu du, Bilbon, Donostian eta Gasteizen manifestazioak eginez eguerdiko 12.00etan.

Ernaik ere irakurketa atera du Mugimendu Feministak arratsaldean antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko dei eginez. «Neska gazteok* nazkatuta gaude gure bizitzen kontra doan sistema batean bizirauteaz. Izan ere, kapitalismo zisheteropatriarkalak kapitala eta honen metaketa zentroan kokatzen ditu eta gizartea honen arabera antolatzen du, bizitzen beharren arabera antolatu beharrean. Nazkatutak gaude bizitzen aurka doan sistema honekin. Su emango diogu gure neurriko Euskal Herria feminista eraikitzeko», adierazi du gazte antolakundeak.

Erakunde publikoak

Erakunde publikoek ere agerraldiak egin dituzte martxoaren 8 honetan haien irakurketak plazaratzeko.

Nafarroako Gobernuak COCEMFEk emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunarekiko duen konpromisoa balioan jarri du ‘Berdinna’ sariarekin. Sari honekin, berdintasunaren alde lan egiten duen erakundearen 16 urteko ibilbidea aitortzen du, bereziki desgaitasunaren arloan. María Chivite presidenteak eman du saria.

«Berdintasuna gizarte gisa proposatu behar den helburua izan behar da, erakundeetatik hasita. Iraupen-lasterketa bat da; horregatik, lanean jarraitu behar dugu egunez egun, pausoz pauso, atsedenik gabe, benetako berdintasun eraginkorra lortu arte», adierazi du Chivitek.

Lakuako Gobernuak gizarte osoari «konpromisoa eta inplikazioa» eskatu dio, «berdintasunaren bidean aurrera egiteko eta berdintasunezko etorkizuna lortzeko».

«Errebindikaziorako eguna bat, aurrerapausoak eman diren arren, mundu osoan gizonen eta emakumeen arteko egiturazko desberdintasunek dirautelako. Desberdintasun horiek hainbat adierazpen ditu, hala nola soldata arrakala, emakumeek boterea eta erabakiak hartzeko eremuetan sartzeko duten zailtasuna, zaintza- eta etxeko lanen banaketa desorekatua edo emakumeen aurkako indarkeria», adierazi du Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak.

Arabako Foru Aldundiak adierazpen instituzional bat onartu du, «berdintasunaren aldeko lanean genero ikuspegia eta giza eskubideak indartzeko» konpromisoa hartuz.

Bilboko Udalak konpromisoa agertu du aurrera egiteko berdintasun arloko politiken eta zerbitzuen diseinu eta planifikazioan. Horretarako hainbat ekintza aipatu ditu: Berdintasun politikak garatzeko ekonomia-baliabideak, giza baliabideak eta baliabide teknikoak indartu; Herritarrak areago sentsibilizatu; era guztietako indarkeria matxistaren biktimendako arreta-sistema handitu; administrazioko langileen artean berdintasunaren arloko formazioa sustatu...

Hainbat enpresetan ere elkarretaratzean izan dira.