NAIZ

M8aren harira, Lointek Gernika eta Athleticek lagunarteko partida jokatuko dute Malosten

Gernika Saskibaloi Elkartearen 25. urteurrena ospatzeko aurreneko ekitaldi berezia izango da honako hau. Klub bietako jokalariek nahasian jokatuko dute futbolean eta saskibaloian. Malosten jokatuko da lagunartekoa 19.00etatik aurrera eta sarrera doakoa izango da.

Gernika eta Athleticen arteko partida aurkezten duen irudia.
Gernika eta Athleticen arteko partida aurkezten duen irudia. (@GERNIKA BIZKAIA)

Gernikak Saskibaloi Elkarteak aurten 25 urte betetzen dituela-eta, urteurren horri dagozkion ekintzen hasiera emateko Lointek Gernika Bizkaia saskibaloi taldeko eta Arhleticeko emakumeen futbol taldeko jokalariek elkarren arteko adiskidantzazko neurketa jokatuko dute datorren astelehenean hilaren 14an Gernikako Maloste kiroldegian 19.00etan.

Hasiera baten, Emakumeen Nazioarteko Egunarekin lotuta, hilaren 8an jokatzekoa zen, baina talde bien kirol egutegiaren erruz, ezinbestean atzeratu egin behar izan da hilaren 14ra.

Partida honen xedea emakumeen kirola, elitekoa bereziki, eta bertako kirolariak omentzea da. Athletic Cluben eta Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailaren lankidetza izan ditu Gernika Saskibaloi Elkarteak partida hau antolatu ahal izateko.

Adiskidantzazko norgehiagoka hau bi zatitan banatuko da. Hasteko, futbol partidatxo bat jokatuko dute, hamarna minutuko bi zati izango dituena. Horren ostean, saskibaloian jokatuko dute, hamarna minutuko bi zatirekin hau ere.

Ondorioz, klub bateko eta besteko jokalariek nahasian jokatuko dute, talde biek garaipena lortzeko aukera izan dezaten.

Esan bezala, partida 19.00etatik aurrera hasiko da Gernikako Maloste kiroldegian. Sarrera doakoa izango eta 18.30etatik aurrera irekiko dira ateak.