Oiartzungo Udalak aurrerapauso bat emango du bertan ordezkaritza politikoa duten bi alderdien (EH Bildu eta EAJ) elkarlanetik eta adostasunetik bultzatzen ari den gertatukoaren egia zabala berreskuratzeko bidean. 2020ko azaroan hitzarmena sinatu zuen Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta honen baitan herrian izandako edo herritarrek pairatutako giza eskubideen urraketa guztiak jasotzeko lana eta ahalegina hasi zen. Tartean dago Esteban Muruetagoiena medikuaren kasua. 1982ko martxoan, hamar egun atxilotuta eta inkomunitatuta eduki eta bi egunera hil zen herriko sendagilea, 38 urterekin.
Asteazken honetako agerraldian Udaleko kideek azaldu dutenez, «bide honek memoria partekatu bat eraiki nahi du. Gaur egun arte izandako giza eskubideen urraketa guztiak begiratuz bizikidetzaren oinarri sendoak jarriz, gertatutakoa ez dadin errepikatu. Bestetik, eragindako biktimen sufrimenduaren eta minaren aitortza eta erreparazioan lagungarria izan nahi du».
Testuinguru honetan, Tamara Muruetagoiena, Esteban Muruetagoienaren alaba, Oiartzungo Udalarekin harremanetan jarri zen bere aitaren heriotzaren 40. urteurrena zela eta. Oroimena eta egia berreskuratzeko bide horretan Udalak Muruetagoienari gertatutakoa ikertzearen, ezagutzearen eta aitortzearen beharrekin bat egin du. Eta aukera hau baliatu nahi izan du dagokion aitortza instituzionala egiteaz gain, Oiartzungo herriari zuzenduriko ekitaldi zikloa antolatzeko.
Zikloa antolatzerakoan, eta Tamara Muruetagoienarekin sorturiko elkarlana baliatuz, Udalak honako helburuak betetzeko aukera ikusi du: «Biktima guztiei trataera berdina zor diegun neurrian, oraindik aitortu gabeko biktimak ikusaraztea; Esteban Muruetagoienaren heriotzaren inguruko gertakariak kontuan harturik torturaren errealitateari ahotsa ematea; Aranzadik testigantzak jasotzeko abiatutako lanari bultzada ematea, egia zabala ezagutzeko testigantzek duten garrantzia adieraziz; eta herriko biktimak aitortzeko jada irekitako bideari jarraipena ematea».
Joan den urteko uztailean, Mikel Zubimendik Tamara Muruetagoiena elkarrizketatu zuen Zazpikarako. 1974an Oiartzunen jaioa, munduan barna ibili ondotik orain AEBetan bizi da semearekin eta senarrarekin. Zortzi urte zituen aita hil zenean, eta, solasaldian kontatu zuenez, unibertsitatean hasteko puntuan zegoen arte ez zuen jakin «tortura latzak jasan zituela eta horien ondorioz hil zela».
Hala kontatzen du elkarrizketa honetan bere historia: «Nire bizitza modu erabat bukolikoan hasi zen, Oiartzunen, mendi arteko herri eder batean. Aita medikua da, jende guztiak ezagutzen du eta oroitzapen zoragarriak ditut baserrietara egiten zituen bisitenak. Baina bat-batean gure bizitza betiko aldatu zen. Egun batean ETAren komando bat iritsi zen aitaren kontsultara, Poliziarekin liskar bat izan ondoren, eta aitari eskatu zioten sendatzeko. Nik bost urte ditut eta odolez betetako gizon batzuk daude etxean (kontsulta zegoen lekuan). Armak dituzte eta nire gurasoak beldurrak jota daude. Pasarte honek egun batzuk iraun zituen, sendatzeko behar izan zen denbora».
«Denbora gutxira aita epaiketara doa eta libre ateratzen da. Medikua da, bere betebeharra da. Gurasoak ez ziren berdinak izan ordutik, beren harremana gainbehera etorri zen eta bananduta bukatu zuten. Amak bizitza berregin zuen bere gaurko senarrarekin eta Madrilera bizitzera joan ginen. Hor amaitu zen Oiartzun niretzat».
«Madrilera heldu eta hilabete gutxira, aita atxilotzen dute. Ama ere bai etxean bakarrik gauden bitartean. Aita bederatzi egunera atera zen kargurik gabe; ama bi egunera, bera ere kargurik gabe. Handik bi egunera, aita hil egiten da. Zortzi urte nituen eta aitarik gabe gelditu nintzen, eta inoiz ez nuen aukerarik izan agurtzeko».
Egitaraua
Oiartzungo Udalak prestatutako programaren barrenean emango du Tamara Muruetagoienak bere lekukotasun hau. Udaleko ordezkariek agertu dutenez, egitaraua bere osotasunean ulertzen dute, giza eskubideen urraketen begirada zabaletik abiatuz, Muruetagoienaren kasuari bere tokia eman, hortik torturaren errealitatea sakonki begiratu eta sendagilearen aitortza ekitaldiarekin bukatuz.
Martxoaren 24an, osteguna, 19.00etan, giza eskubideen urraketen testigantzak emango dituzte, udaletxeko areto nagusian, Javi Buces Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariak eta Tamara Muruetagoienak, Jonathan Martinez kazetariaren laguntzarekin.
Martxoaren 25ean, ostirala, 18.00etan aitortu gabeko biktimez eta torturaren errealitateaz ariko dira, toki berean, Olatz Barrenetxea psikologo klinikoa, Paco Etxeberria mediku forentsea eta Laura Pego Zuzenbidean doktorea eta IVAC/EKI-ko ikerlaria. Hirurek ‘Euskadin gertatutako tortura eta tratu txarrak. 1960-2014’ txostenean parte hartu dute, txostenaren koordinazioan eta psikologo taldearen koordinazioan. Olatz Retegi antropologo eta ikerlariak egingo ditu moderatzaile lanak.
Martxoaren 26an, larunbata, 13.00etan Esteban Muruetagoiena giza eskubideen urraketen biktimari aitortza ekitaldi instituzionala egingo diote udaletxeko areto nagusian edo Arizmendieneako lorategian, eguraldiaren arabera.
Egitarau honekin aipatutako helburuak lortzen saiatu nahi dute Udalean ordezkaritza dugun bi alderdi politokoek eta horretarako herritarrengana iritsi nahi dute. Beraz, herritar guztiak hitzaldi eta aitortza ekitaldira gonbidatuta daude.