NAIZ

Igandean Eibarren jokatuko duten pilotariek argi dute partida «hil edo bizikoa» izango dela

Elezkano II.a-Zabaleta eta Laso-Imaz bikoteek porrota jaso zuten finalerdietako lehen jardunaldian eta igandean Astelenan elkarren kontra neurtuko dituzte indarrak. Galtzaileek Binakako finaletik kanpo geratzeko arriskua dute.

Laso-Imaz eta Elezkano II.a-Zabaleta, asteazken honetan Eibarko Astelenan.
Laso-Imaz eta Elezkano II.a-Zabaleta, asteazken honetan Eibarko Astelenan. (ASPE)

Binakako finalerdietako bigarren jardunaldia jokatuko da asteburu honetan, larunbatean Labriten eta igandean Astelenan. Iruñeko neurketa horretan lehen jardunaldian irabazle atera ziren Altuna III.a-Martija eta Irribarria-Rezusta bikoteak elkarren kontra arituko dira. Eibarren, aldiz, punturik batu ez zuten Elezkano II-Zabaletak eta Laso-Imazek jokatuko dute.

Lau bikoteek material aukeraketa egin dute gaur bertan, bakoitza bere pilotalekuan, baina begirada guztiak Eibarko Astelenan zeuden, igandean galtzaile ateratzen den bikoteak Binakako Finaletik kanpo geratzeko arriskua baitu.

Berriro hutsetik hasi. Hala hartzen dute «final» bat bezalakoa izango den neurketa. Batzuek onartzen dute, Imazen kasuan adibidez, Jose Javier Zabaleta izan daitekeela gakoa. Baikoko atzelariak aitortu duenez, Aspekoa «diferentzia gehien markatzen duen» pilotaria da. Egun ona baldin badu, «oso zaila izaten da pilotan aritzea», gaineratu du, kasu honetan, Unai Lasok.

Eta Zabaletak zer dio honen inguruan? Atzelari nafarrak eskuekin arazoren bat duen ala ez galdetuta, berak adierazi du bere herramintekin «ondo» sentitzen dela. «Agian eskuinarekin ez dut hainbeste gozatzen, baina ez da lesio bat. Eskuinarekin ez dut asmatu txapelketa osoan. Oso gutxi izan dira nire eskuineko eskuko errendimenduarekin gustura atera diren partidak», aitortu du.

Hala ere, lasai dago. «Bolada bat dela uste dut, aurreko urtean gehiago gozatzen nuelako, altuera emanez, bai aurrera eta bai atzean. Aspalditik ari naiz eskuina lantzen Jokin Etxanizekin», azaldu du.

Bi bikoteen dinamika ezberdina da. Biek galdu zuten aurreneko partida, baina galtzeko era ez da berdina izan. Unai Lasok azpimarratu duenez, «sentsazio onekin iristen gara». Gainera, Astelena bezalako pilotaleku «alaiak» ondo datorkie euren «ezaugarrietarako».

Baikoko aurrelariak «opari bat» bezala hartzen du urtean zehar pilotari onenekin jokatzen egotea eta iganderako gauza bat du argi: «Gogor jokatu beharko dugu, saiatu beharko dugu pilotarik ez galtzen eta nik asko lagundu beharko diot Imazi eta tantoak amaitu».

Bere bikotekide Imazek argi du igandeko aurkaria «txapelketa irabazteko faboritoa» dela, presioa beraiei pasaz. «Hil edo biziko» partida izango dela iragarri du, baina, aldi berean, «polita jokatzeko, pilotalekua jende askorekin. Astean zehar motibazio berezia duzu partida prestatzeko. Azkenean, lauok tentsio handiko partida jokatuko dugu».

Bestalde, Elezkanok aitortu du «galtzen duzunean, garaipenek ematen dizuten aparteko konfiantza galdu egiten duzula», baina jarraian argi utzi du «bizirik jarraitzen» dutela.

«Denok dugu presio bera»

Iazko txapeldunak dira Elezkano II.a eta Zabaleta. «Presioa, bikoteen txapelduna zarelako ez du ezertarako balio txapelketaren une honetan. Denok dugu presio bera, jokoan dagoena oso garrantzitsua baita», azaldu du honen inguruan.

Hori bai, Eibarren aspaldi jokatu gabe daude Elezkano eta bere bikotekide Zabaleta. Aurten jokatuko duten lehen partida izango da. Nafarrak aitortu du Astelenan jokatzea «asko» gustatzen zaiola.

Materialari dagokionez, ez da arazorik egongo eta lau pilotarik pozikagertu dira pilotekin. Elezkano II.a–Zabaletak 104.8, 104.8 eta 105.9 gramoko hiru pilota aukerati dituzten bitartean, Laso–Imazek 104.6, 105 eta 105.7 gramoko beste hiru hartu dituzte.

Iruñean egin den material aukeraketan, aldiz, Altuna III.a–Martijak 105.3, 104.6 eta 105.8 gramoko hiru pilota aukeratu dituzte, eta Irribarria–Rezustak 106.7, 105.3 eta 105.1 gramoko beste hiru.