NAIZ

Nafarren hizkuntza eskubideak kontuan hartzeko kanpaina martxan jarri du Kontseiluak

Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak eskuratzeko merezimenduen balorazioa arautzen duen dekretuaren zirriborro berria «atzerapauso» bat dela uste du Kontseiluak, euskarak gero eta gutxiago puntuatzen duelako. Horregatik, testua aldatzeko aukerak ikusten dituenez, kanpaina bat abiatu du.

2021eko udan Kontseiluak euskaraz bizitzearen alde egin zuen mobilizazioa, Iruñean.
2021eko udan Kontseiluak euskaraz bizitzearen alde egin zuen mobilizazioa, Iruñean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Datozen hilabeteetan, Euskalgintzaren Kontseiluak, euskararen normalizazioaren aldeko 30 gizarte eragilek osatzen duten bilguneak, nafar guztientzat eskubideak berma daitezen eskatzeko kanpaina bati ekingo dio.

Azaldu duenez, urtarrilean Nafarroako Gobernuak Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak eskuratu eta betetzeko merezimenduen balorazioa arautzen duen dekretuaren zirriborroa aurkeztu zuen, besteak beste, administrazioko lanpostuetan euskara jakiteari emango zaion garrantzia zehazten duena.

Hori aurkeztu bezain laster, Kontseiluak, Hizkuntz Eskubideen Behatokiarekin batera eginiko prentsaurrekoan, kezka agertu eta «atzerapauso onartezintzat» jo zuen testua. Izan ere, «iraganeko gobernuen hizkuntza-politika ilunetan baino atzerapauso handiagoak egitea proposatu zuen Gobernuak».

Zirriborroaren arabera, eremu euskalduna delakoan, jendaurreko lanpostuetan lehen baino gutxiago baloratuko da euskararen ezagutza, %20tik %10era murriztuz, auzitegiek kontrakoa onartu zuten arren. Bestalde, eremu mistoa delakoan, hainbat lanpostutan euskararen ezagutza %3a baloratzetik ezertxo ere ez baloratzera pasako da. Halaber, eremu mistoko hainbat lanpostutan, eta eremu ez-euskalduneko lanpostu guztietan atzerriko hizkuntzek –alemanak, frantsesak eta ingelesak– puntuak emango dituzte, baina euskarak ez.

«Zirriborroak aurrera eginez gero, ia ezinezkoa izanen da herritarrok zerbitzuak euskaraz jasotzea. Ondorioz, administrazioarekin, medikuekin, erizainekin... euskaraz egiteko eskubidea eta zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubidea larriki urratuko lirateke», diote Kontseilutik.

Dekretua aldatzeko aukerak

Kontseiluaren ustean, dekretua aldatzeko aukerak daude oraindik ere, eta esfortzu horretan jarriko ditu indar guztiak datozen hilabeteetan. Horregatik, ‘Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat’ izeneko kanpaina abiarazi duela iragarri du, «atzerapausoen aurrean berdintasuna, justizia eta kohesioa aldarrikatzeko».

Lehen ekimen batean dekretuak herritarren eskubideetan eta ongizatean izango dituen ondorioak eta kalteak gizarteratuko ditu kanpainak. Ondoren, Nafarroako Gobernuari herritarrek haien eskubideen urraketen berri emateko eskaerak jasotzeko kanpaina jarriko da martxan, eta jarraian, eragile sindikal eta sozial ezberdinekin bilera erronda bat egingo da, beraien babesa eta atxikimendua lortzeko. Azkenik, Dekretuan aldaketak exijitzeko mobilizazioa antolatzea ere aztertzen ari da Kontseilua.