NAIZ

Oier Apezetxea: «Damututa nago erremontea lehenago probatu ez izanaz»

Esku pilotan afizionatu mailan urte asko eman eta gero, azken 14 hilabeteak erremontez entrenatzen aritu da goizuetarra eta ia 30 urterekin debuta egingo du larunbatean Galarretan.

Oier Apezetxea, Galarretan irribarretsu.
Oier Apezetxea, Galarretan irribarretsu. (Maialen ANDRES/ORIAMENDI)

Oier Apezetxea goizuetarrak larunbatean debutatuko du erremontista profesional bezala. Ez da izanen estreinaldi arrunta, 30 urterekin emago baitu jauzia. Gainera, Aldaberekin batera Berria Erremonte Txapelketan jokatuko du bere lehenengo partida Galarretan, 16:30etan hasiko den jaialdiko hirugarrena, eta Loitegi eta Zaldua I.a. izango ditu aurkari.

Debutatu arte egindako bidea ere ez da ohikoena. Esku pilotan, afizionatu mailan urte asko egin eta gero erremontera egin du salto goizuetarrak eta eskutik zesta jartzeko bidea nolakoa izan den azaldu du Azpeitian bizi den pilotariak. «Josu Apezetxea lehengusuak, zoritxarrez orain gutxi hil zenak, aspaldiko urteetan esaten zidan erremontea probatu behar nuela, baina esku pilotan oso sarturik nengoen. Gero, Larrañaga erremontistak eta Javi Odriozola entrenatzaileak probatzea gomendatu zidaten eta azkenean probatu nuen. 28-29 urte nituen, esku pilotan urte asko, eta frontoian zerbait berria nahi nuen. Behin jantzi nuen xestoa Azpeitin eta lehendabiziko pilotakada frontisean sartu nuen. Inpresioa ederra izan zen, abiadurak txundituta utzi ninduen. Gustura aritu eta Galarretara hurbildu nintzen. Bertan, hasieran kosta zitzaidan bi pilotakada frontisean sartzea. Hala ere, gustura sentitzen nintzen, nahiz eta goiko posturarekin ez nuen asmatzen eta asko sufritzen nuen. Ez nuen hobetzen, jakinda menderatu behar den lehenengo postura dela».

Esku pilotan aurrelaria izan da Oier eta erremontean berriz atzelari moduan ariko da. «Esan bezala goiko posturarekin arazoak nituen eta entrenamendu batean atzelari bat falta zen eta Kike Elizaldek atzelari jarri ninduen. Lehendabiziko sakea izaten omen da zailena eta hori sartu nuen. Neurriak eta hartzea kosta zitzaidan, baina pixkana-pixkana hobetzen joan naiz, gutxienez berdean pilota gehiago sartzen. Orain bost hilabete hasi nintzen jokatzen atzelari postuan», azaldu du.
 
15 hilebeteko ikastaroa

Oier Apezetxea erremontean orain urte eta hiru hilabete hasi zen. «2020ko abenduan hasi nintzen erremontean. Hasieran esku pilota eta erremontea uztartzen nituen. Zirt edo zart bietako bat aukeratu behar nuen eta azkenean erremontea aukeratu nuen. Erabakiarekin gustura nago, gainera Oriamendik eman didan aukerarekin are eta gusturago. Eskertuta nago».

Galarretan entrenatzen du Oier Apezetxeak astearte eta ostegunetan. «Hasieran astelehen eta asteazkenetan hurbiltzen nintzen». Debuta txapelketan egitea berezia da eta Apezetxeak ez zuen espero. «Egia esan lan zailak ditut. Txapelketan bertan Loitegi eta Zalduarentzat partida garrantzitsua da, tanteoa ere oso inportantea da txapelketa honetan, tanto guztiak dira serio jokatu beharrekoak. Niretzat partida haundi bat da. Badakit bikote oso polita daukadala, bigarren mailako aurrelaririk onena (Aldabe) eta logikoki behar dut horrelako laguntza. Egia esan, partida gogorra dut aurretik eta saiatuko naiz ahalik eta paper onena egiten».

Goizuetan bada beste erremontista profesional bat, Zubiri, eta Oier Apezetxea bigarrena izanen da. Herriarentzat gauza ona dela dio Oierrek. «Esku pilotan orain profesional bat dago (Iker Salaberria) eta erremontean bi. Hiru-lau entrenamendu egin ditugu elkarrekin. Arraro egiten zitzaidan bere alboan egotea. Laguntzeko prest egoten da beti, beste erremontista guztiak bezala, eta eskertzen ditut gomendioak».

Gazteak erremontera hurbiltzera lagundu dezakeela uste du. «Ea pixkanaka erremontean jokatzera animatzen diren eta erremonteak indar gehiago hartzen duen. Polita izango litzateke jende gaztea mugitzeko».

Erremontea irtenbide bat ere izan daiteke pilotan jokatzen jarraitzeko. «Damututa nago aurretik probatu ez izanaz. Eskuz hasten denak betihor amaitzen du ibilbidea. Nik esku pilotatik kanpo ez nuen ikusten nire burua eta orain lehenago probatu izan banu gehiago disfrutatuko nukeela seguru nago».
 
«Erremontean segundu bat asko da»

Erremontean abiadura da gakoa eta kirolaria gehien harrapatzen duena. «Erremontean segundua asko da. Esku pilotan buena egitea errazagoa da, baina hemen gaizki kokatzen bazara pilota badoa beste aldera. Beste erritmo bat da».

Kokapena eta erritmora egokitzea izaten da kirol honek duen beste zailtasun nagusia. «Pareta ondoan sartuta egotea ere bada beste ezaugarria eta zaila gainera. Esku pilotan, aurrelari bezala, aurkariak pilota jo eta prest egoten zara airez sartzeko. Hemen berriz paretaren kontra egon behar duzu. Distantziak edo neurriak hartzea ere ikasi behar da, pixkana-pixkana ari naiz egokitzen».

Oraingoz, sakean ongi moldatzen da atzelari goizuetarra. «Ongi sentitzen naiz sakatzen. Beheko posturan askoz ere hobe moldatzen naiz goiko posturarekin baino. Esku pilotan boleista nintzela esaten zidaten, baina erremontean, egia esan, kosta egiten zait goiko postura hori. Desberdina da, xestoarekin lehenago moztu behar da kolpea eta zailagoa egiten zait».

Erremontean defentsako lan on batek partida asko irabaztera eramaten du erremontista. «Paretako defentsa beti da oso oso zaila. Urte asko daramanarentzat  zaila bada, pentsa 14 hilabete jokatzen daraman batentzat. Azkenean, kokapena garrantzitsua da».

Entrenatzaile lanetan Kike Elizalde intendentea aritzen da. «Hasieran Goikoetxea, Zubiri eta Ansa nituen irakasle, baina orain Kike Elizalde da. Oso gustura nabil beraiekin». Larunbateko partidan lagunak eta senitartekoak ez dira faltako. «Galarretara noizean behin joaten nintzen lehen, baina gutxi. Ansa zalea naiz eta Gaztelu lehengusua ikustera ere joaten nintzen. Larunbatean etorriko dira ingurukoak eta gero afaria antolatu dugu 50en bat lagunekin».