NAIZ

Zugarramurditik Elizondora joango den Gazte Martxaren egitaraua aurkeztu du Ernaik

«BostEHun eta zutik!» lelopean ospatuko du Ernaik aurtengo udaberriko ekimena. Musika, hitzaldi eta tailerrez beteko dute Zugarramurdi eta Baztan gazte independentistek. 25 tailer, hitzaldi eta ikuskizun izango dira eta 31 musika taldek joko dute. Ekimen osorako zein eguneko sarrerak salgai daude.

Ernai gazte antolakundeak Gazte Martxaren egitaraua aurkeztu du.
Ernai gazte antolakundeak Gazte Martxaren egitaraua aurkeztu du. (Jon URBE | FOKU)

Bi urteko geldialdiaren ostean, Euskal Herriko gazteria independentistak berriz topo egiteko unea izango du maiatzaren 14tik 17ra Ernaik antolatutako Gazte Martxan. Ostegun honetan, Zugarramurditik Elizondora joango den ekimenaren egitaraua aurkeztu du.

Aurtengoan ekimena ohiko moduan aurrera eramatea da gazte antolakundearen asmoa. Horretarako, martxa eta musika jaialdia uztartuko dituen formatua dute esku artean. Amaiurko gazteluaren setioaren bostehungarren urteurrenari keinua eginez, «zutik dagoen herria eta zutik dagoen gazteria badela» aldarrikatuko dute.

Efemeridea aitzakia hartuta, aurrera begira jarri nahi du gazte antolakundeak: «Euskal Errepublika sozialista, feminista eta euskalduna eraikitzeko gazteriaren grina eta bultzada irudikatuz. Bestelako Euskal Herria posible delako: feminista, justua, ekologista... Eta gazteok eguneroko lanean ari garelako bide hori eraikitzen; herriz herri, auzoz auzo, gazte asanbladetan, neska* gazte taldeetan, ikasgeletan, bertso eskoletan, osasungintzaren aldeko plataformetan...».

Apirilaren 14an Zugarramurditik abiatuko da gazte martxa eta Erratzun egingo dute geldialdia. Hurrengo egunean Erratzutik Elizondora iritsiko dira eta bertan ekingo diote egitarau politiko eta musikalari. Hitzaldiek, tailerrek eta aisialdi eskaintzak osatuko dute egitarau zabala. Apirilaren 17an, Aberri Egunean, amaituko da martxa, Iruñean.

Orotara 25 tailer, hitzaldi eta ikusizuneko egitarau kultural eta politikoa antolatu dute gazteek. Larunbat eguerdian, 12.30ean Akeita gunean, ‘Borrokak egiten gaitu aske!’ izenpeko mahai-ingurua egongo da. Bertan, gazte antolakundeak egungo ziklo politikoari ekiteko estrategia propioaz hausnartuko du, gazte estrategiaren nondik-norakoak zabaltzeko asmoz. Larunbat iluntzean, 20.30ean, izango da ekimeneko ekitaldi politiko nagusia.

Hitzaldi, ikusizun eta tailerrez gain, 31 musika taldek jarriko dute Baztan dantzan: Streetwise, Nikotina, McOnak, Perlata, Willis Drummond, Crim, Tremenda Jauria, Skakeitan, Xiberoots, Kaleko Urdangak, Liher, Rukula, La Furia, Yare Collective, Aiaraldeko Sound System, Ibil Bedi, Sua, Tribade, Iruñerria Jamaica Clash, Pleura, Marta & Herbass, Romea, Silitia, Dupla, DJ Reimy, XSakara, Skabidean, Erroka, Madame Birrots eta Iheskide.

Ekimenerako sarrerak salgai daude jada. Egun guztietarako bonoa prezio berezian dago salgai, 35 euroren truke. Prezio berezian martxoaren 21 arte egongo da eskuragarri. Ostiraleko eta larunbateko sarrerak ere jarri dituzte gaur salgai, 18 eta 22 euroren truke, hurrenez hurren. Bibe.me plataforman zein hainbat salmenta puntutan (Gasteizeko Garraxi tabernan, Donostiako Herria tabernan, Bilboko Errondabide eta Kirruli tabernetan, Iruñeko Herriko, Aitzina eta Monton tabernetan, Erratzuko Zubi Punta osatuan eta Elizondoko Intza ostatuan) daude eskuragarri.

Gazte Martxaren egitaraua. (ERNAI)