NAIZ

EH Bilduk udalgintza arloko lana eta toki entitateen finantziazio sistema berria aldarrikatu du

Hogeita hamar alkaterekin egindako agerraldi batean, indar subiranistak finantzaketa-sistema berria bidezkoagoa eta orekatuagoa dela adierazi du. Halaber, EH Bilduk udalgintzan egin duen lana goraipatu dute.

Adolfo Araizek agerraldia egin du EH Bilduko hogeita hamar alkateekin batera.
Adolfo Araizek agerraldia egin du EH Bilduko hogeita hamar alkateekin batera. (@ehbildu)

Adolfo Araiz legebiltzarkideak eta Antsoaingo Alkatea eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko bigarren lehendakariorde Ander Orozek ostiral honetan agerraldia egin dute EH Bilduko hogeita hamar alkaterekin batera, EH Bilduk udalgintzan egiten duen lana eta toki entitateen finantziazio sistema berria baloratzeko.

Hurrengo ostegunean Nafarroako Parlamentuak toki entitateen finantziazio sistema berria arautzen duten 3 Foru Legeak onartuko ditu, transferentzia arruntak eta kapital transferentziak arautzen dituztenak.

Araizek adierazi duenez, «urte asko generamatzan toki entitateek finantzazio eredu berri bat eskatzen, lurraldekako desberdintasuna gainditzea beharrezkoa baitzen». Onartu izana «aurrerapausotzat» jo du, Navarra Sumak «eredu zaharkitua» bultzatu duen arren.

Hiriburutza-ereduak «Iruñeari baino ez zion mesede egiten, eta orain 29 udalerrik jasoko dute onura», adierazi du parlamentariak.

 

Ildo horretan, EH Bilduk «izaera munizipalista nabarmena duen indar» gisa aldarrikatzen du bere burua, eta egindako lana balorean jarri du, bai talde parlamentarioan, bai Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko (NUKF) eta Toki Araubideko Foru Batzordeko (TAFB) ordezkarien bidez. Horrela, EH Bilduk egindako lana «propositiboa izan dela uste dugu, proposamen eta ekarpen asko aurkeztu eta tramitatu direlako», legearen edukian «hobekuntza garrantzitsuak» planteatuz.

Hori dela eta, orain arte landutako eta adostutako testuak toki entitateen finantzazio sistema hobetzeko aurrerapausu garrantzitsua dela ulertzen du koalizio subiranistak. «Hala ere, oraindik bidea egin behar da egiteke dauden konpetentzia batzuk zehaztu, argitu, eta finantziazio sistema aztertzeko, hala nola 0-3 haur hezkuntzako zikloa edo musika-eskolak», nabarmendu dute Araiz eta Orozek.

Hala, EH Bilduk lanean jarraituko duela azpimarratu du, toki entitateek zerbitzu horiek emateagatik jasotzen duten finantzazioa hobetu eta osatzeko, eta, aldi berean, udal, kontzejuek eta mankomunitateek «egunez egun ematen dituzten zerbitzuei buruzko beste erronka batzuei aurre egiteko».

Azkenik, Araizek gogorarazi du beharrezkoa dela Parlamentuak 2019an onartutako tokiko mapa martxan jartzea.