Asier Robles

KPIren araberako soldata igoerak eskatu ditu ELAk, energiaren prezioak mugatzeaz gain

ELA sindikatuak egungo egoera ekonomikoaren gaineko irakurketa egin du eta egoera horri aurre egiteko neurriak proposatu ditu, hala nola, produktu energetikoen prezioak mugatzea, energiaren kontrol publikoa eta ekoizpen eredua eraldatzeko neurriak.

ELAk egungo egoera ekonomikoari aurre egiteko proposamenak egin ditu
ELAk egungo egoera ekonomikoari aurre egiteko proposamenak egin ditu (ELA)

Ukrainako gerrak sortutako testuinguruaren aurrean, ELAk prentsaurrekoa eskaini du gaur Bilboko egoitzan egoera ekonomikoaren gaineko irakurketa egiteko. Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak eta Mikel Noval Ikerketa Bulegoko arduradunak langileen pobretzea saihesteko eta gogortu diren egiturazko arazoentzako neurriak proposatu dituzte, hala nola inflazioa, deslokalizazioa edota materialen krisiari buruzkoak, besteak beste.

Hasteko, Novalek agerian utzi du prezioen igoera «ez dela soilik Ukrainako gerraren ondorio». Lehen ere gertatzen ari zela eta material falta edo petrolioa edo gasa erauzteko gaitasunaren mugak lehendik datozela gogoratu du. «Sistema elektrikoaren diseinuak argindarraren tarifa garestitzen duela salatu dugu behin eta berriz. Eta espekulazioarekin prezioen gehiegizko igoeraren kontura aberasten ari direla ere ez da gauza berria», gaineratu du.

Lakuntzak adierazi duenez, inflazioa areagotzen ari den une honetan, «inoiz baino beharrezkoagoa da soldatek erosahalmena ez galtzea. Izan ere, soldatak ez dira arazoa, konponbiderako bidea baizik».

Izan ere, soldaten debaluazio politikak ez direla berriak salatu du Lakuntzak eta pentsioak, LGSa edo sektore publikoko soldatak 2021eko KPIaren oso azpitik igo direla gogoratu du. «Horregatik, Errenta Itun berrietarako deiak, CCOO eta UGTren bermearekin, soldatak KPIa baino gutxiago haztea inposatzeko ahalegin bat baino ez dira», gaineratu du.

Horren aurrean, ELAk KPIa bermatzen duten soldata igoerak defendatzen jarraituko duela nabarmendu du, «hori baita aberastasunaren bidezko banaketan aurrera egiteko modu bakarra».

Berehalako neurriak

Egoera hau kontuan hartuta, aipatutako soldaten erosahalmenari eusteaz gain, ELAk berehalako eragina luketen neurriak eskatu ditu. «Partxe batzuekin ezin da konpondu arazoa», argi utzi du Lakuntzak.

Alde batetik, produktu energetiko guztien prezioen kontrola proposatu du: «Beharrezkoa da elektrizitatearen edo erregaien prezioa sozialki onargarriak diren balioetan mugatzea».

Era berean, sektore energetikoa kontrol sozialarekin publifikatzea eskatu du sindikatuak.

Bestalde, elektrizitatearen prezioa finkatzeko sistema aldatzeko beharra aldarrikatu du, «ez dadin energia guztia iturri garestienaren prezioaren arabera ordaindu».

Berehalako neurri horiekin batera, ELAk beharrezkotzat jo du beste neurri batzuei ekitea, «orain azaleratzen ari diren faktore askoren atzean dagoen eredu ekonomiko eta soziala aldatzeak dakarren erronka sistemikoari erantzuteko».

Ildo horretan, hainbat proposamen egin ditu, hala nola «sozialki eta ekologikoki beharrezkoa» den hedapena duten sektoreetara bideratutako inbertsio publikoa nabarmen handitzea (hala nola, zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoa, edo osasun edo hezkuntzako inbertsio publikoa Europako batez bestekoarekin parekatzea); enpresek etekinengatik ordaintzen dituzten zergak eta kapitala nabarmen handituko dituen erreforma fiskala; edo zor publikoaren auditoria herritarra.

Erregaiei eta energia elektrikoari zergak murriztea eskatzen dutenen aurrean, ELAk aukera hori baztertu du  eta azpimarratu du bere apustua enpresen irabaziei zergak handitzea dela.