NAIZ

Pandemiak eragindako heriotza globalek zifra ofizialak hirukoiztu ditzaketela ohartarazi dute

Mundu mailan koronabirusaren krisiaren ondorioz hildako pertsonen kopurua datu ofizialek estimatu dutena baino hiru aldiz handiagoa izan daitekeela iradoki du ​​Washingtongo Unibertsitateko Osasun Metrika eta Ebaluazioen Institutuak.

Hong Kongeko Elizabeth ospitaletik paziente bat lekualdatzen ari dira, ospitale hori covid-19a duten pazienteentzako soilik erabiliko dutela iragarri ostean.
Hong Kongeko Elizabeth ospitaletik paziente bat lekualdatzen ari dira, ospitale hori covid-19a duten pazienteentzako soilik erabiliko dutela iragarri ostean. (Isaac LAWRENCE | AFP)

Washingtongo Unibertsitateko Osasun Metrika eta Ebaluazioen Institutuko (AEB) ikertzaile talde batek ‘The Lancet’ aldizkarian ohartarazi duenez, covid-19aren pandemiaren ondorioz zendutako pertsonak 18,2 milioi izan ahalko lirateke mundu mailan. Hau da, datu ofizialek zenbatu dituzten 5,9 milioi biktimak baino hiru aldiz gehiago.

Ikertzaileek mundu mailako gehiegizko heriotzen estimazio batekin kalkulatu dute pandemiaren ondorioz hildako pertsonen kopurua. Gainera, zientzialariek azaldu dute kalkuluak parekoen ebaluazio baten bidez berrikusi dituztela. Hori horrela, eta ikerketako datuek iradokitzen dutenaren arabera, pandemiak 18,2 milioi pertsonen heriotza eragin du eta ez, 2020ko urtarrila eta 2021eko abenduaren bitartean, datu ofizialek kalkulatu duten 5,9 milioi lagunena.

Zonaldeka, Hego Amerikako gune andetarra, zeinak Bolivia, Ekuador eta Peru barnebiltzen dituen, izango litzateke pandemiak gogorren kolpatutakoa 100.000 biztanleko 512 heriotzarekin; jarraian ekialdeko Europa egongo litzateke 100.000 biztanleko 345 zendurekin; gero, Europa zentrala 316 hildakorekin; Saharaz hegoaldeko Afrikako hego partea 309 lagunen heriotzarekin eta Erdialdeko Amerika 274 hildakorekin.

Metodologiari dagokionez, ikerlariek 2009tik pandemia hasi arte edozein kausak eragindako hilkortasunari buruzko datuak bildu zituzten, 74 herrialdetakoak eta 252 eskualdetakoak, baita nazioarteko hiru datu-base handietakoak ere. Gero, 2020 eta 2021eko hilkortasun tasekin alderatu dute.

Informazio horretan oinarrituta, pandemian izandako gehiegizko heriotza globalak kalkulatzeko metodo bat landu zuten. Hala ere, egileek ohartarazi dute zifren zehaztasunak bere mugak dituela. Izan ere, kalkuluak egiteko nahikoa datu argitaratu ez dituzten herrialdeen kasuan metodo estatistikoak erabili dituzte pandemia garaiko gehiegizko hilkortasuna kalkulatzeko.

Ildo horretatik, Haidong Wangek zuzendutako ikertzaile taldeak abisatu du oraindik lana dagoela egiteke covid-19ari zuzenean zein heriotza tasa proportzio dagokion kalkulatzeko. Izan ere, pandemiak «suizidioak, jarrera aldaketek bultzatutako drogen kontsumoa eta osasun arreta falta» bultzatu dituela jakinarazi dute, eta hauen ondorioz hildako pertsonak pandemiaren zeharkako biktimak izango liratekela azaldu dute ikerlariek.

120 hildako 100.000 biztanleko

Wangen lantaldearen estimazioen arabera, mundu osoan batez beste 120 pertsona hil dira 100.000 biztanleko koronabirusak jota.

Hala ere, herrialde batzuek ohikoak baino hilkortasun tasa baxuagoak erregistratu zituzten pandemia garaian. Horien artean Islandiak (100.000 biztanleko 48 heriotza gutxiagorekin), Australia (38 hildako gutxiagorekin) eta Singapur (16 zendu gutxiagorekin).

Zenbaki absolutuetan, India izango litzateke heriotza gehien izan zituen herrialdea (4,1 milioi), ondoren Ameriketako Estatu Batuak (1,1 milioi), Errusia (1,1 milioi), Mexiko (798.000) eta Brasil (792.000).

Ikerketaren egileek azaldu dutenez, erregistroetan agertzen diren heriotzen zifra ofizialen eta hildako gehigarrien arteko alde handia datuen «test-gabeziagatiko diagnostikorik ezaren» eta «argitalpenekin izandako arazoen» ondorioa izan ahalko litzateke.