Negu oso gorri baten ostean, badirudi udaberria ere helduko zaiola Baskoniari eta aspaldiko asterik emankorrena borobildu nahi dute Spahijarenek behar gorrian den Obradoiroren kantxan igande honetan, arratsaldeko 20.00etatik aurrera. ACB ligan Real Madriden etxean irabazi ostean, Euroligan Anadolu Efes eta Asvel Villeurbanneri ere irabazi zieten gasteiztarren azken egunetan eta bolada horri jarraipena eman nahi diote Galiza aldean.
Oso bestelakoa da Moncho Fernandezenen egoera, ACB ligan azken aurreko postuan dira Fuenlabradarekin zazpi garaipenetara berdinduta eta jokatutako azken bost partidetatik lau galdu dituzte. Hori bai, euren azken bi garaipenak Fontes do Sar pabiloian lortu dituzte eta badakite mailari eusteko derrigorrezkoa izango dutela etxeko partidak aurrera ateratzea.
«Kimika hobea»
Azken partidetan taldean bere lekua egiten ari den Raiesteren hitzetan, «ikusten da azkenaldian talde bezala askoz gehiago batzen ari garela, gure artean asko laguntzen diogu elkarri, entrenatzeko askoz denbora gehiago izan dugu eta nik uste elkarrekin jokatuta edozein partidari aurre egin diezaiokegula».
Taldeak azkenaldian izandako hobekuntzaren inguruan galdetuta, estoniarraren iritziz, «azkenaldian denok ari gara talde barruan dugun rola hobeto ulertzen, bakoitzak nola jokatzen duen, eta azken asteetan izan dugun denbora hori oso ondo etorri zaigu elkar hobeto ulertzeko. Kimika askoz hobea dugu eta hori funtsezkoa da».
Santiagon hobekuntza horri segida eman beharko diote azken aldian saskiaren aurrean asmatzea asko kostatzen ari zaion talde baten aurka. «Horixe da oraintxe gure ahulgunerik handiena» onartu du Moncho Fernandez entrenatzaileak eta taldeari egiten duenean sinistea eskatu dio. Laurynas Birutis pibot lituaniarra da Obradoiroren gizonik arriskutsuena eta haren zaintzan lan berezia egin beharko dute Baskoniako barruko gizonek, tartean iaz bere etxea izan zenera itzuliko den Steven Enochek.