NAIZ

Mobilizazio jendetsua Lakarrin, espekulazioak Zuberoa ere hunkitzen duela agerian jartzeko

200 bat lagunek parte hartu dute, gaur goizean, Lakarrin, espekulazioa salatzeko elkarretaratzean. Borda bat 351.800 euroko prezio neurrigabean saltzeak ika-mika sortu du herrian. Herriko auzapeza, Dorothee Nabarra, eta baita Zuberoako bertze hautetsi anintz ere, izan dira protestan.

Jende anitz bildu da espekulazioari aurre egiteko Lakarrin antolaturiko lehenengo protestan.
Jende anitz bildu da espekulazioari aurre egiteko Lakarrin antolaturiko lehenengo protestan. (@euskalirratiak)

200 bat lagunek parte hartu dute gaur 10.00tik landa Lakarrin antolaturiko ekimenean, Zubroko hrritik emankizun berezia eskaini duten Euskal Irratiakek jakitera eman dutenez.

2015ean 30.000 euroren truke erosia izan zen borda bat 351.800 euroan saldu berri da herrian, bigarren etxebizitza izateko. Hori jakinik, Herriko auzapezak, Dorothee Nabarrak, espekulazioaren arazoai aurre egiteko deia luzatu zuen.

Alda mugimenduko kideekin harremanetan jarri ondoren, Zuberoko lurralde poloko hautetsien sostenguz mobilizaziorako deia luzatzeko urratsa eman zuen Herriko Etxeak.

Lakarriko kontseiluko kideak ekimenean izan dira, baita inguruko herrietako hautetsi andana ere, finean espekulazioaren arazoak Zuberoa ere hunkitzen duela erakusteko balio izan duen dinamika horrekin bat eginez.

Herritarrek beraiek ere ez diote kale egin emandako hitzorduari. Gaurko elkarretaratzea lehen ekimena dela azaldu du Nabarrak.

Martxoaren 25ean bilera deitu dute prezio neurrigabean eginen diren salmenten gainean zainketa berezia eginen duen taldea sortzea beharrezkoa jotzen dutelako.

Ika-mika sortu duen salmenta

Auzia ez da berria. Iaz, jabea borda 375.000 euroan saltzen saiatu zen higiezinen bulego baten bidez.

«Herriko Etxean Departamenduko Lurralde eta Itsasoko Zuzendaritzaren baimenaren legaltasuna egiaztatu genuen. Borda etxebizitza nagusi gisa deklaratu zuela ikusi genuen gero, baina berez bigarren etxebizitza bat da», azaldu zuen Kazeeta.eus atariari eginiko adierazpenen bidez Lakarriko auzapezak.

Egoeraz jabetu zenean zerga egituretara gutun bat igorri zuen Herriko Etxeak gainbalioan %35eko tasa jar zezaten. Orduan, jabeak iragarkia kendu zuen.

Alta, «susmatzen genuen saltzeko asmoa izanen zuela», azaldu du Dorothee Nabarrak. Urtebete beranduago susmoa bete dela ikusirik, Herriko Etxeak espekulazioaren aurkako plana martxan jartzeko deliberoa hartu du.