Urtarrilaren 24an indarrean sartu zen txertoaren pasaporteak protestak zer esan eman du Hexagonoan bezala Ipar Euskal Herrian ere non protesta dezente izan dira karriketan edota mediateken aurrean. Izan ere, osasun egoeraren bilakaera orokorra, alde batetik, eta hauteskunde kanpainaren testuinguruak, bestetik, gaurdanik agiria bertan behera uztera eraman dute frantses Gobernua. Hainbat adituek, ordea, pandemia ez dela amaituta nabarmendu dute. Are, azken astean %30ean emendatu ziren covid-19ren kasuak Hexagonoan eta %3an hazi zen eritasun horrek jota erietxetan sartu ziren herritar kopurua.
Pandemiak poliki poliki goranzko joera hartu duela onartu behar izan zuen Osasun ministroak Olivier Veranek joan zen ostiralean. Hala eta guztiz ere horrek ez zuela neurri murriztaile gehienak kentzeko plana aldaraziko gehitu zuen.
Kolore laranja ilunean agertzen da oraindik Ipar Euskal Herria
Ipar Euskal Herria barne del departamendua kolore laranja ilunean delarik helduko da murrizketen arintzea.
Martxoaren 4 eta 10 arte 736 kasu zenbatu ziren Pirinio Atlantikoen departamenduan.
Hala eta guztiz ere, pandemia atzean uzteko gogoa gailendu du panorama eta gaur hasita ez da gehiago txertoaren agiria erakutsi beharko ostatu, jatetxe, museo, zinema, kontzertu edo kirol gela batean sartu ahal izateko. Maskara, berriz, garraiotan eta erietxe zein egoitzetan jarraituko du derrigorrezko izaten.
Gaurdanik saltokietan, enpresetan eta administrazio publiko orotan maskara erabili gabe sartu ahalko da.
Izan ere osasun agintariek pertsona zaurgarriei aholku eman diete aireztatze gutxi duten tokietan edo jende multzo handia biltzen den aretoetan maskara baliatzen jarraitzeko.
Eskoletan musukoa ez zen erabiltzen patioetan otsailaren 28az geroztik.
Astelehen honetatik aurrera ikasgeletatik ere desagertuko dela baieztatu du Hezkuntza Ministerioak.
Hala eta guztiz ere lantokietako zein hezkuntza zentroetako arduradunek ahalko dute beraien egoera partikularretara protokolo berria moldatu.
«Maskara ez da derrigorrezkoa baina horrek ez du esan nahi guztiz alboratu behar denik», nabarmendu dute osasun agintariek.
Osasun agiria ospital eta egoitzetan
Aldiz, ez dira neurri guziak bertan behera geldituko gaur. Txerto pasaportea ez baina osasun pasea derrigorrezkoa izaten segiko du erietxe edo zahar etxeetara sartzeko.
Horrek erran nahi du bisitari orok agiri bat aurkeztu behar duela. Osasun pasea eguneratua izateko hiru aukera daude: 24 ordu lehenago beranduenez eginiko PCR edo antigeno test negatibo bat, gaixotasuna jasan dela egiaztatzen duen kutsatze agiria edo txerto pasaportea bera.