NAIZ

Erregaiaren prezio igoerak itota eta gobernuei neurriak eskatuz hasi dute greba garraiolariek

Erregaiaren prezio igoerak eragin duen egoera «jasanezina» dela iritzita, Hego Euskal Herriko gobernuei garraio sarea babestu dezatela galdegin diete Hiru eta Tradisa sindikatuek eta, horrekin batera, garraiolarien lan-baldintzak hobetzeko neurriak har ditzala.

N-1 errepideko kamioientzako bidesariaren lehen eguna, 2018ko urtarrilean. (Jon URBE/FOKU)
N-1 errepideko kamioientzako bidesariaren lehen eguna, 2018ko urtarrilean. (Jon URBE/FOKU)

Hego Euskal Herriko garraiolariek greba mugagabearen lehenengo eguna duten astelehen hau, eta jarraipen datu ofizialik ez badago ere, Bilbon, Donostian eta Iruñean protestak egin dituzte piketeek.

Erregaiaren prezioaren gorakadak eragin zuzena du garraiolariengan. Jon Altuna Hiru sindikatuko bozeramaileak pasa den astean Naiz Irratian onartu zuenez, «egoera larria eta jasanezina» da. Are, prezioaren gorakadaren eraginez, zenbaitetan kamioia errepidera ateratzeak «ez du merezi», Altunaren esanetan.

Hiru sindikatuaz gain, 800 bazkide dituen Nafarroako Garraiolari Autonomoen Elkarteak (Tradisna) bat egin du Estatu espainiar osoan  Garraioaren Sektorea Babesteko Plataformak egindako deialdiarekin.

Hego Euskal Herriko gobernuei garraio sarea babestu dezatela galdegin diete sindikatuek eta, horrekin batera, garraiolarien lan-baldintzak hobetzeko neurriak har ditzala, kasurako, gutxieneko tarifa baten azpitik lan egitea debekatzea edo kamioientzako bidesariak kentzea.

Piketeak

Grebaren baitan protestak egin dituzte langileek Imarkoaingo garraioaren hirian, Bilboko portuan eta Donostian.

Bilboko portuan piketeak izan dira goizean. Abanto-Zierbenako sarrera nagusian ehun bat garraiolari elkartu dira, baina Lakuako Segurtasun Sailak esan duenez, ez da aparteko istilurik egon.

Iruñean, goizeko 8.45 inguruan ere piketeak elkartu dira Agustindarren poligonoan, Foruzaingoak Efe agentziari jakitera eman dionez.

Bestalde, kamioi-karabana batek Donostiako erdiguneko kaleak zeharkatu ditu bere lan-baldintzak hobetu daitezen eskatzeko.

Asteartean mobilizazioekin jarraituko dute sindikatuak Iruñean, eta asteazkenean Gasteizen.

Prezioaren gorakada

Urtarrilaren amaieratik aurrera, gasolioa %30,4 igo da, eta pasa den ostiralean 1,80 euro litroko prezioa erdietsi zuen. Hala ere, gasolindegi batzuetan bi euro baino gehiago igo da litroko.

Hori dela eta, 1.500 litroko edukiera duen nazioarteko kamioi baten tanga betetzeak 2.700 euroko kostua izan dezake eta prezioak igotzen segitzekotan, 3.000 eurora irits daiteke datozen asteetan.

Protesta ministroaren aurrean

Mallorcan, bestalde, dozenaka kamioilarik protesta gogorra egin dute astelehen honetan Teresa Ribera Espainiako Energia Trantsizioko ministroaren aurrean, erregaiaren garestitzea geldiarazteko neurriak eskatzeko.

Manifestariek zaildu egin dute Ribera eta Reyes Maroto Industria, Merkataritza eta Turismo ministroa, besteak beste, Mallorcako Lloseta udalerrian inauguratu den hidrogeno berdeko instalaziora sartzea.