NATOn sartuta dauden Estatuek Ukrainari arma gehiago ematen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute asteazken honetan. Hala adierazi dute Defentsa ministroak Bruselan deituta dagoen ezohiko bileran sartu aurretik.
Bertan Europako ekialdean duten posizioa indartzeko hurrengo urratsak eztabaidatuko dituzte. «Gure presentziak seinale bat bidaltzen dio munduari Ukrainaren alde gaudela eta Errusiaren justifikaziorik gabeko erasoa gaitzesten dugula», adierazi du Lloyd Austin AEBko Defentsa idazkariak.
Honek iragarri du AEBek Kievi laguntzeko konpromisoa beteko duela, Errusiak martxan jarritako erasoari aurre egiteko. «Ukrainak gobernu legitimoa eta subiranoa du, eta bere defentsa babesten dugu, eta babesten jarraituko dugu», adierazi du.
Bestalde, Ben Wallace Britainia Handiko Defentsa ministroak esan duenez, Errusiaren erasoek laguntza militarra geldiaraziko ez dutela ohartarazi du, Poloniatik gertu dagoen base militarraren aurkako bonbardaketa gogoratuz.
NATO eta Ukrainaren arteko harreman luzea
«2015etik lagundu diogu Ukrainari, 33.000 tropa ukrainar entrenatu ditugu eta materiala eman diogu inbasioaren aurretik», azpimarratu du Anita Anand Kanadako Defentsa ministroak, Kanadak Ukrainari laguntzen jarraituko duela berretsiz.
Ildo beretik, Kajsa Ollongren Herbehereetako ordezkariak nabarmendu du «oso garrantzitsua» dela Ukrainako indarrei armak ematen jarraitzea.
Bitartean, Kalle Laanet Estoniako Defentsa ministroak argudiatu du aliatuek «Ukraina babesteko modu guztiak» aztertu behar dituztela, eta ez du baztertu aire-baztertze eremu bat aplikatzea, Estoniako Parlamentuak astelehen honetan eskatu zuen bezala.