NAIZ

UEMAko herrietan bost lagunetatik hiru aritzen dira kalean euskaraz

Hizkuntzen kaleko erabilera neurtu da Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko herrietan, bigarren aldiz. 2021eko neurketek 2017koen gisa bereko emaitza eman dute: bost pertsonatatik hiruk egiten dute euskaraz. Argazki orokorra apenas aldatu bada ere, azpian izan dira mugimenduak.

Tolosaldean %60,4k egiten dute euskaraz kalean, %37,2k gaztelaniaz eta %2,5ek beste hizkuntzetan.
Tolosaldean %60,4k egiten dute euskaraz kalean, %37,2k gaztelaniaz eta %2,5ek beste hizkuntzetan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko herrietan hizkuntzen kaleko erabilera neurtu du, bigarrenez, Soziolinguistika Klusterrak. 2021ean elkarrizketa gehiago jaso dira 2017an baino, neurtzaile gehiago aritu direlako lanean, ordu gehiagoz. Azterketa handia izan da, 71.000 solasaldi eta 227.900 solaskide behatu dituzte, eta horrek fidagarritasun estatistiko handia eman die datuei (%95ekoa da konfiantza maila eta 0,37 puntukoa akats tartea). Honakoa da argazki orokorra, ez da aldatu lau urtean: euskaraz aditu dira hamarretik sei (%61,1), gaztelaniaz ia hamarretik lau (%36,9) eta beste hizkuntzetan %2.

Ehunka boluntario aritu dira lanean herriz herri. 93 udalerritan egin dituzte neurketak, horietatik 87 UEMAkoak eta beste sei Tolosaldekoak. 2017an baino 17 udalerri gehiagotara iritsi dira. 2017 eta 2021eko konparazioak egiteko 74 udalerri hartu dira kontuan, bi aldietan neurtutakoak hain zuzen. 194.000 solaskide behatu dira horietan.

Aritz Abaroa UEMAko jarduneko lehendakariak euren ahalegina txalotu nahi izan du. Adierazi duenez, ez da zeregin erraza izan, covid-19aren ondorioz jende gutxiago ibili delako kalean eta musukoarekin elkarrizketak entzutea nekezagoa zelako.

«Aurreko neurketaren oso antzekoak dira erabilera datu orokorrak: bostetik hiru pasatxo aritzen dira kalean euskaraz. Ikerketa sendoa dela esan nahi du horrek», azaldu du.

Euskaldun gehiagorekin, erabilera handiagoa

Ikerketak erakutsi duenez, udalerriko euskaldun dentsitateak zerikusi zuzena du erabilerarekin: euskaldun gehiagorekin erabilera handiagoa da. Hori da, hain justu, udalerri euskaldunek euskararen normalizazioan jokatzen duten paper garrantzitsuetako bat.

Hala eta guztiz ere, euskaldunak %80tik gora diren herrietan behera egin du kale erabilerak eta azkenaldian sumatzen den «arnasguneen bilakaera negatiboaren beste zantzu bat» da hori, Abaroak ohartarazi duenez.

Zenbat eta helduago, euskara gutxiago

Adina ere faktore hagitz nabarmena dela ikusi dute: adinean goiti egin ahala jaitsi egiten da euskarazko jarduna. Ezagutzarekin lotuta dago hau: adin talde gazteetan ia unibertsala da, baina adinean gora joanda, jaitsi egiten da. Hiru multzotan bereiz daiteke erabilera: umeak (%75en bueltan), gazteak eta heldu gazteak (%65 inguru) eta heldu nagusiak eta adinekoak (%50 pasatxo).

Oraingo honetan bitan bereizi da helduen multzoa (25-39 urte eta 40-64 urte) eta aldaketak funtsa duela ikusi da, 13 puntuko tartea baitago bien artean (%63-%50). Heldu gazteen erabilera hurbilago dago gazteenetik (%66-%63).

Bilakaerari dagokionez, ez dago alde handirik 2017ko eta 2021eko datuen artean. Gazteen artean 1,6 puntuko galera ikusi da, eta adinekoen artean 1,3koa; aldiz, erabilera areagotu egin da umeetan (+0,6) eta helduetan (+1,1). Ñabardura bat sumatu dute: gazteak gazteekin daudenean erabilera handiagoa da gazteak helduekin daudenean baino. Hau da, gainerako adin taldeek eragina dute gazteen jardunean.

UEMAko lehendakariak agertu duenez, kezkarako motibo izan daiteke gazteen erabileraren jaitsiera hori. «Gure herrietan bada kezka belaunaldi berrien erabilerarekin lotuta. Aldaketa handiak ari dira gertatzen denbora gutxian, eta horiek aztertzen ari gara, besteak beste eskola giroko erabilera eta ikus-entzunezkoen kontsumoa».

Haurren presentzia

Frogatu dutenez, umeen presentziak nabarmen areagotzen du euskararen erabilera, bestela erdaraz jarduten den euskaldun multzo batek euskara erabiltzen baitu haurrekin. Umeek ere euskara gehixeago egiten dute helduekin beren kideekin baino.

Joera horietan, ordea, umeek ikusten dutenari ere erreparatzen ahal diegu: haiena baino ia 20 puntu apalagoa da helduen erabilera.

Sexuaren eragina

Beste ikerketa batzuetan bezala, honetan ere emakumeen erabilera gizonena baino handiagoa dela ikusi dute (%61,7 emakumeek eta %60,3 gizonek). Belaunaldi gazteetan dago desberdintasunik handiena, gazteen artean (6,6) eta umeen artean (4,1). Aztertzekoak dira horren oinarrian dauden faktoreak, soziolinguistikaren esparrutik ez ezik genero ikuspegitik ere bai.

Kale erabileraren neurketa aldagai garrantzitsua da euskararen bilakaera aztertzeko. Aurki izanen da modua analisi xeheagoa egiteko, 2021eko beste ikerketa batzuen emaitzekin: Euskal Herriko kale erabileraren neurketa, Inkesta Soziolinguistikoa eta biztanleria errolda.

Errezil, euskara gehien aditzen den herria

Udalerriz udalerri begiratzen badugu, Errezil da euskara gehien aditzen den herria (behatutako laginaren %99). Erabilerarik handiena dutenen artean daude Orexa (96,9), Aulesti (96,7), Bidania-Goiatz (96,6), Arantza (94,3), Elduain (94), Aizarnazabal (93,8), Amoroto (93,8) eta Zerain (93,7) ere.

Euskara gutxien entzuten den herrien artean daude Orozko (23,2), Bakio (27,8), Gatika (39,7), Igorre (40,5), Ibarra (43,4), Mendaro (43,9) eta Bera (45,4).

Tolosaldean, joera positiboa

Tolosaldeari dagokionez, %60,4 entzun dituzte euskaraz, %37,2 gaztelaniaz eta %2,5 beste hizkuntzetan. 2017tik 2021era bilakaera positiboa neurtu da, 2017an %56,5 aditu baitzituzten euskaraz (gaztelaniaz 41,4 eta beste hizkuntzetan 2,1).

Udalerrien arabera desberdina da bilakaera. Batzuetan behera egin du erabilerak. Leaburun (85,1etik 65,1era), Asteasun (86,4tik 73,3ra), Iruran (78,1etik 65,9ra) eta Belauntzan (75,3tik 62,7ra) nabarmena izan da galera. Hernialde, Orexa, Elduain, Baliarrain eta Amezketa ere erabilera gutxitu den herrien artean daude.

Txanponaren beste aldean, kalean euskararen presentzia handitu dutenen artean daude Anoeta (57,7tik 72,6ra), Villabona-Amasa (36,2tik 51,5era), Abaltzisketa (84,2tik 92,9ra), Bidania-Goiatz (90,6tik 96,6ra), Larraul (74,2tik 80,8ra), Altzo (85etik 89,7ra), Alegia (77,6tik 82ra), Alkiza (83,6tik 85,4ra), Zizurkil (65,9tik 69,4ra) eta Tolosa bera (44,1etik 50,9ra).