ACB Ligako zortzi onenen artean muturra sartzeko lehian, Bilbao Basketek Morabanc Andorraren kantxa bisitatuko du zapatu arratsaldean 18.00etan hasita.
Ez da bisitarako lekurik egokiena bilbotarrentzat; izan ere, 2015eko urriaren 11an irabazi zuen azkenekoz Bilbao Basketek Morabanc Andorraren kantxan. 69-79 irabazi zuen Sito Alonsok aginduetara jokatzen zuen talde bilbotarrak, Alex Mumbruren 15 puntuei esker eta Shawn James edo Alex Ruoff lako estatubatuarren lan ona baliatuz, besteak beste.
Ordutik hona beltzezko gizonek beste hiru bider jokatu dute Poliesportiu d'Andorra delakoan –Urrezko LEB Ligako penitentziak eta pandemiaren ajeek ere zerikusia izan dute hain bisita kopuru eskasa ulertzeko–, eta beti atera dira galtzaile; egurrik sekula ere ez dute jasan, baina beti galtzaile: 85-81 2016/17 denboraldian; 99-91 2017/18ari zegokion partidan; pasa den denboraldian, berriz, 72-70.
Azken denboraldi hauetan guztietan Andorrako taldea playoffetan aritu izan da eta Kopako zein Eurocupeko finalerdietara iristea zer den ere ikasi du. Aurten ere Eurocupa ari da jokatzen eta nahiko maila txukuna ematen ari da. Final zortzirenetako kanporaketarako txartela eskuan dauka, are gehiago asteon Ankarako Turk Telekom taldeari 76-83 irabazi eta gero.
Ondorioz, ez litzateke harrigarria izango Andorra Bilbao Basketen aurkako partida irabazteko faboritotzat joz gero. Alabaina, aurtengo denboraldia nahiko aldrebesa ari da suertatzen bilbotarren arerioarentzat, ACB Ligan bederen. Izan ere, ACB Ligako sailkapenari so eginez gero, hamaseigarren postuan dago Andorra, 7-16 balantzearekin; hau da, jaistsiera postuan dagoen Fuenlabradarekin berdinduta dago –baita Burgosekin ere– eta azken sailkatua den Betisek baino garaipen bat bakarra gehiago irabazi du.
Are gehiago, abenduaren 12tik urtarrilaren 30era bitartean sei partida galdu ditu Andorrako taldeak, eta urtarrilaren 16an Saski Baskoniaren aurka 78-79 galdu ostean, Ibon Navarro entrenatzaile gasteiztarra –egun Unicajako entrenatzaile dena, alegia– kargutik kendu zuten. David Eudal jarri zuten bere lekuan, eta aldaketa egin berritan Real Madrili eta Joventuti irabazi bazien ere, azken hiru neurketak galdu ditu. Azkena, UCAM Murtziaren kantxan, denboraldiko egurrik handiena jasota: 96-67.
Ez da gauzarik normalena, hala ere. Izan ere, Andorrak galdu dituen 16 partidetatik 11tan 10 puntu baino gutxiagogatik galdu du; horietatik 5etan bost puntu edo gutxiagogatik –adibidez, 74-71 Miribillan eta Baskoniaren aurka etxean 78-79, aurrez esan bezala–.
Irabazi dituen 7 neurketetatik 4tan gailendu da Andorra 10 puntu baino gutxiagogatik eta birritan irabazi du bost puntu edo gutxiagoko aldeaz –90-89 UCAM Murtziari eta 83-88 Real Madrili–.
Esan liteke amaiera estuetan ea Andorra ez dela finegia? Esan liteke, baina osteguneko prentsaurrekoan Alex Mumbruk amaiera estua ahal bezain urrunen ikusi nahi zuen. «Aamaiera estu bati ekin behar badiogu, ba hala beharko du, baina aukeran, ez dut amaiera esturik nahi Andorraren aurka», bota zuen Badalonako entrenatzaileak.
Bilbao Basketek 11-11ko balantzea dauka uneotan, joan zen asteburuan Breogani Lugon irabazi eta gero, atxetik kanpo bilbotarrek aurten lortu duten hirugarren garaipena erdietsita. Alabaina, average orokorra negatiboa da bilbotarrentzat, garaipenak puntu gutxiagoko aldeaz irabazi dituztelako oro har, porrotetan jasan duten diferentzia baino.
Hala, 11tik 5 porrotetan bakarrik galdu dute bizkaitarrek 10 puntu baino gutxiagogatik eta bat bakarra bost puntu edo gutxiagoko aldeaz –UCAM Murtziaren kantxan, 92-87; Burgosen aurka bi luzapenetan galdutakoa bera ere zazpi puntuko aldeaz erori zen bilbotarren aurkarien alde, 104-97, bizkaitarrek eskuan birritan izan eta gero–.
Garaipenei dagokienez, berriz, askoz estuagoak izan dira, esan bezala. Hamar puntu edo gehiagoko aldearekin bi aldiz bakarrik irabazi dute Mumbruren gizonek –95-80, Kanaria Handiaren aurka eta 71-88 Betisen etxean– eta bost puntu edo gutxiagoko garaipenak, berriz, lau erdietsi ditu –tartean, 74-71 Andorraren aurka Miiribillan, hain zuzen–.
Beraz, nolabait ondorioztatu liteke amaiera estuko partidetan oro har Bilbao Basket ez dela gaizki moldatzen, edo Andorra baino hobeto bai, behintzat, nahiz eta Alex Mumbruk ez duen halakorik entzuterik ere nahi. «Halakorik balego, presioak beraiek erasan ditzan ahaleginduko gara, baina ez al gara egoera horretara iritsiko», iritzi zion Alex Mumbruk.
Ludde Hakansonik gabe jokatu beharko du zapatu hontan ere Bilbao Basketek, zuntz haustura baten erruz jokoz kanpo baitago antolatzaile suediarra. Valentin Bigote eta Hakanson gabe, esan gabe doa Bilbao Basketen kanpoaldeko jokoa asko ahultzen dela, nahiz eta joan zen asteburuan Andrew Goudelockek bere kalitatea erakutsi Lugon garaipena lortzeko.
«Errazagoa da hurrengo partida prestatzea aurrekoa irabazten duzunean. Lugon ñan serioa egin genuen eta bi porroten bolada hura eten. Andorrak azken segunduetan hiruzpalau partida gadu ditu, eta guk hiruzpalau irabazi ditugu azken segunduetan. Denboraldi onak eta txarrak halako egoeretan ezberdintzen dira sarri: lesioak direla; taldea bat egiteko gai ote zaren edo ez... Daukagun lantaldea topera baliatzen saiatuko gara. Batzuetan hobeto aterako zaizkigu gauzak eta okerrago hurrengoan, baina beti ahaleginduko gara lehiakor izaten», iritzi zion Bilbao Basketeko entrenatzaileak.
Hannah faktorea
Bilbao Basketek Andorran irabazi zuen azken aldi horretan, Clevin Hannah antolatzaileak talde bizkaitarrean jokatzen zuen. Aurretik ere bazuen eskarmentua ACB Ligan eta baita geroztik ere.
Azken hiru denboraldiak Andorran daramatza antolatzaile estatubatuarrak eta, auskalo zergatik, beti bikain jokatzen du bizkaitarren aurka.
«Zure talde ohi baten aurka ari zarenean, beti saiatzen zara zertxobait gehiago ematen, eta gainera, Hannah aurkari arriskutsua da oso», onartu zuen Alex Mumbruk.
Clevin hannah lako jaurtitzaile bikain gehiago ere baditu Andorrako taldeak, Cody Miller-McIntyre batez ere, nahiz eta azken honek Miribillan kale egin zuen neurketa luzapenera bidali zezakeen azken hirukoa.
Urtarrilaren 8 hartan bilbotarrek garaipen erosoa lortzeko merezimenduak egin zituzten, batez ere aurreneko erdian, Bigote, Goudelock eta Masiulisen eskutik. Tamalez, partidak aurrera egin ahala bilbotarrek gero gehiagotan egin zuten kale beren jaurtiketetan –8 jaurtiketa libre huts egiteaz gain– eta Miller-MicIntyre eta Hannaren artean –14 puntu lehenak, 22 bigarrenak–, gehi Victor Arteaga erraldoiak lorturiko 14 puntu eta 9 erreboteei esker –honek ere ongi jokatu ohi du euskal taldeen aurka, oro har– azken segunduetara partida ia berdinduta iritsi zen.
Rafa Luz antolatzaileak, honek bai, jaurtiketa libreen marratik asmatu zuen eta Cody Miller-McIntyrek, aldiz, ez zuen 6.75eko marraz atzetik baloia saski barruan laga. «A zer eskapada!», pentsatuko zuen akaso alex Mumbruk partida amaitu berritan. Hargatik, ez da harritzekoa zapatu arratsaldean halako sustorik nahi ez izatea.