NAIZ

Koronabirus kasu berrien intzidentzia tasa gora doa Europan

Hainbat astez jarraian beheranzko joera mantendu ostean, covid-19aren intzidentzia tasa berriz gora hasi da Europan.

Erizain bat lanean ari da Erromako Casal Palocco erietxeko ZIU unitatean.
Erizain bat lanean ari da Erromako Casal Palocco erietxeko ZIU unitatean. (Cecilia FABIANO | EUROPA PRESS)

Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroak (ECDC) ostiral honetan jakinarazi duenez, Europan coronavirusaren 14 eguneko intzidentzia tasak gora egin du berriz ere, hainbat astez jarraian mantendutako beheranzko joerarekin amaituz.

Martxoaren 13an, iragan igandean, batutako datuen arabera, Europako intzidentzia tasa %4,6 igo da eta 14 egunetan 1.565 kasuko intzidentzia metatua izan da 100.000 biztanleko. 65 urtetik gorakoen kasuan, intzidentzia metatuaren ehunekoa are handiagoa da, %9,1. Hori horrela, herrialde askotan herritarrei egiten dizkieten test kopurua murriztu badute ere, kasu positiboen gorazko joera erregistratu dute.

Transmisioaren gorakadak, adinekoen kasuan bereziki, osasun egoeraren larritasun adierazleak okertzea eragin du: horrela, sei herrialdek jakinarazi dute beraien ospitaleetako okupazioaren gorakada, eta bostek heriotza tasarena.

«Intzidentzia altu garaian posiblea da herritar batzuk covid-19arekin hiltzea, hots, ez covid-19agatik. ZIUetako ospitaleratzeek eta okupazioak, egoeraren larritasunaren irudi fidelago bat eskaini ahalko zutenak, maila baxu samarretan mantentzen dira», adierazi du ECDCk.

Hala ere, Europar Batasuneko epidemien erreferentziazko organismoa den zentro honek azpimarratu du 28 herrialdetako bederatzik goranzko joera bat erregistratu dutela, iragan den astearekin konparatuz, zaintza intentsiboko unitateetan.

ECDCk uste du egoera epidemikoa, intzidentziaz gain, hainbat elementu barne hartzen dituena, oso kezkagarria dela hiru herrialdetan: Islandian, Irlandan eta Herbehereetan. Beste 18 herrialdetan, ostera, egoera «kezkatzekoa» dela jakinarazi du organismoak; Austrian, Danimarkan, frantziar Estatuan, Alemanian, Grezian, Norvegian eta Portugalen, besteak beste.

Belgika, Bulgaria, Hungaria, Italia, Lituania, Polonia, espainiar Estatuan eta Suediako epidemia egoera moderatua da, eta Errumaniaren kasuan, aldiz, txikia.

Aurreikuspen ezkorrak

Datozen bi asteetarako EBko eta Europako Esparru Ekonomikoko (EEE) aurreikuspenen arabera, ospitaleratzeetan eta heriotzetan intzidentzia gero eta altuagoa eta egonkorragoa izango da.

Bestalde, ECDCk gogorarazi duenez, Europako 18 urtetik gorako biztanleen %83,1ak covid-19aren aurkako txertoaren pauta osoa bete du, eta %62,9k, ostera, errefortzu-dosia jaso du.