Gasteizko Legebiltzarrean ostiral honetan egingo den bozketaren atariko, ELA, LAB, Steilas eta CCOO sindikatuek Ganberaren aurrean elkarretaratzea egin dute, hezkuntza akordioaren egungo zirriborroarekiko desadostasuna azaldu eta prozesu honetarako bildu dituzten aldarrikapenak berriz plazaratzeko.
Sindikatuen aldarri nagusia da hezkuntza erreforma sektoreko langileekin batera osatu behar dela eta eskaera hori eramango dute martxoaren 25ean deitu duten grebara. Horrekin batera, segregazioari aurre egitea, hezkuntzako langileen baldintza egokiak bermatzea eta publikotasunean nahiz euskaran ardaztuta egotea eskatzen dute, besteak beste. Ikama ikasleen plataformak ere bat egin du greba deialdiarekin.
👉🏼Ikamako kideok bat egiten dugu euskal gehiengo sindikalak martxoaren 25ean EAEn deitu duen grebarekin.
— Ikama (@IkasleriaMartxa) March 15, 2022
🗣️Herritar zein ikasleon beharrak erdigunean jarriko dituen hezkuntza akordio bat behar dugulako,
25ean langileok kalera!
29an ikasleok kalera!
Hezkuntza sistema aldatzeko! https://t.co/nazTkxbkCG
Bestalde, martxoaren 28an berriz elkartuko dira Ganberaren aurrean.
Ehun pertsona inguru elkartu dira ostiral goizean Gasteizko Legebiltzarraren aurrean, ‘Publikoa, euskalduna eta propioa helburu. Hezkuntza legea langileekin eraiki!’ pankarta erakutsiz.
Bertan, Miren Zubizarreta ELAko Hezkuntza arduradunak argitu du sindikatuak desados daudela egun ezagutzen den zirriborroarekin eta akordioa lortzen prozesuan «eragin» nahi dute.
Galdegin du, halaber, kontuan izan ditzatela hezkuntza sistemako langileak; orain arte ez baita horrelakorik gertatu, ELAkoaren hitzetan.
«Hezkuntza Lege propioa eta euskalduna nahi dugu, hezkuntza sistemako langile guztien lan-baldintza egokiak eta enplegua bermatuko duena», aldarrikatu du.
Greba deialdia aurrera
Zubizarretak behar besteko inbertsioa eta baliabideak izango dituen hezkuntza lege bat defendatuko dutela esan du, publikotasunean zentratuta egongo dena eta, modu berean, «euskara ardatz» izanik euskal curriculuma izango duena oinarri.
Elkarretaratzea baino lehenago, Iñigo Urkullu EAEko lehendakariek sindikatuei «zintzoki» galdegin die birpentsatu dezatela hilaren 25eko greba deialdia, talde politikoak negoziazioetan ari diren bitartean lagunduko ez duela iritzita. Horri, Zubizarretak, lanuztea bertan behera uzteko, «gauzak asko aldatu behar dutela» erantzun dio, adierazpen publiko positiboez harago.
Bermerik gabeko zirriborroa
LABetik, Irati Tobarrek lau sindikatuen artean lortutako akordioa nabarmendu du eta hezkuntza akordioak langileen aldarrikapenak jaso behar dituela berresan du.
Ainhoa Astigarragak (Steilas), modu berean, prozesu honek langileen ahotsa jaso behar duela azaldu du, izan ere, ziurrenik datozen 30 urteetan hezkuntza sistema arautuko duen lege baten oinarriak eztabaidatzen ari direlako.
«Momentu honetan negoziatzen ari den zirriborroak ez du inola ere bermatzen gure aldarrikapenak jasoko direnik, hezkuntza sistemak ardatz izan dezan publikotasuna eta egiaz euskaldundu dezan», agertu du.
CCOOko Julen Llanosek etorkizuneko legeak langileen lan-baldintzetan «denbora luzez» eragina izango duela azpimarratu du eta «oso adierazgarria» dela interes eta ideologia desberdinak dituzten lau sindikatu diagnostiko berdinera iritsi izana.
Akordioak
Azken bi asteetan, talde parlamentarioak beren proposamenak eztabaidatzen eta negoziatzen izan dira, eta dagoeneko akordioak egin dira hainbat arlotan. Hala, Elkarrekin–IU eta Urkulluren Gobernuko bi alderdiek akordioa lortu zuten eskola publikoa lehenesteari eta segregazioaren aurkako puntuei buruz.
Orain zalantzan dagoena da EH Bildu ere batuko den akordio horretara.