NAIZ

Sindikatuek «benetako edukiak» izango dituen negoziazioa eskatu diote Osakidetzari

Satse, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek negoziaziorako deia egin diote Osakidetzari «konponbideak bilatzeko eta egoera bideratzeko». Ohartarazi dutenez, «urratsik egiten ez bada, ez dugu berriro Mahai Sektorialean parte hartuko eta mobilizazioekin jarraituko dugu».

Elkarretaratzea egin dute ostiral honetan Galdakao-Usansoloko ospitalean.
Elkarretaratzea egin dute ostiral honetan Galdakao-Usansoloko ospitalean. (Oskar MATXIN | FOKU)

Satse, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte zenbait ospitale eta osasun zentrotan EAEko «Osasun Sailaren immobilismoa salatzeko eta benetako edukiak izango dituen negoziazioa eskatzeko».

«Berriro ere, negoziaziorako deia egiten diogu Osakidetzari konponbideak bilatzeko eta egoera bideratzeko. Baina ohartarazi nahi diogu berriro ere ez dugula ez xantaiarik ez propaganda ekintzarik onartuko. Benetako negoziazioa eskatzen dugu, irtenbide eta hobekuntza zehatzetan islatuko dena. Ildo horretan urratsik egiten ez bada, ez dugu berriro Mahai Sektorialean parte hartuko eta mobilizazioekin jarraituko dugu», adierazi dute ohar batean.

Salatu dutenez, pasa den martxoaren 9an sindikatuek Lan Harremanen Kontseiluan deitutako bilerara ez zen agertu Osakidetza, «eta horrez geroztik negoziatzeko borondate eza erakusten jarraitzen du».

Gogoratu dutenez, «behin eta berriz salatu dugu Mahai Sektoriala bide antzua bihurtu dela, eta Osakidetzak propaganda tresna gisa erabiltzen duela: informazioa trukatzeko foro bat da, inolako negoziaziorik gabe. Informazio hori akordioaren emaitza balitz bezala egiten da publiko, alde bakarreko erabakiak direnean, eta askotan prentsari mahaiko kideei baino lehenago jakinarazten zaizkie».

«Horregatik, pasa den martxoaren 9an, Lan Harremanen Kontseiluan bilera egiteko deia egin genion Osakidetzari, «zero mahaia» gisako bilera bat egiteko asmoz. Mahai horretan, gutxienez, negoziazio metodologia bat adostu nahi genuen, hartu beharreko premiazko konponbideei modu egokian aurre egin ahal izateko. Osakidetza ez zen bilera horretara joan» azaldu dute.

Izan ere, «bi aste baino gehiago igaro dira langileen gehiengo zabal batek osasun publikoan deitutako bigarren greba egunarekin bat egin zuenetik, eta Osakidetzak oraindik ez du aurpegia eman eta ez du pauso bakar bat ere eman lantokietan bizi diren arazo larriak konpontzeko».

Hitzetatik ekintzera pasatzeko deia

Haien esanetan, Gotzone Sagardui sailburuak greba aurreko egunean egindako adierazpenak «propaganda hutsa» ziren. «Oraindik bete ez duen akordio bat erabili zuen propaganda egiteko, Garapen Profesionalerako deialdi berri batera 300 milioi euro baino gehiago bideratuko zirela adierazi zuenean. Iragarpen horrekin batera esan zuen errekuperaziorako eta elkarrizketarako unea zela. Hitz horietatik ia hilabete igaro ondoren, oraindik ez da ez gauza bat ez bestea bete, iragarritako deialdia ez baita egin, eta ez baitago inolako elkarrizketarik, ezta errekuperaziorik ere», esan dute.

«Osakidetzak, azken asteotan gure osasungintza publikoaren arazo larriak konpontzeko egin duen gauza bakarra izan da LEP eskas baten azterketen data iragartzea. Bere hitzetan, EPE horren helburua da langileak egonkortzea, baina duela urtebete 24.600 aldi baterako langile baino gehiago zeuden Osakidetzan eta beraz, deialdi txiki hori ez da konponbidea. Argi dago, propaganda hutsetik harago, ez dagoela aurrera egiteko eta plantillaren lan baldintzak hobetzeko inolako borondaterik. Eta lan baldintza duinik gabe, ez dago kalitatezko osasun arretarik», nabarmendu dute.