Ukraina-Euskadi elkarteak dei egin die herritarrei igandean Bilbon izango den gerraren aurkako manifestazioan parte hartzeko. Manifestazioa 12.30ean hasiko da, Jesusen Bihotza plazatik. On Diego Lopez Haroko kale nagusia zeharkatuko du Bilboko Udaletxearen aurrean amaitzeko.
Elkarteak adierazi duenez «zentzurik gabeko gatazka anker hau» geldiarazi behar da, eta horretarako eskatu du euskal jendartearen laguntza. Bilboko kaleetan elkartasuna eta babesa adierazteko.
Ehunka errefuxiatu iritsi dira azken asteetan Hego Euskal Herrira, haietariko 350 inguru Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara. Hala adierazi zuen ostegunean Xabier Legarreta Gasteizko Gobernuko Migrazio eta Asilo zuzendariak.
Dena den, honek azaldu zuen bezala, zaila da EAEra iritsi diren errefuxiatuen kopuru zehatza ematea; izan ere, erkidegoan bizi ziren ukrainarrek -3.500 pertsona inguru- beraien etxeetako ateak zabaldu dituzte errefuxiatuei laguntzeko, askotan erakundeei jakinarazi gabe.
Halaber, Ukrainatik datozen beste familia batzuk azken hamarkadetan Txernobilgo haurrak hartu dituzten euskal familiekin bizi dira, beraiekin dagoeneko harreman zuzena zutelako.
Gainerakoentzat, erakundeek baliabide ezberdinak prestatu dituzte Oñati eta Irunen, esaterako, eta milaka lagunek beraien etxeak eskaini dituzte Ukrainatik alde egin duten errefuxiatuak hartzeko.