Ane Urkiri

Bera Berak Porriño jipoitu du lidertza sendotzeko eta Zuazok galdu egin du Galizian

Bera Berak aise menderatu du Porriño (32-17). Atsedenaldirako bederatzi goleko aldea lortu dute donostiarrek eta bigarren zatian, areagotu egin da nagusitasuna. Zuazok galdu egin du A Guardan. Saiatu dira bizkaitarrak, atsedenaldira aurretik joan dira, baina azkenean etxekoentzat izan da garaipena.

Bera Berako jokalariak eta Imanol Alvarez entrenatzailea partida hasi aurretik elkar animatzen.
Bera Berako jokalariak eta Imanol Alvarez entrenatzailea partida hasi aurretik elkar animatzen. (Jon URBE | FOKU)

Ohorezko Maila bere faserik erabakigarrienean murgilduta dago. Goialdean La Calzada eta Bera Beraren arteko lehiakortasuna estu dago baina oraindik ere donostiarrak dira lidergoan sendo daudenak, are gehiago larunbat honetan Porriño jipoitu ostean. 

Talde galiziarra Bera Berari gauzak zaildu zizkion bakarra izan zen lehen itzuli osoan. Ozta-ozta berdindu zuten donostiarrek Porriñon baina asteburu honetako partidak kolore bakarra izan du eta hori, urdina izan da. Hasi eta buka nagusi izan dira gipuzkoarrak, atsedenaldirako bederatzi goleko aldea ireki baitute. 

Posible da azken asteetan Porriñon antzemandako covid-19 kasuek eragina eduki izana kanpokoen artean, asteon Maider Barrosek hedabide honi esan legez, apenas entrenatu ahal izan baitute guztiek batera. Nolanahi ere, Josean Gasca kiroldegian jokaturiko partidan, agerian geratu da bi taldeek helburu zeharo ezberdinak dituztela denboraldi honetan. 

Lidertzan sendo mantendu nahi zuen Bera Berak eta lortu du, nahiz eta La Calzadak Granollersen auka garaipen garrantzitsua eskuratuta (35-34), hurbil jarraitzen duen (hiru puntura). Egiari zor, donostiarrek beraien lanak eginez gero, liga garaikurra eskuetan izan dezakete. 

Porriño izan da azken txanpa honetan gainditu duten beste talde bat. Pasa den asteburuan, Aula Valladoliden eskuratutako garaipenak indarrez bete zuen Imanol Alvarezen taldea eta horren erakusle izan da defentsan erakutsitako indarra. Porriñok soilik sei gol egin ditu lehendabiziko 25 minutuetan; Bera Berak, aldiz, 14, bikoitza baino gehiago eta protagonista askorekin (Boada, Hernandez, Ugartemendia, Gil, Cavo eta O'Mullony, besteak beste). 

Bi aldiz gelditu du denbora Ismael Martinez entrenatzaileak baina alferrik izan da, larunbat honetan ez zegoen Bera Bera geldituko zuen formularik.

Bigarren zatia modu berean hasi da Arrojeria, Cesareo, Fernandes edota Loidi ere golak egitera animatuz. Hasiera batean, partzialak antzerakoak izan badira ere (8-7 bigarren zatiko lehendabiziko 16 minututan, Porriñok berriro hutsartea eskatu duen arte), azken txanpan, Bera Bera are nagusiago izan da, emaitzak ondo erakusten duen moduan (32-17).

Zuazoren porrota (26-18)

Zuazok, bestalde, galdu egin du A Guardan. Ondo hasi du partida Joseba Rodriguez "Haito" entrenatzaileak zuzendutako taldeak –atsedenaldira aurretik joan da, 8-9– baina ezin izan du etxekoen erritmoa eutsi bigarren zatian. 

Gol gutxiko lehendabiziko zatia egin ostean –Mada Fernandez-Agusti izan da bizkaitarren iparrorratza, beste behin (6 gol, guztira)–, biak ala biak erasokorrago aritu dira bigarren zatian eta modu horretan, hobea izan da Atletico Guardes. 

Behin Marquesek hamabina jarri duenean, 8-1eko partziala ezarri dute etxekoek hamar minuturen buruan eta alde horri buelta ematea ezinezko izan zaio Zuazori. Saiatu, saiatu dira baina etxekoak erosoago aritu dira.