NAIZ
DONOSTIA

Burujabetza praktikan jartzeko kanpaina martxan jarri du Ehun mugimenduak

«Arazo nagusia» burujabetza falta dela iritzita, hau aldarrikatzeari utzi eta berau praktikara emateko garaia dela uste du Ehun euskal errepublikaren aldeko mugimenduak. Agente aktibo izateko ekimena abiatu dute eta aurki iragarriko dute zein den lehenengo burujabetza ekintza.

Ehun mugimenduak kanpainaren berri eman du larunbata honetan, Donostian.
Ehun mugimenduak kanpainaren berri eman du larunbata honetan, Donostian. (Jon URBE | FOKU)

Ehun Euskal Errepublikaren aldeko mugimenduak salto kualitatibo bat ematera dei egin du, eta termino hauetan mintzatu da ‘Gu prest gaude’ manifestuan: «garaia heldu da Euskal Herriko errepublikanismoa gurpil zorotik atera eta burujabetza aldarrikatzetik, hau da, gure burujabetzak lapurtu dizkigutenei burujabetza horiek onartu diezazkigutela erregutzetik, praktikan jartzera».

Donostian larunbata honetan egindako agerraldi batean egin ditu adierazpenok plataforma herritarrak, non berretsi duen norbanako gisa zein komunitate moduan «aske jokatzen hasteko» garaia iritsi dela. «Burujabetza iraultzari hasiera eman behar diogu», erantsi dute.

Burujabe jokatzen hasteko hautua hartuta, ohartarazi dutenez «burujabetza iraultza» honek talkak sortuko ditu alor ezberdinetan, zehazki «gure burujabetzak berreskuratu nahi ditugunon eta gure burujabetzak lapurtuz pribilegioei eutsi nahi dietenen artean. Talka horrek sortuko duen konfrontazioa, konfrontazio egokia  izango  da  jendartea  mobilizatu, polarizazioa sortu eta euskal errepublikaren aldeko gehiengo aktiboa sortzeko».

Mugimenduaren iritziz, azken urte hauetan «independentismoak asmatu du burujabetzari  zentraltasuna eman  behar  zaiola  esaterakoan». Agerraldian adierazi dutenez, burujabetza falta da arazo nagusia. «Ezin baitugu edozein alorretan guk erabakitakoa aurrera atera. Ezin dugu, patriarkatuan, kapitalismoan eta Espainia eta Frantzia barruan bizi garelako, besteak beste», esan dute.

Hala, aipatu norabide horretan bere aletxoa jarri nahi duenari, Ehun-etik ekiteko aukera eman nahi diote «burujabetza iraultzaren protagonista izateko» lehioa zabalduz. Horretarako, martxoaren 19 honetatik aurrera ehun.eus atarian izena emateko epea zabaldu dute.

Azkenik, iragarri dute datorren maiatzaren 14ean Donostian Ehun-ek eskainiko duen ekitaldi publikoan burujabetzak praktikara eramaten hasteko izena eman duten pertsonen aurkezpena egiteaz gain, lehenengo burujabetza ekintza zein izango den eta noiz izango den argituko dute. «Hasi da burujabetza iraultza eta zu zara protagonista. Gu prest gaude», berretsi dute.