Arnaitz Gorriti

Campus Prometeren erraztasunei esker, IDK Euskotrenek nahi bezala irabazi du (57-39)

Kopako final-laurdenak jokatu aurreko azkenengo neurketa erraz eraman dute Azu Muguruzarenek, Lauren Coxen 22 puntuei esker eta Logroñoko taldeak ez duelako batere asmatu. Donostiarrek hamabosgarren garaipena lortu dute eta bosgarren lekuan egonkortu dira sailkapenean.

Ezinhobeto burutu du IDK Euskotrenek Kopa jokatu aurreko bidea.
Ezinhobeto burutu du IDK Euskotrenek Kopa jokatu aurreko bidea. (Gorka RUBIO / FOKU)

IDK EUSKOTREN 57 - CAMPUS PROMETE 39

Beste kontu bat izango da datorren ostegunean, Kopako final-laurdenetan, Perfumerias Avenidaren aurka jokatzen duenean, baina egia esan, ezin da modu hobean iritsi Kopara IDK Euskotren. Donostiarren defentsak Logroñoko Campus Promete ito du eta erasoan, talde gipuzkoarrak oro har gauza handirik egin ez badu ere, Lauren Coxen 22 puntuei esker garaipen aparte eskuratu du.

Modu honetan, hamabosgarren garaipena lortu du talde donostiarrak, eta sailkapenean bosgarren postuan bermatu da. Bide batez, Kutxabank Araskiri eta zapatu honetan partidarik jokatzeke geratu den Lointek Gernika Bizkaiari mesede egin dio.

Atsedenaldiaz geroztik apurtu da dema Azu Muguruzak zuzentzen duen taldearen alde. Hasieratik ikusi da ez zela Josean Gascako partida saskiratzen blai amaitzen duten horietakoa eta atsedenaldira markagailua 25-21 dela iritsi da. Beti ere donostiarrak aurretik izan dira, baina hain puntu gutxi sartuta, aurkariaren bolada on bat nahikoa izan zitekeen etxekoen asmoak hankaz gora botatzeko.

Ez da halakorik gertatu, zorionez. Campus Prometek Geldof eta Diarraren puntuak izan ditu, baina beste inorenik ez –Aina Ayuso antolatzaile katalanak 9tik 1 baino ez du egin, eta hori oso mesedegarria izan da donostiarrentzat–. IDK Euskotrenen Lauren Coxen puntuei Marian Coulibalyrenak ere gehitu zaizkio, eta Coxek, pibota izanagatik, hirukoetan egundoko inspirazioa aurkitu duelako, markagailua hautsi egin da.

Izan ere, Azu Muguruzarenek 20-10eko partziala lortu dute hirugarren laurden horretan, eta handik aurrera, mrkagailua 45-31 dela, maldan behera jarri zaio partida. Errioxako taldeak  17 hiruko bota eta bakarra sartu du, eta alde izan dituen jaurtiketa libre apurrak –hiru baino ez– denak kale egin ditu.

Hainbeste erraztasun izanda, IDK Euskotrenek ez du aukera pasatzen utzi eta garaipen erraza lortu du. Beste kontu bat izango da ziurrenik ostegunean, Perfumerias Avenidaren aurka.

Araskik gorantz jarraitu nahi du

Bestalde, igande eguerdian, 12.15ean, Kutxabank Araskik Estudiantesen kantxan jokatuko du. Asteazkenean Lointek Gernika Bizkaiari egurra eman eta gero, gasteiztarrek Emakumeen Ligako zortzi onenen artera hurbiltzea lortu zuen. Bide horretan, Estudiantes aurkari zuzen-zuzena da, arabarrek baino garaipen bat gehiagorekin bederatzigarren postuan baitago, bere aurretik dituen Kanaria Handia eta Loinbtek Gernika Bizkaiarekin berdinduta.

Puntu aldeari dagolionez, Kutxabank Araskik nahikoa egin zuen euskal derbian buelta ematea lortu eta gero, baina Estudiantesen aurka nekez lortuko du halakorik. Izan ere, madrildarrek Mendizorrotzan 57-93 irabazi zuten.

Ezin ahaztu, bestalde, Estudiantesek sekulako arazoak dituela lesioekin. Laura Quevedo hegaleko araskizale ohia aspalditik min hartuta dago, eta horri, haurdun dagoelako, Leslie Knight ere ez dago jokatzeko moduan. Ondorioz, azken aldian madrildarrek kalitate eta indar handia galdu dute eta hori baliatu lezake Madelen Urietaren taldeak partida bere aldera eramateko.