Goi mailako azterketa Eibarren lidergoarentzat

Armaginek Ponferradina bisitatuko dute igande honetan (16.00), Ipuruan irabazi duen aurkari bakarra. Arbilla eta Javi Muñoz Garitanoren deialdira itzuli dira.

Ponferradina Ipuruan irabazi duen bisitari bakarra da. Irudian, abuztuan jokatutako partida haren une bat.
Ponferradina Ipuruan irabazi duen bisitari bakarra da. Irudian, abuztuan jokatutako partida haren une bat. (Jaizki Fontaneda | Foku)

Azken txanpan aurreikusi daitekeen irteera zailenari ekingo dio igande honetan Eibarrek. Hasieratik markatutako erritmoari eutsi ahal izan dion Ponferradina bisitatuko du, Lehen Mailarantz beste urrats garrantzitsua emateko asmoarekin.

«Bertsio ezinhobea eskaintzen ez badugu, ezingo dugu partida irabazi», onartu du Gaizka Garitanok, bere taldeak behintzat bidea ezagutzen duela azpimarratuz. «Azken hilabeteotan etxetik kanpo ikusten ari garen Eibar izan behar dugu, gauzak oso ondo egiten ari baikara. Ea maila hori ematen dugun», esan du. Salbuespen argi batekin, noski. Aurreko irteera, hain zuzen ere, azken hamabi jardunaldietan sufritutako porrot bakarrarekin amaitu zen. «Cartagenan egindako akatsak zuzendu behar ditugu baina partida hori kenduta, azken hilabeteotan ibili garen bidetik jo behar dugu», esan du.

Ezinbestekoa izango da, izan ere, play-off postuetan tinko jarraitzen duen Ponferradina gainditzen saiatzeko, zortea edo kasualitatea ez dira sailkapena azaltzeko erabili daitezkeen argudioak. «Martxoan goian bazaude, gauzak ondo egiten dituzulako da», aldarrikatu du Garitanok, biharko aurkariak «gauzak oso ondo egiten» dituela esanez. «Entrenatzailearen marka nabarmena da, urte asko daramatza taldean eta gauzak egiteko era jakin bat dute». Baina, batez ere, Ponferradinaren lehiakortasuna azpimarratu du. «Eremu guztietara ondo moldatzen dira. Baloia jokatu behar dutenean ondo jokatzen dute, kontraerasoan oso arriskutsuak dira, estrategia jokaldietan oso ondo defendatzen dute… Une bakoitzan egin behar dutena egiten dute eta gainera, ondo egiten dute. Azken finean, sailkapenaren goialdean gauden taldeon ezaugarri bat da, moldatzen zarela; hau da, talde lehiakorra zarela».

Gauza bera esan daiteke Eibarri buruz eta horri eta bere jokalarien kalitateari esker, lidergoa defendatzera eta konfiantzarekin doa Ponferradara. «Oso sentsazio onak ditugu, ia hasieratik izan ditugu –azaldu du entrenatzaile gorri-urdinak–. Gure une hobeak eta okerragoak izan ditugu, batez ere joko aldetik, talde guztiek bezela. Konfiantza aldetik, gogo aldetik… Gero eta gutxiago falta da denboraldia amaitzeko eta taldea gogotsu dago».

Berritasunak daude Garitanoren deialdian. Beren zigorra bete eta gero, Arbillak eta Javi Muñozek taldekideekin bidaiatu dute eta, ziurrenik, hasierako hamaikakora itzuliko dira, Chema eta Atienza ordezkatuz. Baliteke, hala ere, madrildarrak taldean jarraitzea Javi Muñozen alboan jokatzeko. Kasu horretan, Exposito gorago kokatuko litzateke berriro, hiruko lerroan, eta Aketxe geratuko litzateke aulkian. Sergiok, bere aldetik, deialditik kanpo jarraitzen du –ez dago azalpen publikorik– eta oraingoan etxean utzi ditu Garitanok Etxeita eta Burgos, Franchu lesionatuarekin batera.

Aurkariari dagokionez, Dani Ojeda galduko du Jon Perez Bolok, zigortuta baitago eta Rios Reinaren zalantza dauka joan den astean hartutako kolpe gogorraren ondorioz. Entrenatzaile bizkaitarrak Garitanoren antzeko esaldia erabili du, Ponferradinak Ipuruan abuztuan lortutako garaipena –zelai armaginan irabazi duen bisitari bakarra da– errepikatzeko egin behar duena azaltzean: «Perfekziora ez bagara gerturatzen, ez dugu ezer lortuko. Oso ondo ez bagaude edo akatsak izaten baditugu, inolako aukerarik ez dugu izango», onartu du.

Bolok, hala ere, bere taldea edozein aurkariri aurre egiteko gai dela badaki, «denboraldi hasieratik erakutsi» duen bezela, «lanean eta umiltasunean oinarrituta». «Gauzak ondo egin ditugu, inork pentsatzen ez zuen lekuan egoteko. Argi dago orain aurkariek hobe aztertzen gaituztela baina horrek ere agerian uzten du taldeak oztopoak gainditzeko eta egoeretara moldatzeko egiten duen lana», esan du.

PONFERRADINA
Hasierako hamaikakoa: Amir; Paris, Copete, Pascanu, Pujol; Baeza, Erik Moran, Agus Medina, Naranjo; Yuri eta Enrich.
Bajak: Dani Ojeda, zigortuta.

EIBAR
Hasierako hamaikakoa: Cantero; Tejero, Venancio, Arbilla, Toño; Javi Muñoz, Exposito edo Atienza; Corpas, Exposito edo Aketxe, Stoichkov; eta Blanco Leschuk.
Deialdia: Correa, Quique, Sielva, Fran Sol, Llorente, Yoel, Rahmani, Glauder eta Chema.
Bajak: Franchu, min hartuta; eta Burgos, Etxeita eta Sergio.

Epailea: Moreno Aragon (Andaluzia)
Ordua: 16.00 (Movistar+/Vamos).
Zelaia: El Toralin.