Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Elkarrizketa
Lionel Joly Charrasse
‘Kontziente eta aske mundu digitalean’ liburuaren egilea

«Mugikorra hartzeko joera gure gogo-nahia dela uste dugu, baina ez da horrela»

1976an Avignonen (Estatu frantsesa) jaioa, Zarautzen bizi da. Soziolinguista da eta 20 urtetik gora darama ikerlari. Euskaltzaindiaren ‘Euskararen Historia Soziala’ egitasmoaren arduraduna eta Hiznet graduondokoan irakaslea da.

Lionel Joly, pantailen adikzioari buruzko bere liburuarekin, Zarautzen.
Lionel Joly, pantailen adikzioari buruzko bere liburuarekin, Zarautzen. (Maialen ANDRES | FOKU)

Oharkabean, ezinbesteko bihurtu zaizkigu pantailak. Biztanle gehienek esna dauden eguneko ordu gehienak haiei so ematen dituzte. Egoki erabiliz gero, tresna paregabeak dira. Alta, denbora luzea ematen dugunez horiekin, eragin handia dute gure osasun, ongizate eta jendartean. Gaiak interes handia piztu arren, ez da informazio egituraturik eskaintzen, ezta irtenbide osasuntsurik ere. Hori da, hain zuzen, Lionel Joly Charrasseren asmoa. ‘Kontziente eta aske mundu digitalean. Pantailei lotutako adikzioa: zein eragin ditu osasunean? Nola aurre egin adikzioari?’ liburua, frantsesez argitaratu duena, gertatzen ari dena ulertzeko informazio iturri bat izatea nahi du, hobeki bizitzeko baliabide bat.

Soziolinguista gisa, jendartearen portaerak aztertzen ditu eta ikusi duenez, urteotan gehien orokortu den jokaera da pantailen erabilerarena, adin talde guztietan. Gehienentzat telefonoa begiratzea lo hartu aitzineko azken ekintza da, eta goizean esnatzean egiten den lehena.

Horrek dituen ondorioez ohartarazten du hainbat ikerketa zientifikok eta horiek aztertu ditu Jolyk. «Datuak antzekoak dira Europan. Ipar Amerikan eta Asian altuxeagoak, baina norabide berean goaz». Egoera «oso kezkagarria» da. Frantziar eta espainiar estatuetan jendartearen herenak eta gazteen erdiek diote mendekotasuna dutela. Bost minutuero begiratu behar dute sakelakoa.

Indarkeria matxista

Irakasleak dioenez, Interneten ekoitzi eta kontsumitzen diren materialek hagitz ikuspuntu jakina ematen dute emakumeek izan beharko luketenari buruz. Mundu mailan Internetetik jaisten den materialaren %35 pornografikoa da. 2012ko ikerketa batean, 250 film pornografiko ikusienetatik 100 aztertu zituzten eta denetan agertzen zen bortizkeria. Indarkeria hori emakumeek soilik jasotzen zuten eta haien jarrera neutroa edo positiboa zen. «Inkontzienteki, hori barneratzen du ikusleak. Bereziki gizonek portaera batzuk normaltzat hartzen dituzte berez bortitzak direnak».

Jolyren arabera, pantailak gehiegi erabiltzeak ondorio larriak izan ditzake osasunean. Gehiegizko pisua izateko aukera %40 handitzen da eta anorexia izatekoa, %100. Loa eta begiak kaltetzen dira. Seulgo gazteen %96,5ek betaurrekoak dituzte horregatik. Minbizia izateko eta ez osatzeko arriskua ere handitzen da.

«Burmuinaren osaera fisikoa eta oreka biokimikoa ukituak daude. Epe motzean lortuko dugun saria indartzen da, epe luzekoak kontuan hartu gabe. Horrek balantze bat egiteko, borondatea edukitzeko eta modu arrazionalean ekiteko ahalmena mugatzen du. Bost ordu baino gehiago pantaila baten aurrean ematen dituzten gazteek arazo psikologiko larriak izateko arriskua dute. Horrekin lotuta, bost urtean %31 igo da suizidioen tasa AEBetan».

Eraginak maila pertsonalean eta jendarte mailan sumatzen dira: portaera matxistak, jendetasunaren gainbehera, drogen kontsumoa...

 

DOPAMINA
«Behin manipulatuta, gai batzuk oso erakargarriak zaizkigu eta, aldiz, ondoko errealitate fisikoak interesa galtzen du. Ez du hainbesteko dopaminarik sortzen»

«Askotan pentsatzen dugu gure smartphoneak hartzeko dugun joera gure gogo eta nahia dela. Baina ez da horrela. Arrazoi biokimiko batzuengatik eta manipulazio batzuengatik egiten dugu», ohartarazi du. «Gure energia mugatua denez, gure burmuinak indar gutxi gastatuz ahalik eta eraginkorrenak izateko automatizatu egiten ditu portaerak. Horretarako zigor biokimikoak ematen ditu: adrenalina, kortisola eta halako neurotransmisoreak, baita sariak ere, dopamina batez ere. Pantailak diseinatzen dituztenek badakite nola sortu sari horiek».

Tresna digitalak doakotasun eredu batean jaio direnez, dirua irabazteko gure denbora bereganatu behar dute. Neuromarketina eta portaeren ekonomia baliatzen dituzte horretarako. «Arazoa da, behin manipulatuta, gai batzuk oso erakargarriak direla zuretzat eta, aldiz, ondoan duzun errealitate fisikoak interesa galtzen duela. Ez du hainbesteko dopaminarik sortzen».

Poza eta beldurra

Bi gauza kontsumiarazten dituzte: poza eta beldurra. Zerbait edukitzeko nahia pizten dute eta hori estres bat da. Gerra irudiak ere estresagarriak dira eta ihesera eta informazioa biltzera garamatzate, biak pantailan.

«Burmuineko sari biokimikoak bost dira. Genomak jarraitzea baimenduko duen portaerak dira: arazo eta arriskuetatik ihes egitea; sexua edukitzea eta elikatzea; estatus sozial indartsua izatea; energia aurreztea; eta, aurreko guztiekin lotuta, informazioa edukitzea, hala jakingo dugulako non dagoen janaria, non deskantsatu, nola lortu estatus sozial hobea…».

Ikuspuntu politikoa

Soziolinguistak adierazi duenez, sari eta zigor biokimikoak erabiltzen diren moduan erabiltzeak gure ikuspuntu politikoaren norabidea finkatzen du. «Askoz kontserbadoreagoak gara. Mundu ikuskera ere aldatzen da eta gure gustuak moldatzen dira: zer iruditzen zaigun polita edo itsusia, zer interesgarria eta zer ez… Ikuspuntuak homogeneizatu eta polarizatu egiten dira».

Digitalizazioan lan egiten duten bost enpresa handienek (GAFAM) izugarri inbertitzen dute ikerketa eta garapenean. «Estatu bat balira, gehien inbertitzen duen bosgarrena lirateke, Estatu frantsesaren pare. Haien xedea ez da mundua hobetzea, baizik eta dirua lortzea».

Milioika erabiltzaile dituzte eta, adibidez, badute kolore baten edo bestearen erabileraren ondorioa zein den neurtzea zuzenean. Kolore aldaketa batek 200 milioi dolarreko irabaziak ekarri zizkion Google-i 2012an.

«Hala, ikaragarri mendekoak izatea lortzen dute, hainbeste sortzaileak eurak ere ez direla gai tresna horiei aurre egiteko. Ez dira jolasten, bestela mendeko bihurtzen dira. Umeei ere ez diete uzten eta heziketa bat ematen diete, guk normalean egiten ez duguna. Frogatuta dago: mugimendua behar da ikasketa prozesuan, eta pantailak kaltegarriak dira».

 

ONDORIOAK
«Ezin da pentsatu umeekin gerrari so afaltzeak ez duela ondoriorik edukiko»

«6 urteko umeak ez lirateke egon beharko ordu bat baino gehiago pantaila aurrean; 12 urterekin, bi ordu, eta 20 urterekin, hiru. Askoz proportzio altuagoetan gaude: 18 urtekoek batez beste zazpi ordu ematen dituzte». Adierazi duenez, halako zifrez galdetzean geure burua lasaitu nahi izaten dugu, erranez ordu gutxiago ematen dituztela gure umeek. Baina «orokorrean ikusi behar dira gauzak eta zer begiratzen den konturatu. Ezin da pentsatu umeekin gerrari so afaltzeak ez duela ondoriorik edukiko».

Hegazkina baino kutsakorrago

Aztarna ekologikoa ere ez da makala. «Ekonomia digitalari lotutako berotegi efektuko gasaren isuria munduko hegazkin guztiek sortzen dutena baino handiagoa da. Eta 2025ean ia lau aldiz handiagoa izango da».

 

ENERGIA
«Googlen bilaketa bat egiteak kafe katilu erdi bat berotzeak bezainbesteko energia eskatzen du»

Bitcoinen energia erabilera Danimarkak egiten duena baino handiagoa da. Googlen bilaketa bat egiteak kafe katilu erdi bat berotzeak bezainbesteko energia eskatzen du, eta e-mail bat bidaltzeak 20 watt-eko argi bat ordubete piztuta uzteak adina kontsumitzen du.

«Jasotzen dugun informazioa modu digitalean jasotzen dugu, eta otsoak ardia jan nahi duenean ez dio esaten jan nahi duela, bestela ihes egingo duelako. Orduan, ez zaigu informaziorik iristen. Ez hori bakarrik: dugun gainkarga kognitiboagatik, informazio bat jasotzen dugunean ahaztu egiten zaigu, hurrengo informazioak desplazatzen du; are errazago, ez badugu aldatu nahi. Gure sistemak barneratua du: ‘Horrela bizirik irauten baduzu, horrela jarraitu’».

Maila ekonomikoan, mugikorra hartzeko joera dugunez hainbat aldiz eteten dugu lana eta horrek ikaragarrizko galerak ekartzen dizkio industriari; %28koak, Ipar Amerikan.

«Kontziente izanez gero, gure bizitza oreka dezakegu»

Lionel Jolyren iritziz, «irtenbideak badaude eta, kontziente izanez gero, gure bizitza oreka dezakegu». Soziolinguistaren planteamendua «oso baikorra» da. Bestela ez luke “Kontziente eta aske mundu digitalean” idazteko lanik hartuko. «Arazo bati aurre egiteko bere jatorria jakin behar dugu. Liburuak informazioa ematen du: non gauden pantailen erabilerari dagokionez, ondorioak zeintzuk diren, zergatik gauden horrela. Behin hori guztia dakigunean, kontziente izango gara. Momentu horretara arte alienatuta egongo gara, gure gogo-nahia dela pentsatuz».

Gaineratu duenez, «pantailak oso tresna baliagarriak dira, mesede handiak egiten dituzte, baina ezin ditugu etengabe, neurririk gabe erabili, bereziki atzean hain industria indartsua dagoela jakinda».

Liburuaren azken partean, plangintza batzuk proposatzen ditu. «Ez dira zailak, baina auzia ulertu behar da. Tabakoarekin gertatu zen; hasieran ezinezkoa zirudien, baina gaur egun jende mordoak utzi du. Oso garrantzitsua da gizartearen testuingurua. Prozesu bat da eta bakarrik bagaude askoz zailagoa izango da burutzea jende gehiagorekin baino». Hortaz, norbera hastea eta gero ingurukoekin partekatzea  da teknika bat.

Beste gakoetako bat da tarte batzuk eskaintzea pantailarik gabe egoteari. «Goizeko aurreneko orduak eta gaueko azken orduak oso garrantzitsuak dira. Goizean goiz egiten duzun lehendabiziko gauza telefonoa hartzea bada, burmuina ohitzen duzu gainkarga horiekin funtzionatzera. Kontziente izan behar duzu nola sentitzen zaren. Kontzienteki inkontzienteari aurre egitea da. Erraztu egin behar ditugu gauzak. Modu bat izan daiteke telefonoari kolorea kentzea. Edo iratzargailu arrunt bat erabiltzea mugikorraren ordez. Gosaltzea eta pantailarik ez begiratzea dibertsioari lotuta».

«Hain nabarmenak dira hobekuntzak bizi kalitatean, non normalean aurrera egiteko joera dagoen», animatu du.

Soziolinguistak liburua irakurtzea gomendatuko luke, «alienazio horretan ez bizitzeko, dena ukitua dagoelako, maila politikoan. Manipulazio bat da, gure eboluzioari lotuta dauden joera batzuena», baieztatu du.