NAIZ
BILBO

Bilboko Metroak ohiko maiztasuna berreskuratuko du astelehen honetan

Iragan otsailaren 7tik eskaintzen ari den zerbitzu murriztuari amaiera emango dio eta Bilboko Metroak astelehen honetan ohiko zerbitzuen %100a eskainiko die erabiltzaileei doikuntza eragin zuten arrazoiak desagertu ondoren.

Bilboko Metroak ohiko maiztasunaj berreskuratuko ditu sei astez murriztu ondoren.
Bilboko Metroak ohiko maiztasunaj berreskuratuko ditu sei astez murriztu ondoren. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bilboko Metroak neguko ordutegiko ohiko maiztasunak berreskuratuko ditu astelehen honetan, martxoak 21, pandemiaren eraginez zerbitzua sei astez murriztu ondoren. Egungo eskaria %87,5 ingurukoa da 2019ko bidaiarien datuekin alderatuta, eta goizeko puntako orduetan %90era hurbiltzen da.

Bizkaiko metroak jakinarazi duenez, hasieran aurreikusitako data baino bi aste lehenago ekingo dio berriro ohiko maiztasunari, eta astelehenetik aurrera «ohiko zerbitzuaren %100» eskainiko die erabiltzaileei.

Horrela, otsailaren 7tik eskaintzen ari den zerbitzu murriztuari amaiera eman dio, «pandemiaren ondorioz bizi izandako mugikortasunaren murrizketa orokorraren ondorioz bezero-bolumen txikiagoa artatzeko beharragatik, baita azken olatuak gizartean oro har eta Metro Bilbaoko langileengan izan zuen inpaktu handiagatik ere», adierazi du enpresak ohar bidez.

Neurri hori egoeraren arabera iragarri zen, lau eta zortzi aste bitarteko iraupenarekin. Sei astez indarrean egon ondoren eta «doikuntza hori eragin zuten arrazoiak neurri handi batean gainditu ondoren», Metroak bere ohiko zerbitzua berreskuratzea erabaki du.

Une honetan, Bizkaiko metroak %87,5 inguruko eskaerari erantzuten dio 2019ko datuekin alderatuta, pandemiaren aurreko azken urtean jaso zirenak. Goizeko puntako orduetan, alegia, 7:00etatik 9:00etara, ehuneko hori ia %90era igotzen da.

Bestalde, Bilboko Metroak azaldu du koronabirusari aurre egiteko neurriak aplikatzeko protokoloa baliozkotu duela berriro: trenek 3,5 minutuero berritzen dute barruko airea eta gel-hidroalkoholikoaren banagailuak mantenduko dira geltokietan. Gogoratu duenez, musukoak erabiltzea derrigorrezkoa da instalazio guztietan.