NAIZ

Pablo Gonzalez, hiru aste Polonian preso eta abokatu zein senideekin hitz egin ezinik

Astelehen honetan hiru aste bete dira Ukrainako gerraren ondorioen inguruko jarraipena egiten ari zela Pablo Gonzalez kazetaria atxilotu eta espetxeratu zutela. Ordutik, ez familiak eta ez haren konfiantzazko abokatuak ezin izan dute harekin harremanetan jarri. 

Pablo Gonzalez, bere sare sozialetan jarritako artxiboko argazki batean.
Pablo Gonzalez, bere sare sozialetan jarritako artxiboko argazki batean. (@PabVis)

Joan den otsailaren 28a, duela hiru aste, izan zen Pablo Gonzalezen familiak harekin hitz egin ahal izan zuen azken eguna. Dei labur bat izan zen, Poloniatik egina. Ukrainako mugatik gertu gerraren ondorioen berri ematen ari zela atxilotu egin zutela adierazi zion orduan Oihana Goiriena bikotekideari.

Geroztik Gonzalezen senideek zein haren abokatuak, Gonzalo Boyek, berarekin harremanetan jartzeko egin dituzten ahalegin guztiek ez dute emaitzarik eman.

«Poloniako agintariek ezkutatzeko ezer ez balute, utziko ziguten bera ikusten», salatu du Boyek astelehen honetan sare sozialetan.

Babesgabetasun egoera hori are larriagoa da, kontuan hartuta leporatzen dioten espioitza-delitua urtebete eta hamar urte arteko espetxealdiarekin zigortuta dagoela Polonian. Behin behinean hiru hilabeteko kartzelaldia ezarri zioten, baina oraindik ez dago epaiketarako datarik finkatuta. 

Bi aste igaro behar izan ziren Poloniako Justiziak ofiziozko abokatu bat jar ziezaion, Elzbieta Wilska-Szpiech, baina egoerak ez du apenas hobera egin: abokatuak berak zailtasunak ditu kasuaren dokumentazioa eskuratzeko eta, gainera, Boyek ezin izan du berarekin modu eraginkorrean komunikatu: «Mezu luze bat idatzi nion, ingelesez eta polonieraz, datu batzuk eskatuz eta beste batzuk emanez. Erantzuna hauxe izan da: ‘Yes, I am Pablo’s lawyer’ [Bai, Pabloren abokatua naiz]», Boyek ‘Huffington Post’ digitalari azaldu zionez.

Espainiako Gobernuaren arabera, laguntza kontsularra jasotzen du NAIZeko eta beste hedabide batzuetako (Publico, La Sexta, Efe agentzia…) kolaboratzaileak, baina horrek ere ez du balio izan bisitak jasotzeko edota inguruekin telefonoz harremanetan jarri ahal izateko.

Polonian atxilotu baino aste batzuk lehenago, Ukrainako inteligentzia zerbitzuek Pablo Gonzalez galdekatu zuten, «errusiazalea» izatea leporatzen leporatuta, eta herrialdetik alde egiteko gonbitea egin zioten, baina kanporatzeko agindurik eman gabe.

Horrekin guztiarekin batera Espainiako Estatuaren eta Inteligentzia Zentro Nazionalaren (CNI gazteleraz) papera ere aipatu behar da. Margarita Robles Defentsa ministroak Kongresuan adierazi zuen Pablo Gonzalez eta bere ingurua ikertu zituztela, baina haren egungo egoerarekin loturarik izatea ukatu zuen eta honakoa gaineratu zuen: «Kazetariaren errugabetasun-presuntzioa errespetatzen dut».