NAIZ

EHUko Errektoretzan eserialdia egin du Ikasle Abertzaleakek, ostegun honetako grebara deituz

Ikasle Abertzaleakeko kideek EHUko Leioako campuseko Errektoretzan sartu eta eserialdia egin dute ordubetez astearte goiz honetan. «Unibertsitateko erabaki-organoak bizi dugun egoeraren erantzule zuzenak direla» seinalatu eta ostegun honetako grebara deitu dute.

Ikasle Abertzaleaken eserialdia EHUko Errektoretzan.
Ikasle Abertzaleaken eserialdia EHUko Errektoretzan. (Ikasle Abertzaleak)

Leioako Campusean dagoen EHUko Errektoretzan sartu eta eserialdia eign dute astearte goiz honetan Ikasle Abertzaleakeko kideek. Ekintza honekin, «unibertsitateko erabaki-organoak bizi dugun egoeraren erantzule zuzenak direla» salatu eta ostegun honetarako antolatu duten greban parte hartzeko deia luzatu dute ikasleek.

‘Hezkuntza erreformak gelditu’, 'hezkuntzaren gaineko langile kontrola’ edo 'UPV burgesiaren morroi' bezalako leloak oihukatu dituzte errektoretzaren barruan.

Izan ere, hezkuntzan ezarri diren erreformen aurkako greba deitu dute ostegun honetan. Lege bakoitza hezkuntzako eremu batean ezarriko da: LOMLOE Bigarren Hezkuntzan, LOSU unibertsitateetan eta Lanbide Heziketako plana Lanbide Heziketan.

«Unibertsitatean, LOSUrekin, etekin ekonomikoa bermatzen duten graduak bultzatuko dira, bestelako graduak pixkanaka deseginez», azaldu dute IAko kideek.

Lau manifestazio egingo dituzte egun horretan, 12.00etan: Bilbon Eliptika plazatik, Donostian Ibaetako campuseko Aulariopetik, Gasteizen Andra Mari Zuriaren plazatik, eta Iruñean Antoniuttitik.

«Beharrezkoa da hezkuntza sistema sozialistaren alde indarrak metatzea eta hezkuntza burgesaren aurrean alternatiba bat posible dela gizarteratzea», adierazi du Ikasle Abertzaleak antolakundeak.