NAIZ

Martxoan hiru greba egun deitu dituzte EAEko hezkuntza publikoko sukaldari eta garbitzaileek

Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko hezkuntza publikoko sukaldeetako eta garbiketako langileek greba deitu dute martxoaren 29, 30 eta 31n. Sektoreko behin-behineko langileak egonkortu daitezela aldarrikatuko dute.

Martxoan deitu dituzten greba egunak iragartzeko ELAren egoitzan egindako agerraldia.
Martxoan deitu dituzten greba egunak iragartzeko ELAren egoitzan egindako agerraldia. (ELA)

EAEko hezkuntza publikoko sukaldeetako eta garbiketako langileek grebako hiru egun iragarri dituzte martxoaren 29, 30 eta 31n. Arrazoien berri eman dute astearte honetan: behin-behineko langileak finka daitezela eskatzeko eta ordezkapenik ez dagoela salatzeko, sukaldaritza- eta garbiketa-zerbitzuen %90 pribatizatuta dagoelako eta behar adina baliabide ez direlako erabiltzen.

Sektore horretako 700 langile inguru biltzen dituen kolektiboak lanuzteen deialdi honen berri eman du ELAren egoitzan egin duen agerraldian.

Agerraldian gogorarazi duten bezala, langileek otsailean 600 sinadura aurkeztu zituzten Lakuan, sare publikoko sukaldeetan eta garbiketan lan egiten duten langileak ordezkatzen ez zirela salatzeko. Aldi berean, ELA sindikatuak eskatu zuen mahai sektorialerako deialdia egitea, sendotze prozesu bat abian jartzeko.

Hala ere, gaineratu duten bezala, Lakuak sektoreko 700 langileen eskaerei «bizkarra ematen» jarraitzen du, eta, beraz, greba-deialdia egin behar izan dute.

ELAk nabarmendu duenez, «hezkuntza publikoko sukaldaritza- eta garbiketa-zerbitzuen %90 pribatizatuta dago eta, oraindik publikoak diren zerbitzuetan, behin-behinekotasuna %70etik gorakoa da».

Haren iritziz, «egoera ezegonkor hori pribatizazioen aldeko apustu politikoaren ondorioa» dela deitoratu du eta nabarmendu ELAk «urteak» daramatzala lanean «behin-behineko langileak egonkortzeko eta pribatizazioari ateak ixteko, bai bide legaletik bai juridikotik».

Mahai sektoriala deitu gabe

Esan dutenez, orain, Icetaren Legea aplikatzearen ondorioz, «zirrikitu bat irekitzen da aldi baterako lanpostuak finkatzeko». Hala ere, salatu du Gasteizko Gobernuko Hezkuntza Sailak oraindik ez duela mahai sektoriala deitu, «nahiz eta prozesuan aterako diren plazak ekainaren 1a baino lehen aurkeztu behar diren».

«Jarrera hori arduragabea da eta bere helburu bakarra plantillaren antolaketa eta mobilizazioa zailtzeko prozesua moteltzea da», esan dute langileek. Era berean, adierazi dute «beharrezko» ordezkapenak ere ez direla egiten; izan ere, behar adina baliabide ez direnez erabiltzen, «ordezkapenak ez dira garaiz egiten, eta egiten direnak berandu egiten dira».

Sindikatuaren datuen arabera, irailetik hona, batez beste, 50 egun egon dira eskola bakoitzean pertsona bat gutxiagorekin lan egiten.

Gauzak horrela, erabaki dute hiru eguneko greba egitea sukaldeetan eta hekuntza publikoaren garbiketan.