Ladis Galarzak ez du partida gehiagorik jokatuko profesional gisa. Aspek ez dio kontratua berrituko Baraibarko atzelariari eta printzipioz larunbat honetan Labriten agur partida bat jokatzekoa bazen ere –hala iragarri zuen enpresak– atzelariak eskuko mina omen du eta ez da debuta egin zuen pilotalekuan jokatzeko moduan izango.
31 urterekin, bera zen Aspeko pilotaririk beteranoena eta Oinatz Bengoetxearen agurraren ostean baita koadroko zaharrena ere. 2009ko uztailaren 12an, sanferminetan egin zuen debuta, Asier Berasaluzerekin batera, 15-18 galdu zuten Olaetxea-Eskuderoren aurka. Uneka bolada onak izan baditu ere, nafarrak oso ibilbide gorabeheratsua izan du eta nekez eman du beragandik espero zen jokoa. Kolpe izugarrizko atzelaria izan da, baina ia inoiz ez du jarraikortasunik izan bere jokoan eta huts gehitxo pilatu ditu lehen mailan puntan aritzeko. Horren erakusle, bere ibilbidean bi enpresa aldaketa egin izana, oso gutxitan ematen den zerbait. Aspen eman zituen bere lehen lau urteak eta 2013an garaiko Asegarcek fitxatu zuen, baina bi urteren buruan Eibarko enpresara itzuli zen berriz.
Buruz buruko lehiatan tokirik gabe, Binakakoa izan da Galarzaren txapelketa eta denera bost aldiz aritu da titular gisa. Oinatz Bengoetxearekin egin zuen debuta 2014an eta ordutik hona, Urrutikoetxea, Ezkurdia, Altuna III.a eta berriz ere Ezkurdiarekin aritu da. Iazko Binakakoan baino ez zuen finalerdietara sailkatzerik lortu eta aurten txapelketatik at geratu ostean, bere kontratua ez berritzea ez da ezusteko bat izan.
Plantila berritu
Izan ere, azken hilabeteetan Andoni Gakue eta Aaron Arbizu fitxatu ditu Aspek atzeko koadroetarako eta egungo jaialdi murrizketekin espero zen atzelariren batek enpresa utzi behar izatea. Momentuz, Ladis Galarza izan da jakitera eman duten lehena, baina pentsatzekoa da ere, oraintxe min hartuta dagoen Alvaro Untoriak re nekez jarraituko duela profesional gisa.
Eta plantilla berritzeko asmo horretan, Aaron Arbizuk ere badu debuterako data, leku eta partidarik. Etxarri-Aranatzeko atzelariak Irurtzunen jokatuko du bere profesionaletako lehen partida, honek ere Joseba Ezkurdiarekin, Elordi eta Martijaren aurka, apirilaren 8an.