Asier Aiestaran

Neguko Gernikako olatua udan Euskal Herri osora zabaldu nahi du Jai Alai WT zirkuituak

Lau Grand Slam antolatuko dira Donostian, Markinan, Gernikan eta Hondarribian, eta torneo horietako bikote onenek lauko final bat jokatuko dute elkarren aurka. Buruz buruko txapelketak ipiniko dio amaiera maiatzetik abendura luzatuko den egutegi erakargarriari.

Bilboko Itsas Museoan egin dute udako Jai Alai World Tour zirkuitoa.
Bilboko Itsas Museoan egin dute udako Jai Alai World Tour zirkuitoa. (NAIZ)

Gaur aurkeztu dute Bilboko Itsas Museoan 2022ko Jai Alai World Tour zirkuitoa. Gernikako Winter Series lehiaketak izan duen arrakastari jarraipena eman nahian, maiatzetik abendura arte luzatuko den txapelketa sorta prestatu dute Jai Alive eta Gernika Jai Alai zesta-puntako enpresek Munduko Pilota Batzarrarekin batera.

Zirkuitu nagusia Grand Slam izeneko lau torneok osatuko dute. Donostiakoa maiatzaren 14tik ekainaren 11ra jokatuko da, Markinakoa ekainaren 18tik uztailaren 16ra, Gernikakoa uztailaren 23tik abuztuaren 16ra eta Hondarribiakoa uztailaren 15etik urriaren 1era. Ondoren, lauko final bat egongo da txapelketa horietako irabazleekin.

Grand Slam bakoitzean sei bikotek hartuko dute parte, hiruko bi multzotan banatuta. Zortzi pilotarik txapelketa guztietan hartuko dute parte: Aritz Erkiaga, Iñaki Osa Goikoetxea, Diego Beaskoetxea eta Jean Olharan aurrelariek eta Imanol Lopez, Unai Lekerika, Nicolas Etcheto eta Jon Zabala atzelariek. Txapelketa bakoitza osatzeko behar diren beste lau puntistak aldatzen joango dira.

Binakako lehiaketa horiek amaitzean, buruz buruko txapelketaren txanda izango da, aurten ere oso-osorik Berriatuan jokatuko dena abenduaren 2tik 30era.

Antolatzaileek argi dute Gernikako arrakasta kirol hutsetik haratago doala, eta horregatik bertako formula beste lekuetara eramaten saiatuko dira, pilota jaialdiak ikuskizun zabalago batean bilakatuz, musikaren edo beste elementu batzuen laguntzarekin.

«Olatu handia izan da harrapatu duguna. Gernikakoa gertutik bizitzeko aukera izan dut, baina kanpotik bizitzekoa batez ere, eta ikusi dut zesta pastel osoaren ginda dela, zati bat, baina pastela handiagoa dela. Musika dago, gastronomia, edaria, giroa, jende gaztea… eta zesta-punta. Nik hau gozatu nahi dut ahal dudan heinean, baina batez ere atzetik datozenentzat da garrantzitsua», adierazi du Imanol Lopezek aurkezpen ekitaldian.

«Badakigu Gernikakoa errepikatzea zaila izango dela, baina ea beste herrietan ere jende gehiago hurbiltzen den zesta ikustera», aipatu du Aritz Erkiagak. «Egutegi betea daukagu eta aurrez zer edukiko dugun jakiteak lasaitasuna ematen du ongi prestatzeko», gaineratu du.

«Pozik nago nirekin kontatzen dutelako. Partida asko pilatuko dira, apirilean Iparraldean beste torneo bat daukagulako eta udan, uztailean eta abuztuan, Donibane Lohizune, Biarritz eta Pauek torneo bateratua antolatuko dutelako berriz. Baina honetarako prestatzen gara», eskertu du bere aldetik Jean Olharan aurrelariak.