4x400 metro erreleboetako lasterketak ikusgarriak izaten dira beti. Atletismo pistari itzuli osoa luze egiten da eta indarrak gaizki neurtuz gero, azken metro horietako agonia ikustea bera oso zaila egiten da, zer esanik ez agonia hori bere gorputzean daraman koitaduari, derrigorrak eta borondateak baino askoz pisu handiagoa hartzen baitute azken ehun metro amaiezin horietan azido laktikoak eta aurkarien abildadeak. Batez ere atzetik aurrera lasterka joan behar diren horiek azken zuzengunera arteko lan bikaina sarritan amildegian behera erortzen ikusten dute, azken metro horietan indarrik gabe geratzen direlako. Aldiz, aurkaria norbera baino arinago eteten denean, sufrimenduari ere gozamena aurkitzeko astia topatzen du errelebo emaileak, kirolari loturiko masokismo arraro horretan.
«Gure filisofia orain Euroligako play-offetan sartzea da», bota zuen hitzetik hortzera Neven Spahijak asteazken gauean Bitci Baskoniak Fenerbahçe 77-62 gainditu ostean. Euroligako azken lau jardunaldiak segidan irabazi ditu talde gasteiztarrak; horri esker eta Errusiako taldeak lehiaketatik at lagatzeari esker –Fenerbahçek, esaterako, sekulako kaleta jasan du errusiarren aurkako emaitzak kontuan ez hartzeko erabaki horrekin; Baskoniarekin batera, Municheko Bayern-ek ere mesede galanta izan du–, Top 8 amestua garaipen bakarrena dago. Hau da, Saski Baskoniak 11 garaipen pilatu ditu eta sailkapen nagusiko hamargarren posturaino igo da, Izar Gorriarekin berdinduta –eta puntu aldea gasteiztarren alde, kasu honetan–, eta seigarren, zazpigarren eta zortzigarren diren Bayern, Maccabi eta Monacorengandik garaipen bakarrera.
Baina Belgradeko Lauko Finalera begira zein aurkari letorkiokeen hobeto pentsatzen eta txakur ametsetan hasi baino lehen, kontu bi hartu behar dira aintzat gasteiztarren sailkapenari dagokionez. Batetik, Saski Baskoniak dagoeneko 26 partida jokatu ditu; hau da, bi partida gehiago bakarrik dagokio jokatzea, ostiral honetan Monacoren etxean 19.00etan eta apirilaren 1ean Buesa Arenan Zalgiris Kaunasen aurka. Zalgiris bera, matematikoki kanporaturik dagoen taldea eta Olympiacos, matematikoki play-offetan lekua irabazi duena bera, dira Baskoniak adina partida jokatu duten bakarrak.
Alegia, gasteiztarren aurkari zuzen guztiek Baskoniak baino partida gehiago jokatuko dituztela aurreneko fasea amaitu arte. Bayernek, Maccabik, Fenerbahçek eta Alba Berlinek bost jokatu behar dituzte; Izar Gorriak lau eta Monacok hiru. Ondorioz, Baskoniak jokatu behar dituen biak nahitaez irabazi behar dituen moduan, bere arerioek hanka sartzeko tarte apur bat badute oraindik.
Bigarren kontua, berriz, averagea edo puntu aldeari dagokiona da. Baskoniak Alba Berlini eta Izar Gorriari puntu aldea irabazi die; ez ordea Maccabi, Bayern eta Fenerbahçeri, eta ikusi egin behar Monacoren aurka zer jazotzen den. Joaneko partidan gasteiztarrak, Dusko Ivanovicen aginduetara oraindik, 78-66 nagusitu ziren eta puntuen aldea gasteiztarren alde erortzea ezinbestekoa izan liteke Mike James eta enparauak Euroligako zortzigarren postutik kentzeko.
Hauxe bai, finala
Alabaina, kasu honetan Monacorekiko puntu aldea arabarren alde izateak ez luke ezertarako balioko, esterako, Eurocupeko egungo txapeldunak 80-70 irabaziko balu. Bai, puntu aldea gasteiztarren alde geratuko litzateke, baina Baskonia 11 garaipenekin eta Monaco 13rekin, eta arabarrak partida bakarraren faltan. Alegia, kirol kazetaritzak «final» adjektiboa finalak ez diren neurketei behar baino sarriago ezartzen badie ere, Montecarlon ostiral arratsaldean (19.00etan) jokatuko den norgehiagoka, komatxorik gabe, final bat da Baskoniarentzat.
«Etxean bakarrik irabazita ezinezkoa da gorenera iristea», bota zuen Fenerbahçeri irabazi berritan Neven Spahijak. Aspaldi, Gasteizen entrenatzaile zela antzekorik bota zuen Boza Maljkovic handiak ere. «Talde handien egiazko handitasuna etxetik kanpo antzematen da», bota zuen orduan, 2006/07 denboraldian Euroligako final-laurdenetan. Orduko hartan Baskoniak Olympiacos 2-0 menperatu zuen, Gasteizen eta Pireon irabazita, eta Atenasko Final Fourrerako sailkatu zen.
Esan bezala, halakorik pentsatzen jartzea lekuz kanpo dago 2021/22 denboraldiko Baskonia honentzat. Ezustean eta egoerak hala eraginda aukera bat zabaldu zaio, bere eskuan dagoena eginda ere; hau da, falta zaizkion bi neurketak irabazita ere, Top 8tik at geratu liteke, iazko Euroligan Valentzia Basketi gertatu zitzaion moduan: Baskoniari irabazi eta zortzigarren amaitu zuen... San Petersburgoko Zenitek bere etxeko lanak egin eta zortzigarren postu hori azken neurketan «ostu» zion arte.
Baina ez du oinarri faltarik Neven Spahijaren anbizio eta handinahiak. «Azken bost edo sei neurketetan aurkariak baino hobeak izan gara bigarren zatian. Fenerbahçeren aurka lan bikaina egin dugu, baina gogoan izan, esaterako, Real Madrili 52 puntu sartu genizkiola aldageletatik bueltan Madrilen», oroitu zuen Sibeniken jaiotako entrenatzaileak.
James vs Baldwin, orain bai
Ez da gauza bera ilusioa eta kea saltzea. Uneotan, aspaldiko partez Saski Baskoniak ilusioa saltzeko dauka; ezer ere ezin du irabazitzat jo, hori kea saltzen aritzea izango litzatekeelako, are gutxiago Monacoren aurka. Baskoniak Euroligako azken lau demak irabazi baditu, printzerriko taldeak azken bost neurketatik lau eraman ditu bere patrikara. Otsailaren 22an, Errusiako taldeek aurtengo Euroligan jokatu duten azken jardunaldian, Top 8an murgilduta zegoen Unics Kazani 79-76 irabazi zion. Ostean, Fenerbahçeri 92-78 nagusitu zitzaion Sasa Obradovicek zuzentzen duen taldea, eta Bartzelonaren aurka Palau Blaugranan 88-83 galdu arren, azken bi neurketetan Anadolu Efesi, 102-80, eta Olympiacosi –asteazkenean, Gasteizko partida amaitu berritan– egurra eman die.
Batez beste 16,6 puntu saskiratuta, Mike James, Saski Baskoniako jokalari ohia da Monacoko izarra, aurtengo Euroligako saskiratzaile onenen artean dago –Vasilije Micic eta Nikola Miroticen atzetik– eta esan gabe doa Baskoniak gertuen lotu beharreko jokalaria bera izango dela.
Alabaina, oraingo honetan, aurreneko itzulian ez bezala, akaso Wade Baldwin onena izan lezake aurrez aurre. Aurreneko itzulian Baskoniak 78-66 irabazi zuen, baina orduko hartan ez zen Mike James eta Wade Baldwinen arteko buruz burukorik ia izan. Baldwin eskolta lanetan ari zen jokatzen eta sei puntu baino ez zituen saskiratu, nahiz eta bere lekuan Fontecchio –10 puntu, 7 errebote eta 4 asistentzia bildu zituen italiarrak urriaren 22 hartan– Enoch eta Landry Nnoko nabarmendu ziren. Monacori dagokionez, 18 puntu sartu zituen Mike Jamesek, baina orkatilan min hartuta erretiratu beharrean izan zen, eta bere lekuan Bilbao Basketeko jokalari ohi Danilo Andjusic baino ez zen nabarmendu. Neurketa atsedenaldira 38-35 iritsi eta gero, 20-2ko partziala lortu zuen Baskoniak eta hantxe amaitu ziren Monacoren aukerak.
Ordutik hona Baskoniak gorabehera dexente bizi izan ditu dagoen lekura iritsi bitartean, baina azkenean Wade Baldwin onena aurkitu du, Fenerbahçeri 16 puntu jarraian sartu zizkion berbera, esaterako. Monacori dagokionez, entrenatzaile aldaketak, antza, hauei ere azkenean mesede egin omen die. Mike James ez ezik, Donatas Motiejunas beteranoa ere maila ematen ari da, bere gorputz zigortuak laguntzen dion heinean; Donta Hall pibota Dwayne Bacon hegalekoa eta Paris Lee antolatzailea ere maila aparta ematen ari dira, nahiz eta taldeko buruzagia betikoa den, Olympiacosi sartu zizkion 25 puntuak lekuko.
Esan gabe doa, beraz, Mike James eta Baldwinen buruz burukoa baino askoz gehiago izan beharko dela partidako gakoa, Fenerbahçe menpean hartzeko Fontecchioren azken laurden bikaina, errebotean gasteiztarrek erakutsi zuten nagusitasuna eta Arturs Kurucsek defentsan egindako lana gako izan ziren moduan Baldwinen 24 puntuez gain.
Beraz, nahitaez Baskoniak irabazi beharreko dema jokatuko du Monacon, Euroligako sorpresetariko baten aurka eta hanka sartzeko tarterik gabe. Azken lau neurketak irabazita moralez gainezka egongo dira gasteiztarrak, baina ikusi egin behar indarrak behar bezala neurtu ote dituzten, bestela, 4x400 metro erreleboen azken metroetan bezala, atzetik aurrera egindako lana eta gero hondoa jotzeko arriskua izango dute.