NAIZ

Igorreko kiroldegian piztutako sutea itzali dute suhiltzaileek

Igorreko polikiroldegiak su hartu du ostegun honetan, goizeko hamaikak pasatxo. Suhiltzaileak ingurura hurbildu dira, bi kamioirekin eta beste bi furgonetarekin. Eguerdi aldera sutea itzalita zegoen.

Suhiltzaileak Igorreko polikiroldegian egondako sutean.
Suhiltzaileak Igorreko polikiroldegian egondako sutean. (NAIZ)

Ostegun goiz honetako 11.00k aldera sutea piztu da Igorreko kiroldegiko saunan. Bizkaiko Suhiltzaileak bertaratu ostean, jendea kanpora atera eta sua itzali dute. Ordu erdi batean lortu dute sua itzaltzea.

Lehen datuek adierazten dutenez, koronabirusaren pandemiaren ondorioz sauna ez dute erabili Arratiako herri horretako kiroldegian eta hura martxan jartzen saiatu direnean piztu da sua.

Bizkaiko Suhiltzaileen arabera, sutea hasi eta berehala jaso dute abisua. Iritsi direnerako instalazioak hutsik zeuden eta itzaltze lanetan hasi dira. 12.00ak jotzeko minutu batzuk falta zirenean suhiltzaileek sutea itzalita zegoela jakinarazi dute sare sozialen bitartez.

Sua itzalita, eraikina errebisatzeari eta aireatzeari ekin diote suhiltzaileek.

Hiru hildako Okondon

Zorionez ondorio larririk izan ez duen sute hau gertatu baino ordu batzuk lehenago, Okondoko (Araba) baserri bat kiskali dute garrek. Familia bereko hiru pertsona (80, 82 eta 85 urteko hiru anai-arreba) zendu dira bertan.