Athleticek liga amaierako azken partidetan omenduko ditu San Mamesen Jennifer Zietz eta Ricardo Enrique Bochini. Klub zuri-gorriak ezagutarazi duen moduan, Atletico Madrilen aurkako partidaren hastapenean emango dio One Club Woman saria Zietz alemaniarra. Maiatzaren 1eko asteburuan jokatuko da partida, nahiz eta oraindik data eta ordutegia zehaztu gabe dauden.
Athleticen emakumezkoen taldeak Lezaman jokatuko du asteburu horretan UDG Teneriferen aurka. Partida horretan ere izango da futbolari alemaniarra. Jennifer Zietzek 38 urte ditu eta Potsdam hiriko 1. FCC Turbine taldean 17 denboralditan jokatu zuen, 1998tik 2015era. 332 partidetan, 97 gol egin zituen erdilariak eta bi Txapeldunen Liga, sei Bundesliga, hiru Kopa eta Eurokopa bat Alemaniarekin irabazi zituen bere ibilbidean. Malin Möstrom suediarraren eta Pia Wunderlich alemaniarraren ondoren Athleticen saria jasotzen duen hirugarren emakumea da.
Ricardo Enrique Bochini, Avellanedako Club Atletico Independiente taldeko jokalari mitikoa izandakoa, Valentziaren kontrako partidan sarituko du Athleticek San Mamesen. Maiatzaren 8ko astebururako ezarrita dago partida, data eta ordua zehaztu gabe dago oraindik. Argentinarrak 68 urte ditu eta 1985an San Mamesen jokatu zuen adiskidantzazko partida bat. 714 partida jokatu zituen 20 denboralditan, 108 gol eginez. Baina batez ere, pasegile bikaina zen. 1986an Munduko txapelketa irabazi zuen Argentinarekin.