NAIZ

Azerbaijanek Karabakh Garaia inbaditzeari ekin diola salatu du Armeniak

Azerbaijan Karabakh Garaiko eskualdean Errusiako Armadaren kontrolpean dauden guneetan indarrez sartzen hasi dela salatu du Armeniak. Bakuk ukatu egin du eta bere tropen «kokalekua zehazten» ari dela ziurtatu du.

Soldadu armeniar bat Karabakh Garaian, duela bi urteko gerran. (Aris MESSINIS / AFP)
Soldadu armeniar bat Karabakh Garaian, duela bi urteko gerran. (Aris MESSINIS / AFP)

«Azerbaijango indar armatuen inbasioa martxoaren 24an hasi zen, Askeran eskualdeko Paruj herrian, Errusiako tropa bakegileen ardurapeko eremuan», jakinarazi du Armeniako Kanpo Arazoetako Ministerioak ohar batean.

Bestalde, Karabakh Garaiko Defentsa Ministerioak azaldu du Azerbaijango Armadak bere soldaduei eraso egin ziela eta droneak ere erabili zituela. Bost soldadu azerbaijandar hilda eta sei armeniar zaurituta egongo lirateke, iturri honen arabera.

Erevango Gobernuak ohartarazi du egoera «oso larria» dela eta gaineratu du espero duela su-etenaren bermatzaile gisa jarduten duen Errusiak neurriak hartuko dituela «Azerbaijango indar armatuen unitateak berehala erretiratzeko» errusiar kontingentearen erantzukizun-eremutik.

Bide batez, Karabakh Garaiko herriaren eskubideei eraso egin diela argudiatuta, Azerbaijanen aurka berehalako neurriak har ditzan eskatu dio Giza Eskubideen Europako Auzitegiari.

Bakuk, bere aldetik, ukatu egin du droneak erabilita liskarrak izan direnik eta «indarra erabili gabe, gure efektiboen kokapen puntuak zehazten» ari direla ziurtatu du.

«Alde armeniarren informe probokatzaileak gezur hutsa dira», Azerbaijango Gobernuak gaineratu duenez.

Hala ere, argi dago egoerak okerrera egin duela eta Serguei Shoigu Errusiako Defentsa ministroak Armeniakoarekin, Suren Papikyanekin, eta Azerbaijangoarekin, Zakir Hasanovekin, hitz egin du azken orduotan.

Armeniako Kanpo Arazoetarako ministroa, Ararat Mirzoyan, AEBetako Estatu idazkariaren ondokoarekin, Karen Donfriedekin, mintzatu da telefonoz.

2020ko gerra eta egun Ukrainiakoa

2020. udaberriko gerraren ondorioz, Armeniak Karabakh Garaiko eta inguruko lurraldearen bi herenak galdu zituen.

Karabakh Garaia eskualde armeniarra Azerbaijanen menpe zegoen Sobietar Batasunaren aroan. Honek porrot egitean armeniarrek berreskuratu zuten eta inguruko herri azerbaijandarrak okupatu zituzten «segurtasun-eremuaren» izenean, bertako herritarrak kanporatuz.

Turkiaren laguntzarekin Azerbaijanek 2020ko azaroan gerra irabazi zuen eta su-etena sinatu zuten bi aldeek. Bakuk, hala ere, ez dio presio egiteari utzi ordutik.

Ukrainiako gerra baliatuko ote duten beldur da Armenia, Errusia bere gerran buru-belarri sartuta baitago une honetan.

Aurreko astean Karabahk Garaira gasa eramaten duen gasbidea kaltetzea leporatu dio Erevanek Bakuri. Gertakariaren ondorioz, 120.000 pertsona berotzeko aukerarik gabe geratu ziren eta, gainera, nazioarteko erakunde humanitarioei ez diete bertan sartzen uzten.